2020ko urtarrilaren 9a

NUPeko Osasun Zientzien Fakultatearen eraikin berrirako proiektu lehiaketa argitaratu da

3 hilabeteko epea ezarri da proposamenak aurkezteko; horietatik, epaimahaiak irtenbide funtzional, tekniko eta estetiko onena baloratuko du, ingurumen-kalitateko eta iraunkortasuneko irizpideak barne

Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak proiektuen lehiaketa bat deitu du, Epaimahaiaren esku-hartzearekin, Nafarroako Ospitale Gunean eraikin bat eraikitzeko ahalik eta proposamen gehien lor ditzan. Eraikin horrek, Osasun Zientzien Fakultatearen egungo eraikinarekin batera, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Medikuntza, Psikologia eta Erizaintza ikasketak hartuko ditu barne.

Lehiaketaren baldintza-orriak Nafarroako Kontratazioaren Atarian kontsulta daitezke, eta 3 hilabeteko epea egongo da eskaintzak aurkezteko, Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean (EBAO) argitaratzen direnetik zenbatzen hasita.

Aurkeztutako proposamenen artean, lehen saria lortzen duenak 20.000 euro jasoko ditu, eta, horrez gain, 10.000 euroko bi accesit egongo dira. Bestalde, ideia irabazleak behin betiko proiektua idatziko du, eta obrak zuzenduko ditu, horiek esleitu ondoren.

Epaimahaiak arkitekturaren kalitatea, ingurumen-kalitatearekin eta iraunkortasunarekin lotutako irizpideak eta proposamenen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa baloratuko ditu, eta Juan Cruz Cigudosa, Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko kontseilaria, izango du buru.

Halaber, epaimahaiko kide izango dira Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentzia, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentua, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala (EHAEO) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

Eraikina eta ingurunea

Proiektuak kontuan hartu behar du ere zer ingurunetan kokatuko den, hots, Nafarroako Ospitale Gunea, hainbat eraikin garrantzitsu baitaude bertan, eta Osasun Zientzietako Fakultatearen egungo eraikinarekin lotzeko konexioa ere aintzat izan beharko du.

Jakina denez, uneotan Erizaintza Graduak eta Medikuntza Graduaren lehen mailak egun dagoen eraikinean gauzatzen dute haien jarduna, baina Psikologia Gradua Arrosadiako Campusean burutzen da.