2020ko urtarrilaren 2a

Hezkuntza Departamentuak 4,3 milioi euroko aurrekontua du, testuliburuen doakotasun-programetarako

Departamentuaren aurrekontu osoa 58 milioi hazi da (%9,44), eta irakasleak kontratatzeko esfortzuak %12,54 egin du gora

Hezkuntza Departamentuak 4,3 milioi euroko gastua aurreikusi du aurrekontuetan 2020. urterako, hezkuntza sare publikoan eta itunpekoan testuliburuen doakotasuna bermatzeko. Kopuru hori 2019ko aurrekontua baino %43 handiagoa da, eta ikastetxe gehienetan aurreikusi den testuliburuen berritzeari erantzuten dio, oro har ezarritako mailegu-aldia bost urtekoa dela kontuan harturik. Zehazki, 3,2 milioi bideratuko dira ikastetxe publikoetako eskola-liburuen doakotasun planari erantzuteko, eta 1,1 milioi itunpeko ikastetxeetako Testu-liburuen Doakotasun Programari erantzuteko.

Gastu-lehentasun horrez gain, Hezkuntza Departamentuak 2,6 milioi euroko partida jasotzen du Bigarren Hezkuntzako LEPa egiteko eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen deialdiak eragindako gastuei erantzuteko. Horrek nabarmen hobetuko du irakaskuntzako enpleguaren egonkortasuna eta, ondorioz, baita sistema publikoaren hezkuntza-kalitatea ere. 2020an oposizioak deituko dira bigarren hezkuntzako irakasleen eta Lanbide Heziketako irakasle teknikoen artean. Horrek esan nahiko du espezialitate ugari dagoenez (41) eta, beraz, eratu beharreko epaimahai kopurua handia denez, %258ko aurrekontu-igoera nabarmena izanen dela 2019ko hasierako aurrekontuarekin alderatuz. Aurreikusitako kopurua 2.616.120 eurokoa da.

Irakaskuntzaren kalitatea indartzea

Hezkuntza Departamentuarentzat hezkuntza-sistemaren irakaskuntza-kalitatea indartzean erabat zentraturik egon den 2019-2020 ikasturteari ekiteko ardatz estrategikoetako bi dira, aurrekontu-aurreikuspenean horrek duen eragin nabarmenarekin.

Esfortzu horren erakusgarri da 1. kapituluko aurrekontua (langileen gastuak) %12,54 handitu izana. Hezkuntza Departamentuak 450.187.492 euro erabiliko ditu bere profesionalei ordaintzeko, departamentu osorako aurreikusiriko 679,8 milioi euroko gastuaren barruan. Izan ere, 2019-2020 ikasturtean, Nafarroan Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko irakasleen sindikatuekin sinaturiko Itunean jasotako neurriak gauzatu dira, eta horrek nabarmen handitu du aurreko ikasturtearekin alderaturik irakasleen eta laguntzako langileen kontratazioa, eta aldi baterako langileen mailari dagokion ordainsaria ordaindu da eta aurreikusirik zegoen milioi bat euroko hazkunde begetatiboa ere eman da.

Irakasleen enplegu-baldintzak hobetzearen aldeko apustua izan da, beraz, Hezkuntza Departamentuaren lehentasun nagusia legegintzaldi hasiera honetan, eta Haur eta Lehen Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko, Bigarren Hezkuntzako Institutuetako, Hizkuntza Eskola Ofizialetako, Arte Eskoletako eta Nafarroako LHko Ikastetxe Bateratuetako kontratazio-espediente handiaren bitartez egin da, beharrezkoak diren lan taldeak betetzeko xedez. Horren guztiaren ondorioz, ikasturte honetan 781 pertsona baliokide gehiago daude (749 irakasle eta laguntzako 32 langile). Lantaldeen aurreikuspenetik abiatuta, 3.334 pertsona baliokide kontratatu dira, funtzionarioak bete gabeko lanpostuetan. Lanpostu horiek aldi baterako langileek bete dituzte orain arte.

6.700.000 euroko gehikuntza duen jarduketa horrek, hezkuntzarako baliabide publikoak pixkanaka handitzen laguntzen du, eta Nafarroa gure inguruko herrialde aurreratuenen batez bestekoan jartzen du. Horrez gain, aurreko aurrekontu-ekitaldietan eginiko doikuntzen itzulketa garrantzitsua dakar.

Hezkuntza Departamentuak, guztira, 679,8 milioi euroko aurrekontua izanen du 2020rako, hau da, 2019an baino 58 milioi euro gehiago, %9,44 gehiago, ehunekotan.

Garraioa, azpiegiturak eta teknologiak

Langileen gastuen kapituluak izandako igoera alde batera utzita, Departamentuak %3,84 egin du gora batez beste, gainerako gastu-kapituluetan.

Gastu-partida horien artean hauek sartzen dira: 640.000 euro, itunpeko ikastetxe pribatuetako hazkunde begetatiboari aurre egiteko; itunpeko sektorearekin sinaturik dagoen akordioa 2020ko ekainaren 30era arte luzatzearen kostua (erretiro aurreratuak); irakasleen eta irakasle ez diren langileen ordainsarien %2ko igoera 2020an, funtzionarioen ordainsarien igoerari dagokiona; eta negoziatzeko zain dagoen 14/2012 Errege Lege Dekretua aplikatuz eginiko doikuntzen itzulketa partziala.

Garraioaren arloan, Hezkuntza Departamentuaren 2020rako gastu-aurrekontuak Eskola Mapa berria onartzearen ondoriozko beharrei erantzuten die, 280.000 euroko gehikuntzarekin, ibilbide berrietara egokitzeko eta ikastetxeak esleitzeko behar den ibilgailu kopuruaren igoerari erantzuteko. Eskola-garraioak 13,7 milioi euroko gastu garrantzitsua dakarkio Departamentuari, eta horiei, hezkuntza bereziko eskola-garraioa artatzeko 900.000 euro, eta eskola-garraioaren ondoriozko banakako laguntzetara bideraturiko 357.000 euro gehitu behar zaizkie.

Azpiegiturei dagokienez, 2019an hasitako beharrezko jarduketei erantzutea Departamentuaren aurrekontu-lehentasuna izan da. Horretarako, 14 milioi euroko konpromisoa hartu da, Iturengo eta Mutiloako ikastetxe publiko berrien, Ribaforadako DBHI berriaren eta Zudaireko Las Améscoas ikastetxe publikoaren birmoldaketa lanak egiten jarraitzeko. Azpiegituretako aurrekontuko milioi bat eta seiehun mila eurorekin, gainera, lehentasunezko jarduketei erantzunen zaie, hala nola Lezkairuko Sotoko ikastetxe publiko berriaren proiektuari, ikastetxeak hezkuntza bereziko eskolatze-beharren arabera egokitzeari, Altsasuko eta Lekarotzeko ikastetxeetan oinarrizko ekipoak berritzeari, Iruñeko Andres Muñoz ikastetxea egokitzeko edo/eta handitzeko proiektua eta lanak egiteari, eta 2021erako obra proiektu berriak idazteari.

Teknologien arloan, hezkuntza-eraldaketa digitalerako ikasNOVA estrategiaren aurrerapenak aurrera jarraitzen du: espazio berriak, metodologia berriak, tresna berriak. Hori errazteko, ikastetxe publikoetako DBHko 1. mailako ikasleek 1-1 eredua, ikasle bat, gailu bat, errepikatuko dute. Horretarako, Hezkuntza Departamentuak ordenagailu pertsonal bat jarriko du haien eskura, eta elementu hori ikaslearekin egonen da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapa osoan. Halaber, Departamentuak indartu egin du Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetara zuzenduriko mailegu-materiala, ikasturte honetan haririk gabeko sareen hedapena osatu bezain laster gailu berri mota desberdinak probatu eta ebaluatu ahal izan ditzaten.