2019ko abenduaren 4a

Nafarroako Gobernuak Madrilen egiten ari den COP25 Klima Aldaketaren Goi Bilerako lau forotan parte hartu du

Itziar Gomez kontseilaria ordezkaritzaren buru da eta datorren astelehenean Foru Komunitateak arlo horretan garatzen dituen politika aitzindarien berri emango du
Ezkerretik eskuinera, Segitur presidente Enrique Martínez, Balear 
Uharteetako Ekonomia, Turismo eta Lan Ereduko kontseilari Iago Negueruela 
Vázquez, Turismoko Estatu idazkari Isabel Oliver, Maitena Ezkutari eta 
Paradoreseko presidente Oscar López.
Ezkerretik eskuinera, Segitur presidente Enrique Martínez, Balear Uharteetako Ekonomia, Turismo eta Lan Ereduko kontseilari Iago Negueruela Vázquez, Turismoko Estatu idazkari Isabel Oliver, Maitena Ezkutari eta Paradoreseko presidente Oscar López.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Gobernuak Klima Aldaketari buruzko Goi Bilerako lau forotan parte hartuko du, eta hitzaldiak zein azalpenak emango ditu, Foru Komunitateak arlo horretan egindako lana ezagutarazteko, hainbat ikuspegitatik: Turismo jasangarria, ingurumen-hezkuntza edo klima-aldaketaren ibilbide-orria.

Egun hauetan Madrilen egiten ari den COP25 Gailurreko ordezkaritzaren burua da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria den Itziar Gomez, eta datorren astelehenean, hilaren 9an, hitzaldi bat emango du Nafarroak aldaketa klimatikoaren aurkako borrokako nazioarteko konpromisoaren aurrean egiten duen ekarpenaren inguruan. Kontseilariak ekintza nabarmenetariko batzuk aurkeztuko ditu, Nafarroa estatuan ez ezik, Europan ere eskualde aitzindari izatera eramaten dutenak.

Zehazki, Nafarroak 2017an landu zuen jada aldaketa klimatikoaren aurka borrokatzeko politiken estrategia integrala (KLINA), beste eremu batzuen artean, etxebizitza, garraio, industria edota berrikuntza bezalakoetan politikak koordinatzen dituena. Gainera, egokitze-mailan LIFE programa integratua ezartzen ari den eskualde gutxi batzuetarikoa da Europan, eta Hondakinen gaineko Foru Lege aurreratua du, birziklatzen ez diren hondakinentzako zerga jasotzen duena.

Halaber, goi bileran izango dira Garapen Ekonomikoaren eta Enpresarialaren Departamentuetako arduradunak eta Nilsa sozietate publikokoak.

Nafarroa, lehen Komunitate Autonomoa Turismo Iraunkorreko Behatokien Nazioarteko Sarean

Gaur, asteazkena, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusi Maitena Ezkutarik Nafarroako Turismo Iraunkorraren Behatokia aurkeztu du. Hain zuzen ere, Foru Komunitatea izan zen pasa den urtarrilean Turismo Iraunkorreko Behatokien Nazioarteko Sarean sartu zen lehen komunitate autonomoa. Plataforma horretan, 25 eskualdek eta herrialdek jarduera turistikoaren inpaktu ekonomikoaren, sozialaren eta ingurumen-arlokoaren segimenduari buruzko esperientziak partekatzen dituzte, horren iraunkortasuna ziurtatze aldera.

Ezkutarik gogoratu du Turismo Integrala dela Nafarroako garapenaren sei sektore estrategikoetariko bat eta, Turismoari begira, Nafarroako Garapen Iraunkorreko Helburuen (GIH) artean aurkitzen direla turismo arduratsua sustatzea eta baliabide naturalen kudeaketa iraunkorra eta eraginkorra lortzea. “Kontuan izan behar dugu –esan du- ekonomia, gizarte eta ingurumen mailako iraunkortasuna lantzeak produktu turistikoa ez ezik, esperientzia ere hobetzen duela”.

Ildo horretan, Nafarroako Turismo Behatokia egokia dela adierazi du, kudeaketa "adimentsua" lantzeko erreminta gisa, datuak aztertuaz eta eskaintza egokitu eta pertsonalizatuaz; modu horretan, jarduera errentagarria izatea eta enplegua sortzea lortzen da.

Bestalde, asteburuan, hilaren 7an eta 8an, Gomez kontseilaria eta Ingurumeneko zuzendaria den Pablo Muñoz gailurrarekin batera egingo diren foro banatan izango dira. Lehenengoa Climate Group Sareak antolatu du, eta bertan esku hartuko du Kanpo Ekintzako zuzendari nagusia den Mikel Irujok. Bigarren foroa Regions4 deitzen da.

NILSAren hezkuntza-programa

Gomez kontseilariak emandako hitzaldiaren ondoren, asteartean, hilak 10, NILSA enpresa publikoak, uren saneamenduaz eta arazketaz arduratzen denak, hartuko du parte "Aldaketa Klimatikoari aurre egiteko itunak eta hezkuntza" izeneko mahai-inguruan. Hain zuzen ere, Rebeca Echeverriak, NILSAko Komunikazioko zuzendariak, enpresak duela 20 urtetik hona garatzen duen hezkuntza-programa aurkeztuko du. Ekimena jardunbide egokitzat jotzen da; izan ere, herritarrak berotze globalaren eta planetaren suntsiketaren aurka kontzientziatzen laguntzen du edota ura bezalako baliabide hain urri eta ezinbestekoaren erabilera iraunkorrak sustatzen ditu.

Programa Nafarroako herritar guztientzat da oro har, doakoa da, eta hiru hizkuntzatan eskaintzen da (gazteleraz, euskaraz eta ingelesez). Besteak beste, ikastetxeentzako tailerrak, ibaiak eta araztegiak ezagutzeko bisitak, ludotekako jarduerak, premia-mota bereziren bat duten taldeentzako jarduera aproposak, zentro geriatrikoetan hitzaldiak, udako programa espezifikoak eta bestelako jarduerak egiten dira. 2018. urtean, 7.177 pertsonak parte hartu zuten 449 taldetan banatuta, eta, aurten, azken eskaerak artatzeke egonik, kopuru hori gaindituko da parte-hartze marka hautsiaz.