Descárgate la app
Urdazubik herriguneari eta Hiribere zein Leorlas auzoei zerbitzua emateko araztegia inauguratu du
2019ko abenduaren 2a
Urdazubik herriguneari eta Hiribere zein Leorlas auzoei zerbitzua emateko araztegia inauguratu du
Urdazubik eta Hiribere eta Leorlas auzoek araztegi berria inauguratu dute, zeinak inguruan erroldatutako 200 biztanleri zerbitzua emanen dien.
Estazio berrirako 664.733 euroko inbertsioa egin behar izan da, eta Lurralde Kohesiorako Departamentura atxikitako NILSA (Navarra de Infraestructuras Locales, SA) enpresa publikoak kudeatzen duen saneamendurako kanonaren bitartez oso-osorik finantzatu da. Herritarrek uraren ordainagiriaren bidez ordaintzen dute kanona.
Instalazio berria abian jarri arte, Urdazubiko guneak hobi septiko bat zuen, baina euri-ur asko jasotzen zuenez, batzuetan gainezka egiten zuen. Bestalde, Leorlas auzoan zegoen hobi septikoa oso hondatuta zegoen. Hori dela-eta, irtenbideak bilatzea ezinbestekoa zen, eta aukera onena instalazio berria eraikitzea zela erabaki zen.
Araztegi berria “Komentuko Bordan” aurkitzen da. Puntu horretara bitarte Hiribereko eta Urdazubiko herriguneko isuriak ponpatu egiten dira. Leorlas, berriz, sifoi bidez konektatzen da. Behin ura araztuta, Ugarana ibaira isurtzen da.
Batez beste eguneko aurreikusitako emaria segundoko 0,98 litrokoa da; hots, 85 metro kubiko egunean. Hala ere, euri asko egiten duenean edo euri-jasak bezalako ezohiko fenomenoak gertatzen direnean, instalazioak 2,35 litro har ditzake segundoko, eta, eguraldi-aldaketa oso larriak gertatuz gero, berriz, gehienez 6,86 litro har ditzake segundoko.
Aurrekariak
Proiektu bateratua egiteko premia duela zortzi urte sortu zen. 2011ko urrian, Hiribere auzoko saneamendu-obrak egiten hasi ziren; hau da, auzoko saneamendu-obra eraikitzea eta isuriak ponpaketa-hobi batera zuzentzea. Lanak urte hartako abenduan amaitu zituzten.
Urdazubiko herriguneko eta Leorlas auzoko isuriak ere ponpaketa horretara bideratzea planteatu zuten. Baina, eraginkortasun tekniko handiagoaren bila, NILSAk beste aukera batzuk aztertu zituen, eta, era, horretan, 2015ean, isuri-puntu horietarako guztietarako araztegi oso bat eraikitzea erabaki zuten.
NILSAk instalazioek behar bezala funtzionatzeko ardura izango duenez, mantentze-lanetako teknikariek astean bitan berrikusi beharko dituzte egon daitezkeen buxadurak, lokatz-mailak eta pilatutako flotatzaileak; halaber, isuri toxikorik edo instalazioaren ohiko funtzionamenduaz kanpoko beste hondakin-motarik ez dela bota egiaztatu beharko dute. Horrez gain, teknikariek jasoko dituzte instalaziora iritsitako zaborrak, materia organikoa, e.a.
Irteerako ura ibaira itzultzen dena da, eta horren kalitatearen laginak hilean behin hartzen dira. Bestalde, hobietan pilatzen den lohiaren maila gutxienez urtean behin berrikusten da, eta hori garbitzeko agindua emango da dagoen kopuruaren arabera. Jasotako lohiak Arazuriko araztegira eramango dira, bertan lohiak tratatzeko instalazioak baitaude. Biztanleria-dentsitate gutxiko guneei zerbitzua ematen dieten instalazio guztietako lokatzak eremu geografikoaren arabera ezarritako beste handiagoetara eramaten dira.
Hezkuntza-programa
Abian jarri denetik aurrera, Urdazubiko araztegia NILSAren hezkuntza-programan sartu da, eta, modu horretan, doako bisita gidatuak egin daitezke Foru Komunitateko instalazio guztietara hiru hizkuntzatan: gazteleraz, euskaraz eta ingelesez.
2018. urtean zehar, 7.717 lagun bildu ziren hezkuntza-jarduera horietan nahiz uraren erabilerari buruzko kontzientziazio-programako gainerakoetan; hau da, gelako tailerrak, haurrentzako jolasak, hirugarren adinekoen egoitzetan hitzaldiak eta analisi-jarduerak ibaiertzetan, besteak beste.
Baliabide hidrikoak punturik sentikorrenak dira klimaren narriaduran, eta beharrezkoa da prebentziorako eta egokitzeko neurriak izatea. Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak arazteko eta hornitzeko sistemak eta prozesuak bultzatu ditu Hiri-erabilerako Uraren Ziklo Integralaren 2019-2030 Plan Zuzentzailearen bitartez; plana maiatzaren 8an onartu zen.
Nafarroan, uraren erabilerarako plan integrala dugun lehen aldia da, lehendik bi independente baitzeuden: bat hornidurarako eta bestea saneamendurako. Plan zuzentzaileari esker, Foru Exekutiboak ikuspegi integratzaileagoa, eraginkorragoa eta zehatzagoa defendatzen du, Europako araudiarekin ere bat egiten duena eta aldaketa klimatikoaren aurka borrokatzeko eszenatoki orokorrarekin bat datorrena.