2019ko azaroaren 13a

Ontzat eman da 2019-2023 Nafarroako Baso Agenda

Baso plangintza iraunkortasun, oreka eta ingurumen kalitatezko irizpideekin eguneratu du
Irudi galeria

Foru Gobernuak, gaurko bilkuran, 2019-2023 aldirako Nafarroako Baso Agenda ontzat eman du, alegia; baso arloko politikaren estrategia eta bere plangintza tresnak eguneratu dituen dokumentua, iraunkortasun, oreka eta ingurumen kalitatezko irizpideez baliatuz.

Gobernuaren ustez, Agenda berri hau lurralde kudeaketarako “oso tresna garrantzitsua” da, Foru Komunitateko azaleraren %64 baso lurraldetzat jotzen baita.

Gogoratu behar da, gaur arte, indarreko plangintza tresna 1998. urtean ontzat emandako Nafarroako Baso Plana izan dela, baina azken bi hamarkada hauetan sortutako aldaketen eta erronka berrien eraginez, dokumentua eguneratu behar izan da.

Edukia

Agenda bost ardatzetan egituratuta dago: baso gobernantza, klima aldaketa eta natura arriskuak, baso sektoreko sustapena, bideodibertsitatearen kontserbazioa eta berrikuntza, eta ezagutza. Aldi berean, horietako ardatz bakoitzean, hurrengo bost urteotan xede izango diren programa eta helburu zehatzak barne izango dira. Guztira, 31 programa,86 helburu eta 203 neurri dira.

Esparru honetan, ardatz bakoitzerako, lan-taldeak sortzea aurreikusi da, non sektoreko eragile desberdinek hainbat proposamen osatuko dituzten, Baso Jarduerako Plan berri bat eta hurrengo 20 urteetarako proiektu zehatzak osatzeko.

Ardatz bakoitzari dagokionez, baso gobernantzaren eremuan, gaur egungo araudia aldatzea bezalako lanak garatuko dira, gaur egungo premietara egokitzeko eta administrazio prozesuak malguago eta arinago bilakatzeko. Horrez gain, Europar Batasuneko landa garapenari buruzko etorkizuneko politikari dagozkion gaiak ere aztergai hartu dira, non baso sektorerako esleituko diren funtsen kopurua nabarmentzekoa izango den, edo baita ingurumen heziketarekin eta informazioarekin lotutako gaiak ere, gizarteari baso kudeaketa iraunkorrari edo baso produktuen erabilerari buruzko informazioa eta prestakuntza eskaintzeko helburuarekin.

Klima aldaketari dagokionez, Agendak hainbat alderdi hartu ditu barne, besteak beste: klima aldaketari hobeto egokitzen zaizkion basoen sustapena, baso suteen aurkako prebentzio plan bat osatzea, eta abeltzaintza estentsiboa sustatzea, naturaren arriskuak gutxitzeko kudeaketa erreminta gisa.

Izurriteak eta gaixotasunak jarraitzeko eta kontrolatzeko neurriak ere hartuko dira barne, eman diren egoera berriei aurre egiteko.

Bertako egurra, baso biomasa, paisaia eta landa garapena

Baso sektorearen sustapenari dagokionez, azpimarratu behar da azken horrek Nafarroan 5.000 lanpostu inguru sortuko dituela, horietako asko landa zonaldeekin lotuta, beraz, Baso Agenda Berria nabarmenduko da ere landa inguruko herriak biztanlerik gabe ez gelditzeko jorratzen ari diren politiketan.

Bertako egurra iturri iraunkorretik, birziklagarritik eta berriztagarritik etorritako produktu gisa erabiltzearen alde egitearen garrantzia estrategikoa eta ekonomikoa nabarmentzekoa denez, Agendak hainbat neurri hartu ditu barne, esate baterako: bertako egurra erabiltzeko barne sustapenerako plan bat sortzea Foru Administrazioan eta tokiko erakundeetan.

Era berean, eraikuntza eta birgaikuntzarekin lotutako arauak aldatzea aurreikusi da, produktu honen erabilera sustatzeko, edo bertako egur gehiago errepideen sarean erabiltzeko (adibidez, babestutako guneetatik igarotzen diren bideetako “bazter-babesetan”). Barne hartutako beste jardueretako bat baso biomasaren erabilera da, energia termikoko iturri gisa.

Bestalde, Agendak barne hartu ditu baso baliabideak aprobetxatzerakoan, bere balio ekologikoen kontserbazioa eta Nafarroako paisaiaren mantenua bermatzen ari direla ziurtatzen duten jarduerak.

Dokumentuak, halaber, mendietatik eratorritako bestelako produktuak sustatzen eta suspertzen dituzten beste alderdiei ere heltzen die, besteak beste: eztia eta onddoak. Azken ardatza berrikuntzarekin eta garapenarekin lotuta dago, eta teknologia berriak baso esparruan ezartzearen alde egiten du, esaterako; sateliteko irudiak, aplikazio informatikoak edo droneen erabilera. Horrez gain, honako hauek izango dira hurrengo bost urteotan aztergai izango diren proposatutako bestelako neurriak: bertako egurrez baliatuz eraikuntza produktu berriak ikertzea, bioplastikoen eta bioontzien erabilera sustatzea baso produktuetatik abiatuta, edo baso sektorearekin lotutako beken deialdi bat sortzea.

Dokumentu hau osatzeko eta bertan parte hartzeko prozesua 2017an hasi zen. Baso esparruko Aholkularitza Kontseiluak testua errebisatu eta aberastu egin du, Nafarroako Gobernuaren parte-hartze atarian argitaratu zen, eta baita jende aurrean erakusgai jarri ere. Guztira, 146 ekarpen jaso dira teknikarien eta espezialisten eskutik, eta horietatik 117 (%80), erabat edo zati batean, amaierako dokumentuan sartu dira.

Gobernuaren beste estrategiekin bat egiten duen agenda

Agenda berriak Nafarroako Gobernuaren beste politika estrategikoekin egiten du bat eta horiek guztiak osatzen ditu. Kontserbazio esparruari dagokionez, Agendak planteatzen duen baso kudeaketak Kontserbazio Bereziko Zonaldeetako (KBZ) kudeaketa planen neurriekin lotura dauka.

Horrez gain, S3 Nafarroako Espezializazio Adimendurako Estrategiaren helburuekin bat dator, iraunkortasunaren esparruari dagokionez, eta naturaren baliabideak babesten ditu eta horiek eraginkortasunez erabiltzea sustatzen du, ingurumenaren kalitatea mantentzeko eta hobetzeko helburuarekin.

Baso Agendak bat egiten du, halaber, 2030 Nafarroako Ekonomia Zirkularraren Garapenerako Agendarekin. Bertan, energia fosilak berriztagarriengatik ordezkatzea proposatzen du, horien artean, baso biomasaren erabileratik eratorritakoa aurkitzen dela.

Azkenik, azpimarratu behar da Agenda Garapen Iraunkorretako Helburuekin (GIIH) estu lotuta dagoela, eta baso kudeaketa iraunkorraren alde egiten duela. Horrez gain, klima aldaketari aurre egiteko gogor egiten ari da lan,eta karbono gutxi erabiltzen duen ekonomiaren aldeko apustua egin du, “baliabideak erabiltzerakoan, ingurumenarekiko erantzulea eta eraginkorra den lurralde baten alde, non pertsonen, euren ekintzen eta bizi diren inguruaren arteko oreka mantentzen den”.