Descárgate la app
Nafarroako Estatistika Erakundeak 1.800 pertsona elkarrizketatuko ditu bere bizitza baldintzak ezagutzeko
2019ko urriaren 15a
Nafarroako Estatistika Erakundeak 1.800 pertsona elkarrizketatuko ditu bere bizitza baldintzak ezagutzeko
Nafarroako Estatistika Erakundeak datozen asteetan 1.800 inkesta egingo ditu “Gizarte Inkesta eta Bizitza Baldintzak” esparruaren baitan. Horren bitartez nafarroako gizarteak dituen behar eta eskerak ezagutuko ditu. Entitateek gutuna bidali die hautatutako pertsonei.
Inkesta egitea derrigorrezkoa bada ere (11/1997 Foru Legea), Erakundeak herritarren parte-hartzea eskatu du, azterketa horren bitartez erabakiak hartzea eta plangintza publikoa egitea erraztuko duten adierazleak eta datuak eskuratuko baitira. Datuak agente sozialek zein Nafarroako Gobernuko Departamentuek eskatutakoak dira.
Edizio honetan, ekarpenak egin dituzte bereziki Eskubide Sozialetako Departamentuak, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak (INAI/NABI).
Inkesta batik bat aurrez aurre egingo da, baina web bidez ere erantzun ahal izango da. Diskriminazioaren fenomenoa aztertuko da dimentsio nagusietan, eta, beste gai batzuen artean, familia-osaerari, lan-merkatuaren gaineko egoerari (okupazioa eta langabezia) eta ingurumenaren aurreko jarrerari buruzko informazioa bilduko da.
Inkestaren ezaugarriak
1.800 pertsona ausaz hautatu dira, eta Nafarroako zona guztiak sartzen dira hautaketa horretan. Hain zuzen ere, 15 urteko edo hortik gorako pertsonak dira, ohiko familia-etxebizitzetan bizi direnak.
Datuak jasotzeko, elkarrizketa pertsonala egingo da urrian eta azaroan, eta emaitzak 2020. urtearen erdi aldera argitaratuko dira.
Inkesta Sozialak eta Bizi Baldintzen Inkestak urteko aldizkakotasuna du, eta 2017-2020 Estatistika Planean sartzen da, Nafarroako Parlamentuak 14/2016 Foru Legearen bidez onartutakoan. Tresna hau funtsezkoa gizarteak eragiten dion alderdien inguruan zer pentsatzen duen jakiteko eta, era horretan, bizi-baldintzak hobetzeko beharrezko politikak diseinatzeko.
Oraingoan, inkesta egiteko enpresa esleipenduna IKERFEL izango da, eta ondorengo azterketaz eta zabaltze-lanaz Nafarroako Estatistika Erakundea arduratuko da.
Lanaren kostua 76.084,07 eurokoa da, BEZ barne, eta hor sartzen dira baliabide teknologikoak, langileak, ikuskapen-lana eta datuak araztea eta baliozkotzea.
Aurreko inkestak
Inkesta Soziala eta Bizi Baldintzen Inkesta 2001, 2003, 2005, 2007, 2012, 2016, 2017 eta 2018an egindako Bizi Baldintzen Inkestaren oinordekoa da; horiek Nafarroako Estatistika Erakundearen web orrialdean eskura daitezke. Galdetegia partzialki aldatuz joan da edizio bakoitzean, arlo ezberdinetan jasotako informazio-premiak betetze aldera.
Inkesta Sozialaren eta Bizi Baldintzen Inkestaren garai berria 2016an hasi zen, eta lan-talde batek 2015ean hartutako ondorioak izan zituen abiapuntu. Lan-taldea Nafarroako Estatistika Kontseiluan sartzen zen, eta honako hauetako unitateek osatzen zuten: Eskubide Sozialak, Osasuna, Landa Garapena eta Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutua (INAI/NABI), Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua, CCOO eta LAB sindikatuak eta Soziologiako eta Politologiako Elkargoa.
Taldeak datu sozio-ekonomikoak ezagutu ahal izateko instrumentu baten beharra ikusi zuen, beste baliabide batzuen bitartez lortzerik ez zegoelako. Era berean, Nafarroako administrazio publiko osoko erakunde ezberdinek etxeetan egiten zituzten inkestak koordinatzea proposatu zuen, eragiketa bakarra egite aldera, baliabide ekonomikoak aprobetxatuaz eta unitate berriemaileei eragozpenak saihestuaz.