2019ko irailaren 26a

Nafarroan egingo da ALERT proiektuaren hirugarren topaketa; Nafarroak proiektuan parte hartzen du Aragoiko Gobernuarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Pirinio Atlantikoko Departamentuarekin batera

Javier Remírez kontseilariak adierazi du “arriskuek ez dutela mugez ulertzen”, eta ALERT proiektua “koordinazio operatiboaren adibide” bezala nabarmendu du
Ordezkarien taldeko argazkia Tronu Aretoan. 
Ordezkarien taldeko argazkia Tronu Aretoan.   Deskargatu irudia Irudi galeria

Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barneko kontseilari Javier Remírezek ostegun honetan Nafarroako Jauregiko Tronuen Aretoan hartu du ALERT proiektuko Zuzendaritza Batzordea. Proiektuaren hirugarren topaketa egin da Iruñean, Baionan eta Irunen egindakoen ondoren. ALERT siglek Mugaz Haraindiko Arriskuen aurka Espazio Komunean Borrokatzea eta horiei Aurre hartzea adierazten du.

Nafarroako Gobernuarekin batera, 2018ko apirilean abian jarritako proiektuaren bazkideak dira Pirinio Atlantikoko frantses Departamentua, Aragoiko Gobernua eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Mugaz haraindiko ekimenaren helburua da Pirinioetan praktikak trukatzea sustatzea, lurraldea arrisku naturalen nahiz giza jarduerarekin loturiko arriskuen mende aurkitzen baita.

Hitzaldian, kontseilariak ALERT proiektua nabarmendu du Administrazio Publikoen artean beharrezkoa den lankidetza estuaren adibide gisa, pertsonentzat edo ondasunentzat arriskuren bat dakarten egoeren aurrean koordinazio operatiboa hobetzearren.

Harreran, Barneko Zuzendari Nagusiak, Amparo Lopezek, proiektuaren Zuzendaritza Batzordeko ordezkariek eta lurralde bakoitzeko delegazioetako kideek hartu dute parte baita José Luis Arasti Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak ere.

Remírez kontseilariak “arriskuek ez dutela mugez ulertzen” azpimarratu du, eta, era berean, adierazi du proiektu honetako bazkideek esperientziak eta ezagutzak adostearen aldeko apustua egiten duela Nafarroako Gobernuak. Horrek argi eta garbi lagunduko du mugaz haraindiko lurraldearen segurtasuna bermatzen eta esku-hartzeak eraginkorragoak izaten.

Horrez gain, kontseilariak garrantzitsutzat jo du topaketa hau “mugaz haraindiko larrialdien maila guztietan protokolo berak partekatzeko, mugaz haraindiko lurralde-zonei erantzun berdina emateko lan eraginkorra egite aldera”.

Jean Pierre Mirande, Pirineo Atlantikoko ordezkariak azpimarratu duenez, “eski pistak, Irati edo Donejakue bidea bezalako eremu garrantzitsuak eta zabalak administrazio guztien talde operatiboen koordinazioa eskatzen du”. “Elkarlan horrek gizarteari zerbitzu zabalagoa ematea eskaintzen du”, gehitu du.

Nafarroaren egitekoa

ALERT proiektuko bazkideen hirugarren topaketari hasiera emateko, lanerako jardunaldia egin dute Navarra Arena Pabiloian, eta, bertan, Barneko Zuzendari Nagusiak, Amparo Lópezek, eta Babes Zibilaren Zerbitzuko zuzendariak, José Javier Boulandierrek, ongietorria egin die Zuzendaritza Batzordeari. Goizean zehar, proiektuaren egoeraren eta aurrekontuaren gauzatze-egoeraren berri eman dute, orain arte egindako ekintzak, horien emaitzak eta garatu beharreko lan-ildoak azaltzearekin batera.

Proiektu honetan, Nafarroak protagonista-papera betetzen du mugaz haraindiko bederatzi lekutako segurtasun-planoen analisi eta egite lanetan; hala nola, Jaizkibel mendia, Santiago Bidea, muga inguruan kokatutako bentak edo eski-estazioak.

Era berean, Nafarroak basoko suteen prebentzio-lanak zuzendu ditu. Nafarroako Suhiltzaileak Zerbitzuak prestakuntzak eta praktikak burutu ditu arriskuaren, mugaz haraindiko eremuan sute-mota horien bilakaeraren eta partzelak prebentzio eran erretzea kudeatzearen inguruan.

Helburu estrategikoak

ALERT proiektuaren helburu estrategikoak dira ingurumenaren babesa hobetzea mugaz haraindiko perimetroan eta baliabideak arintzea eta koordinatzea mugaren bi alboetan. Ildo horretan, operazio-mailan, proiektuaren bazkideek koordinazio-zentroen artean informazioa trukatzen aurrera egitea nahi dute eta interkomunikazioko erreminta operatiboak eta lan egiteko metodologia komuna garatzea.

Interreg Programa (POCTEFA)

Mugaz haraindiko ALERT proiektuaren %65a Eskualde Garapeneko Europar Funtsak (FEDER) finantzatzen du, Interreg Programaren esparruan (POCTEFA 2014-2020). Programaren helburua da Espainiako, Frantziako eta Andorrako mugaz haraindiko zonetan integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea. Era berean, jarduera ekonomikoak, sozialak eta ingurumen-arlokoak garatu nahi ditu, elkarren arteko estrategien bitartez, lurraldearen garapen iraunkorra sustatzearekin batera.