Descárgate la app
Marcillan eta Iturmendin bizi diren ez lagundutako 79 atzerritar heldugabei lan aurreko prestakuntza eskaini die Eskubide Sozialetako Departamentuak
2019ko abuztuaren 30a
Marcillan eta Iturmendin bizi diren ez lagundutako 79 atzerritar heldugabei lan aurreko prestakuntza eskaini die Eskubide Sozialetako Departamentuak
Iturmendin eta Marcillan bizi diren babes gabeko egoeran dauden 79 atzerritar heldugabei lan aurreko prestakuntza ikastaroak eskaini dizkie Eskubide Sozialetako Departamentuak aurtengo udan. Horien artean, baso eta nekazaritza, lorezaintza, baratza ekologikoa eta garbiketa. Orain arte, ikasleen %80ak dagokion diploma lortu du Nafarroan.
Eskubide Sozialetako kontseilari Mª Carmen Maeztu eta Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilari Eduardo Santos izan dira gaur goizean Iturmendin antolatutako gaikuntza-diplomak banatzeko ekitaldian eta bakarrik dauden adingabe atzerritarrendako ikastaroen bukaeran.
Banaketa ekitaldia udal pilota-lekuan egin da, eta bertan parte hartu dute kontseilariekin batera, prestakuntza emateaz arduratu den Ilundain Fundazioko Manolo Sanz Gamboak, Virginia Yaben irakasleak eta Youssef Chantarrek, ikasleen izenean.
Haiekin batera izan dira Iturmendiko udal ordezkariak, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko (NL-NEZ) zuzendari kudeatzaile Mirian Martón, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaile Inés Francés eta Familia eta Adingabeen Zuzendariordetzako adingabeen arretako koordinatzaile Mercedes Pérez de Prado.
Lanaren aurreko prestakuntza, NEZak programaturiko lehen esku-hartzea
Iturmendin eta Martzillan egindako lanaren aurreko prestakuntza da NL-NEZek programaturiko lehendabiziko esku-hartzea, nerabe hauen gaikuntza profesionala sustatu eta laneratzeko aukera erraztea xede duena.
Puntualtasuna, funtzionamenduko arauak betetzea eta taldeko lana gisako lan trebetasunak sustatzea da 100 eta 135 ordu bitarteko iraupena duten ikastaro hauen haleburua.
Iturmendik, 36 adingabek parte hartu dute nekazaritza-basozaintzako eta baratze ekologikoko 2 ikastarotan eta kanpo zein barne garbiketako 2 ikastarotan. Herri honetan, ikastaro praktiken % 90 herriaren mesedeko jardueretan antolatu da. Horrela, festen aurreko zein ondorengo garbiketa lanean parte hartu dute, baita berdeguneen mententze-lanetan, bideen egokitzapenean, ermiten kanpoaldeko garbiketan eta egokitzapenean eta inausketa lanetan.
Martzillan, nekazaritza-lorezaintzako eta baratze ekologikoko prestakuntzaz gain, udal lorezaintza brigadan lanean jardun dute, binaka jardun ere, lanaren alderdi praktikoa betetzeko, betiere komunitatearen mesedetan. Guztira, 43 neska-mutilek parte hartu dute programaturiko 2 ikastaroetan.
Mª Carmen Maeztu kontseilariak eskerrak eman dizkie Iturmendiko herritarrei, udalari eta Sakanako Mankomunitateari, adingabe hauei emandako harreragatik eta gizarteratzeko laguntzagatik.
Horrekin batera, “Nafarroako Gobernuaren erantzun azkarra” nabarmendu du “enplegurako prestakuntza programa hauek abian jartzeko”.
Horrez gain adierazi du “adingabe hauek interes handia dutela prestakuntza hartzeko eta lehenbailehen lanean hasi eta etorkizunari aurre egiteko. Nafarroako Gobernutik, departamentuen arteko koordinazioaren bitartez, arintasunez erantzuten ari gara adingabe hauen egoitza, osasun zein hezkuntza arloetako beharrak estaltzeko, giltzarrizkoa baita behar bezala gizarteratu eta laneratzeko”.
Kontseilariak adingabe horiek bizi diren herriei egindako ekarpena ere nabarmendu du. “Autonomia maila handia duten nerabeak dira, migrazio prozesu latzetan zaildutakoak. Argi dute egoera erregularizatu nahi dutela eta prestakuntza hartu eta lana lortu nahi dutela beraien bizi-baldintzak hobetzeko. Eta hasi berri duten gizarteratze prozesu honetan, oinarrizko gauzak ikasteaz gain, harrera egin dieten herrien mesedetan lan egiteko aukera izan dute”, azpimarratu du.
Mª Carmen Maeztuk iragarri duenez, Hezkuntza eta Eskubide Sozialetako departamentuek lanean jarraituko dute gazte hauekin lanerako orientazio eta preskuntzaren arloan, lan merkatuan txertatzea erraztuko dizkieten gaitasun pertsonalez, profesionalez, linguistikoez eta digitalez jabetzeko aukera izan dezaten.
“Ez dugu egingo bakarrik Giza Eskubideen konbentzioak eta haurrak babesteko lege organikoek eta foru legeek horretara behartzen gaituztelako, izan ere, kalte-arriskuan eta babesgabetasun egoeran dauden pertsonak artatzea gizatasun hutsezko eginkizuna da”, ziurtatu du.
Bestalde, Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilari Eduardo Santosek berariaz nabarmendu du “Nafarroako Gobernuak kalte-arriskurik handienean dauden migratzaile adingabeei harrera eraginkorra egiteko harturiko konpromiso sendoa, gaitasun guztiak garatzeko aukera bermatuko dien prestakuntza eskainiz”. Gaineratu duenez, “integrazio prozesu hau arinagoa eta eraginkorragoa da, horixe baita gizarte aniztasunean sinesten dugunok defendatzen duguna, herritarrak nongoak diren kontuan hartu gabe”.
Bakarrik dauden 225 adingabe atzerritar, Nafarroan
Egun, bakarrik dauden 225 adingabe atzerritar bizi dira Nafarroan, gehienak 16 eta 17 urte bitartekoak, eta horietako bat emakumezkoa da. Gehienak Maroko, Ganbia eta Ghanatik etorritakoak dira. Iristean, egonaldi laburreko zentroetan artatzen dituzte lehen balorazioa egiteko. Bakoitzaren adinaren eta heldutasun nahiz prestakuntza mailaren arabera, beste egoitza zentro batzuetara eramaten dituzte, eta bukaeran, etxebizitza normalizatuetan ikuskatutako autonomia programetara.
Nafarroako Gobernuak, adinaren arabera, derrigorrezko irakaskuntzarako; hezkuntza egokiturako (prestakuntza soziolinguistikoa eta profesionala tarteko dituzten Hezkuntzako PISEP programak, ikasleen % 80ri profesionaltasunaren zirtagiria bermatzen diotenak) eta enplegurako prestakuntzarako sarbidea errazten die.
Martzillan 40 neska-mutil eta Iturmendin beste 25 bizi dira, eta horiei Altsasuko etxebizitzetan dauden beste 8 adingabe gaineratu behar zaizkie. Arras talde heterogeneoa da ikasketa mailari zein gaztelaniaz duten ezaguera mailari dagokienez.