2019ko abuztuaren 23a

Santos Indurain kontseilaria listeriosiari buruzko bilera batean izanen da astelehenean Osasun Ministerioan beste autonomia-erkidego batzuekin batera

Topaketa Andaluzian sortu eta estatu mailako zein nazioarteko alerta eragin duen agerraldiari buruzko informazioa partekatzea da, nahiz eta Nafarroak ez duen detektatu agerraldi honekin loturiko kasurik eta protokolo ofizialak aplikatzen jarraitzen duen

Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurainek Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizate Ministerioak Madrilen antolatutako topaketan parte hartuko dute astelehenean, hilak 26.

Gobernu zentralak autonomia-erkidegoei dei egin die “Estatuko lurralde osoan segurtasun eta osasun publikoko alerta eragin eta OMEri eta EBari ere jakinarazi zaien listeriosi-agerraldiaren egoerari buruzko informazioa trukatzeko”.

Nafarroak ez du detektatu gaurdaino agerraldi honekin loturiko ezein kasurik (urtean gaixotasun horrek eragindako kontsiderazio desbedinetako dozena erdi bat kasu gertatu ohi dira, eta tratamendu egokia eman ohi zaie) eta “La Mechá” markari atxikita banaturiko haragi urdaiztatuaren edo bestelako aldaeren loterik foru lurraldera iritsi izana baztertu du.

Alabaina, nafar osasun-sare osoa alertan dago eta Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak helarazitako protokoloak betetzen ari da Estatuko zein autonomia-erkidegoetako beste agintari batzuekin batera. Momentuz, nahiz eta eremurik kaltetuenerako (Andaluzia) lehengo joan-etorrien ondorioz kasuren bat agertzeko aukera dagoen, ez da erregistratu edo egiaztatu era horretako ezein gorabeherarik, ez Lehen Mailako Arreta sarean, ezta ospitale sarean ere, baina protokoloak aplikatzen jarraitzen dute edozein zantzuren aurrean.

Osasun Publikotik, zuhurtziarik goreneko planteamenduari jarraiki -izan ere, gaixotasun honen inkubazio-aldia 70 egunekoa ere izan daiteke-, lasaitasun eta konfiantzazko mezua berretsi dute horrelako produktu prozesatuen gaineko elikadura-segurtasuneko neurriei buruz eta osasun arloko detekzio eta asistentzia sistemari buruz. Halaber, argi utzi dute listeriosia ez dela pertsonaz pertsona kutsatzen, bakterio hori kontzentrazio handian duten elikagaien bitartez baizik, eta arrisku talde nagusiak adineko pertsonak, haurdun dauden emakumeak, haur jaioberriak eta sistema immunitarioa ahuldua duten pertsonak direla.