2019ko uztailaren 15a

Nafarroako Gobernuak Sanferminetan gertatutako sexu indarkeria adierazpenak gaitzetsi ditu

Bere babesa helarazi die biktima, familia eta lagunei

Nafarroako Gobernuak Iruñan San Fermin jaietan gertatutako eta salatutako sexu indarkeria adierazpen ezberdinen aurrean “gaitzezpen sakona eta kondena” agertu du, eta babesa helarazi die biktima, familia eta lagunei.

Nafarroako Gobernuak, Berdintasunerako Nafarroako Institutuaren (INAI/NABI) bitartez, azpimarratu eta gogoratu du “sexu-eraso guztiak, baita San Fermin jaietakoak ere, ikertzen ari direla, eta, gertaera isolatuak ez direnez, emakumeen aurkako indarkeriaren testuinguruan kokatu behar direla, gure gizartean emakumeen eta gizonen artean dagoen desberdintasunaren adierazpide eta ikur basatien gisa. Izan ere, emakumeen aurkako indarkeria urteko egun guztietan, edozein lekutan eta edozein egoeratan, baita jaietan ere, dugun errealitatea da. Gainera, aurpegi ugari ditu, eta horietako doilor eta beldurgarriena sexu-indarkeria da, emakumeen gorputzengan egiten den botere-ekintza, nagusitasunaren adierazpen moduan eta biztanleriaren erdiaren duintasuna, askatasuna eta eskubide sozialak erabat mespretxatuaz”.

Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak bat egiten du Iruñarekin eta Nafarroako gizarte osoarekin nahiz mugimendu feminista berarekin, “emakumeenganako edozein portaera iraingarriren kontra jarrera aktiboa eta emakumeen eskubideen urraketak onartuko ez dituztela erakusten erreferenteak izanik, atzo arratsaldean Gaztelu plazako kontzentrazioan aho batez erakutsi zuten moduan. Zeren emakumeak erasotzen, bortxatzen eta hiltzen jarraitzen den bitartean, ez dugu etsiko emakumeak berbiktimizatzen eta haien bizitzaren eta gorputzen aurka erasotzen duen (denei erabateko herritartasuna ukatuaz) gizarte patriarkala desmuntatu arte”.

Beraz, Nafarroako Gobernuak, INAI/NABIren bitartez, emakumeen eta neskatoen eskubideen aldeko eskaera sozialari eta duen erantzukizunari erreparatuta, “era horretako indarkeria prebenitzeko biderik eraginkorrenaren aldeko apustu irmoa egiten du; hau da, berdintasuna erdian kokatzen duten eta indarkeria desberdintasunaren adierazpen handiena bezala desagerrarazten duten politika publikoak bultzatzea, elkarrekin eta modu koordinatuan lan eginaz sexu-erasoen prebentzioan eta emakumeen askatasunaren, duintasunaren eta erabateko herritartasunaren aurka erasotzen duten indarkeria-modu guztiak errotik ateratzeko lanetan, emakumeenganako indarkeriarik gabeko bizimodua lortuaz eta berdintasuna guztiontzat errealitate eginaz”.