Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak bere poza agertu du, 2016ko Sanferminetako talde bortxaketa eraso sexual gisa ulertu duen Epaitegi Gorenaren erabakia dela eta
2019ko ekainaren 21a
Nafarroako Gobernuak bere poza agertu du, 2016ko Sanferminetako talde bortxaketa eraso sexual gisa ulertu duen Epaitegi Gorenaren erabakia dela eta
Nafarroako Gobernua pozik agertu da Epaitegi Gorenak gaur ezagutarazi duen erabakiaren aurrean. 2016ko Sanferminetan izandako talde bortxaketaren aurreko epaia atzera bota eta gertaturikoa eraso sexuala izan zela adierazi du. Horrela, Gobernua pozik agertu da, hasieratik eta prozesu osoan Foru Gobernuak defendatu duen bezala, erasoa izan zela berretsi duen erabakia ikusirik. Izan ere, etengabeko bortxaketa delitua zegoela ulertu izan du beti, Epaitegi Gorenaren epaiak gaur adierazi duen bezala.
Gogorarazi behar da, prozeduraren hasieratik Nafarroako Gobernua akusazio partikular gisa agertu dela, biktima defendatuz eta babestuz. Gobernuak berretsi egiten du biktimaren aurreko laguntza eta elkartasuna. Joan den otsailean, Nafarroako Gobernuak kasazio helegitea aurkeztu zuen Epaitegi Gorenaren aurrean, bortxaketa gertatu zela eta epaiak zigor larriagoak izan behar zituela kontuan ulerturik, Epaitegiak gaur ulertu duen bezala.
Horrez gain, Nafarroako Gobernuak berretsi egin nahi du edozein sexu indarkeria motaren aurreko erabateko gaitzespena, bizitzaren eta askatasunaren kontra egiten duen giza eskubideen bortxaketa onartezina delako, neskatoak eta emakumeak berbiktimatzen dituen indarkeria.
Horrela, Nafarroako Gobernuak bere konpromiso irmoa berresten du emakumeen aurkako indarkeria egoera bakar bat egon ez dadin. Arazoaren oinarria emakumeen eta gizonen arteko berdintasun falta dela kontuan izanik, lanean jarraitu behar da, berdintasunaren aldeko politikak bultzatuz, hori baita prebentziorako eta arazo horiek desagerrarazteko modu eraginkorrena. Halaber, horrelako indarkeria jasaten duten emakumeak babesteko eta arreta integrala eskaintzeko neurriak eta baliabideak egituratzen jarraitu behar da, emakumeen bizitzaren kontra doan eta gizarte demokratiko batean herritarren erdiaren erabateko herritartasunari trabak jartzen dizkion indarkeria baita.
Amaieran, Epaitegi Gorenak hartu duen erabakiaren aurrean Nafarroako Gobernuak egiten duen balorazioari buruz Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako jarduneko kontseilariak egin dituen adierazpenak eransten dira.