2019ko ekainaren 13a

Kuba eta bere iraultza, nerabe eta gazteen indarkeria zein paisaiaren berreskuratzea, datozen udako ikastaroetako gaiak

Ekainaren 17tik 21era izanen dira Iruñea eta Tuterako UHUN eta Kondestable Jauregian
Udako ikastaroen kartela. 
Udako ikastaroen kartela.   Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Unibertsitateek datorren asterako antolatutako ikastaroetan Kuba eta bere iraultza, nerabe eta gazteen indarkeria, paisaiaren berreskuratzea, Espainiako krisi politikoa eta formazio praktikak izanen dira landuko diren gaiak.

-“Kuba eta bere Iraultza: historiaren auzia 60 urte eta gero” Tuterako UHUNek antolatu du eta bere egoitzan izanen da ekainaren 17an. Ikastaroan bi hitzaldi eskainiko dira: lehenengoak “Iraultza eta bere historia” leloarekin, iraultza kubatarra eragin zuten faktoreak gerturatuko ditu, eta ezarpena, lehenengo lorpenak, sobietarren noraeza, garapen ekonomikoa eta AEBen blokeoaren edo bahiketaren ondorioak aztertuko ditu. Bigarrengoak, “Kuba, egungo egoera eta erregimen sozialistaren etorkizuna”, aztertuko du, besteak beste, honako uneak kontuan hartuz: sobietarren blokeoa amaitu osteko herriaren egoera, Chávezek Venezuelarekin izandako aliantza, Fidelen amaiera, Raulen lehendakaritza eta porrot egindako erreformak, Díaz Canelen ordezkoa edo Venezuelako krisia eta bere eragina Kubako ekonomian, hala nola Kuba sozialistak izan dezaken etorkizuna.

-“Politikaren krisia Espainian”, NUPek antolatutako ikastaroa ekainaren 17tik 21era izanen da Civivox Kondestablen. 2008ko krisi ekonomikoa krisi politiko izugarri bihurtu zen Espainian eta jarduera politikoaren subjektu nagusiak susmopean daude: alderdiak, hauteskunde-sistema, justizia-administrazioa eta botere-banaketa, monarkia, eta horren guztiaren jatorrian egon zen trantsizioa. Azkenik, ustelkeria nonahi dagoen fenomeno gisa hautematen da. Ikastaroaren helburua une politikoaren erradiografia bat eskaintzea da, ikuspegi instituzional batetik, aktoreetan baino egituretan izango du ardatz. Interesa duten herritar guztientzat da ikastaroa.

-“Formakuntza praktikak: aurkikuntza profesionalerako gakoa”, Iruñeko UHUNek antolatuta ekainaren 18tik 20ra izanen da unibertsitatearen egoitzan bertan. Ikastaroaren helburu nagusia Practicum eta Praktika Profesionaletan parte hartzen duten eragileen artean (irakasleak, tutoreak, zentro laguntzaileetako praktiketako tutoreak, ikasleak eta ikasketak bukatu dituzten ikasleak) elkarrizketarako gune bat sortzea da. Batetik, Practicumaren garrantzia eta tituluetako kanpo-praktikak ulertzeko; eta, bestetik, norberaren autoezagutzarako eta lanbidea ezagutzeko ematen duten aukera agerian uzteko. Laburbilduz, ikasleen profesionalizazioan lagungarri diren prestakuntza-praktiken elementu zein alderdi nagusiak eztabaidatzea eta aztertzea.

-“Nerabe eta gazteetan indarkeria: guztion ardura”, euskaraz emango den ikastaroa Iruñeko UHUNek antolatu du eta ekainaren 19 eta 20an izango da unibertsitatearen egoitzan. Bertan, ondorengo galderei erantzuten saiatuko dira: Emozioak testuinguruetara egokitzeko eginak daude eta zer gertatzen da orduan gehiegizko biolentzia edo indarkeria erablitzen duten nerabeekin? Nola ulertu eta zer da jokabide horren bidez adierazi nahi dutena? Nola landu profesional mailan nerabe horien bortizkeria indarra erabili ordez eta beste baliabideak erakutsiz? Horren guztiaren inguruan arituko dira ikastaroan baita adimen emozionalaz ere dauden baliabide eta tresna praktikoak landuz.

-“Paisaia berreskuratzeko ikasketa-zerbitzu integratua”, Nafarroako Unibertsitateak antolatutako ikastaroa Iruñeko Kondestable jauregian izanen da ekainaren 20 eta 21ean. Paisaia berreskuratzea diziplina zabala da, eta jakintzaren hainbat eremu hartzen ditu. Proiektuetan ohiko erronka izan ohi da espezialisten lana koordinatuz ezagutza teknikoak integratzea. Erronka hori, gainera, ezinbestekoa da, izan ere, paisaiaren bilakaeraren kudeaketan beharrezkoa da belaunaldi bakoitzaren ekologia, gizarte eta kultura kontuan hartzea. Bide horretan jakintzak bateratzea beharrezkoa da etorkizunean lan horietan jardungo direnak hezteko.