Descárgate la app
Nafarroako Gurutze Gorriarekin hitzarmena sinatu da gizarte-baztertze egoeran dauden etorkinak abegi-zentroetan jasotzeko programa gara dadin
2019ko maiatzaren 28a
Nafarroako Gurutze Gorriarekin hitzarmena sinatu da gizarte-baztertze egoeran dauden etorkinak abegi-zentroetan jasotzeko programa gara dadin
Eskubide Sozialetako Departamentuak Nafarroako Gurutze Gorriarekin hitzarmena sinatu zuen aurreko astean, aurten gizarte-baztertze egoeran dauden etorkinak denboraldi batez jasotzeko programa gara dadin.
Nafarroako Gobernuak 90.000 euro jarri ditu proiektua finantzatzeko, eta, bertan, bi bizileku-baliabide jasotzen dira: bata sei plazakoa, 18 eta 30 urte arteko gizonentzat, gehienez 3-4 hilabeterako; eta bestea 8 plazakoa, zaurgarritasun sozialeko egoeran dauden emakume etorkinentzat, bakarrik edo hain kargu adingabeak dituztenentzat, eta gehienez ere hamabi hilabeteko denboraldirako.
Hitzarmena Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendari nagusia den Gema Mañú Echaidek eta Gurutze Gorriaren Nafarroako idazkari autonomikoak, Marta Urdánoz Zabalzak sinatu zuten.
Halaber, sinatze-ekitaldian ondorengoak izan ziren: Eskubide Sozialetako lehendakariordea, Miguel Laparra; Lehen Arretako eta Gizarteratzeko Zerbitzuko zuzendaria, Iosune Legal; Gizarteratzeko eta Gutxiengoen Arretarako Atalaren burua, Agustín Otazu; eta Gurutze Gorriko koordinatzaile autonomikoa, Juanjo San Martín.
Bi kasutan, oinarrizko premiak estaltzea jasotzen da; hala nola, mantenua, ostatua, jantziak, norberak erabakitzeko gastuak (Bermatutako Errentarik ez duenean) edota osasun-estaldura, erabiltzaileei behar dituzten osasun-baliabide publikoetarako sarbidea erraztuaz. Era berean, gizarteratzeko banako saioak egiten dira, garapen pertsonala erraztearren, eta prestakuntza-tailerrak ematen dira, tartean gazteleraz eta irakurtzen eta idazten ikasteko. Halaber, aisiarako eta denbora librerako jarduerak antolatzen dira.
Baliabide horiek batik bat Nafarroako gizarte-zerbitzuen eta etorkinentzako zuzeneko arreta-zentroen bitartez eskuratzen dira. Aurretik balorazioa egin behar da eta arretarako banako plan bat ezarri.
2018an zehar arduratutako 130 pertsona
2018. urtean zehar, 130 pertsona artatu ziren programan, eta horietatik 40 jasoak izan dira.
Gizartetik baztertzeko arriskuan dauden etorkin gizonezko gazteak denboraldi batez jasotzeko zentrotik, 64 pertsona artatu dira eta 19 hartu; hau da, 18 eta 35 urte arteko tartean gehienak 25 urtetik beherakoak dira eta Afrikakoak, bereziki, Aljeria, Ginea Conakry, Senegal eta Marokokoak. Salbuespen gisa eta arrazoi humanitarioak medio, 35 urtetik gorako gizonezkoren bat ere hartu da.
Zaurgarritasun-egoeran dauden eta haien kargu dituzten adingabekoekin batera edota bakarrik emakume etorkinentzako denboraldi baterako zentrotik, 66 pertsona artatu dira eta 21 hartu (18 eta 35 urte arteko 13 emakume, batik bat, eta 8 adingabe). Gehienak Afrikatik etorritakoak dira (%85), eta batez ere Marokokoak.
Programa honetarako, Gurutze Gorriak bi gizarte-langile ditu, eta haien egitekoa da jarduerak gauzatzea, taldearen eta banako kasuen segimendua egitea, boluntarioak ikuskatzea eta komunitateko baliabide normalizatuekin esku hartzea.