Descárgate la app
Ollo kontseilariak “WILPF: feminismo bakezaleak 100 urte” erakusketa bisitatu du Nafarroako ikastetxe eta kultur etxeetan barna egingo duen ibilbidearen hasieran
2019ko maiatzaren 16a
Ollo kontseilariak “WILPF: feminismo bakezaleak 100 urte” erakusketa bisitatu du Nafarroako ikastetxe eta kultur etxeetan barna egingo duen ibilbidearen hasieran
Bakebidezko Bizikidetzaren Nazioarteko Egunaren kariaz, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok Iruñeko Gurutzearen Plazako Institutuan bisitatu du gaur goizean “WILPF: feminismo bakezaleak 100 urte” deritzon erakusketa. Ekimen honen laguntzaz, Nafarroako Gobernuak ezagutzera eman nahi die gizarte osoari eta bereziki geroko belaunaldiei bakearen aldeko erakunderik zaharrenetako hau, gehienbat emakumeek osatu eta egun ere jardunean dirauena, bakebidezko gizarte etiko eta zuzenen eraikuntzari lotutako itxaropenezko mezua zabaltzeko xedez.
Honela, hasiera eman zaio, ondorengo hilabeteetan Ribaforadan, Burlatan, Lizarran, Altsasun, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Zizur Nagusian edota Barañainen ikusgai izanen den erakusketaren ibilbideari.
Inaugurazioan izan dira, halaber, Álvaro Baraibar, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza-Eskubideen Zuzendari Nagusia, eta Maria Jesús Gastesi, ikastetxeko zuzendaria.
Maiatzaren 28ra arte ikusgai izanen den erakusketarekin batera, tailerrak eta informazio hitzaldiak antolatuko dira, munduak azken 100 urteotan pairatu dituen gatazka guztietan gerraren eta indarkeriaren aurkako jarrerari eutsi dion WILPF erakundearen lanaren garrantzia nabarmentzeko.
Gaur, Gurutzearen Plazako Institutuan, Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Eskolen Programan ospakizun horren inguruan antolatutako jardueren barruan, erakusketa komisariatu duen Concha Gaudó WILPFeko kideak bi hitzaldi didaktiko eman ditu DBHko 3. eta 4. mailetako 142 ikasleren aurrean.
Feminismo bakezaleak 100 urte
WILPF 1915ean sortu zen, Lehen Mundu Gerraren erdian, Hagan antolatutako biltzar baten bitartez. 2015eko apirilean, beste biltzar bat antolatu zuen Hagan, mendeurrenekoa. Erakusketak, irudien eta euskaraz nahiz gaztelaniaz landutako testuen laguntzaz, emakume horiek bakearen alde egindako lana errepasatzen du, betiere bakea planetako leku guzti-guztietan finkatzeko xedez, bereziki gerra edo gatazka dagoen eremuetan.
2018ko irailaren 19an, Nafarroako Gobernuak, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza-Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Bakearen Nazioarteko Eguna ospatu zuen, eta Tuteran antolatutako ekitaldi instituzionalean, Bakearen eta Askatasunaren aldeko Nazioarteko Emakumeen Ligak (WILPF) egindako 100 urtetik gorako lan handia aldarrikatu zuen. Nafarroako Gobernuaren eta WILPFen arteko topaketa hartan ezarritako lan-harremanaren emaitza da “WILPF: feminismo bakezaleak 100 urte” erakusketaren berredizio hau, Nafarroako ikastetxeetan eta herrietan ikusgai izanen dena.
Ekimen hau, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza-Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak bultzaturiko “Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Toki Entitateak” eta “Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Eskolak” programei atxikita dago. Erakusketa jaso nahi duten tooki entitateek eta ikastetxeek idatziz eskatzen ahal dute pazyconvivencia@navarra.es / bizikidetza@navarra.es helbide elektronikoetan, eta telefonoz, 848426048 zenbakira deituz.