2019ko maiatzaren 9a

Barkos Lehendakariak Europaren Eguna ospatu du “Europa Hurbilago” nafar programan parte hartu duten enpresekin

Nafarroak Bruselan eginkizun garrantzitsua izan behar duela nabarmendu du
 Gobernuak enpresa parte-hartzaileen ordezkariekin.
 Gobernuak enpresa parte-hartzaileen ordezkariekin.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Lehendakari Uxue Barkosek harrera egin die gaur, Europaren Egunaren kariaz, Nafarroako Gobernuaren “Europa Hurbilago” programan parte hartu duten enpresen ordezkariei, eta egindako lanagatik zoriondu ondoren, Nafarroarentzat “Bruselan eginkizun garrantzitsua izatea erronka baino betebeharra” dela adierazi die.

Gaur goizean Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan egindako ekitaldian izan dira, Nafarroako Lehendakari Uxue Barkosekin batera, Herritarekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo, Politika Ekonomiko eta Enpresarialeko eta Laneko zuzendari nagusi Izaskun Goñi. Nafarroako Gobernuaren Bruselako ordezkari Mikel Irujo eta programan parte hartu duten hamar enpresen ordezkariak. Hauen izenean, Bee Standars enpresako Sergio Saezek parte hartu du ekitaldian. Halaber, ekimenaren ordezkarien izenean, Nafarroako Unibertsitateko Ikerketaren Kudeaketako zuzendari Javier Matak eta Nafarroako Industria Elkarteko (AIN) zuzendari kudeatzaile Ana Ursuak hitz egin dute.

“Europa Hurbilago” deritzon programa, Nafarroako Industria Elkarteak (AIN) eta Nafarroako Unibertsitateak kudeatzen dituzten European Enterprise Europe sarearen Nafarroako puntuen ekimena da. Nafarroako Gobernuaren Bruselako Ordezkaritzak babestutako programa honek bi helburu ditu: prestakuntza ematea Horizon 2020 europar programari atxikitako proposamenak lantzen ari diren enpresei, eta Bruselarako bidaiak antolatzea bertako eragileak Europako eragileekin harremanetan jartzeko aukera izan dezaten.

Programa bigarren edizioa garatzen ari da aurten hamar enpresa hauen parte-hartzeaz: Ansabere Surgical, AIT, Brioagro Tech, S.L., Tecnologías y Servicios TiempoReal, Pentabiol SL, Nadetech Innovations, Bee Standards SL, BeePlanet Factory S.L., Nutrinsect Spain SL, eta Mateprincs S.L.

Lehendakariaren agerraldia

Barkos Lehendakariaren hitzetan, “Europa Hurbilago”, Rober Schuman Europar Batasunaren sortzailekideak 1950ean aipatu zituen “gauzatze zehatzen” eredua da, eta “gauzatze zehatz” horiek Nafarroaren aurrerabidean eta Europaren eraikuntzan laguntzan dutela esan du, “bata eta bestea eskutik helduta doazelako”.

Europar Batasunaren barruan egoteak 22 urte hauetan Foru Komunitatearen gainean izandako eraginari buruzko balantze “arras positiboa” egin ondoren, Lehendakariak autokonplazentzian erortzeko arriskuaz ohartarazi du. Horren harira nabarmendu du “asko dagoela oraindik egiteko, hobetzeko eta koordinatzeko”, lankidetzaren kultura komunitatearen barruan nahiz kanpoan sustatu beharra espresuki aipatuz.

“Erronka ez ezik, Bruselan eginkizun garrantzitsua izatea betebeharra da Nafarroarentzat. Datu bat baizik ez: Europako Batzordearen arabera, EBko aurrekontuaren % 80 eskualdeek inplementatu eta gauzatzen dute”, ziurtatu du Lehendakariak, eta horrekin batera gogoratu du Europak “gero eta gehiago, eskualdeen arteko lankidetzaren alde apustu egiten duela”, horretara aurrekontuko 350.000 milioi euro bideratzen dituelarik, baita beste 90.000 milioi euro ere Erasmus, Life eta H2020 gisako zeharkako programen bitartez.

Bee Standars enpresakoa den Sergio Saezek eskertu du  foru Exekutiboak abian jarritako enpresa zein instituzioen arteko lankidetza proiektu hau: "Guretzako ohorea da, Europan gure lana aurrera eramateko laguntza konstantea jasotzea, gure kasuan ikerkuntza Europako beste herrialdeetan aplikatu ahal izateko".

AINeko Ana Ursúa eta Nafarroako Unibertsitateko Javier Matak ondorengoa nabarmendu dute: "Programa honekin, instituzioek enpresa nafarren nazioartekotzea bultzatzen laguntzen dute, lankidetzaren bidez (networking), honek atzerrian kontaktuak lortzea errazten baitu".