2019ko apirilaren 26a

Barkos Lehendakaria buru, harrera instituzionala egin zaie ijito komunitateei Nafarroan duten ospakizun egunari harira

Foru Komunitatean duen presentzia eta bertako historiari egindako ekarpena nabarmendu eta integrazio sozialean lanean jarraitzearen alde agertu da
Irudi galeria

Nafarroako Lehendakari Uxue Barkos izan da ijitoen ordezkari eta elkarteei egindako harrera instituzionalaren buru, bihar, apirilak 27, ospatuko den Foru Komunitateko Ijito Komunitatearen Egunaren harira.

Jauregiko Tronu Aretoan antolatutako ekitaldian izan dira Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo, Hezkuntzako kontseilari María Solana eta Osasuneko kontseilari Fernando Domínguez, baita Parlamentuaren, Foru Komunitateko udal nagusien eta bestelako erakundeen ordezkariak ere. Ijito komunitateen izenean, Gaz Kalo elkartea, La Majarí elkartea, Chavorrós eta Chavorrís Gazte Elkartea, Red Romá, Pastoral Gitana, Casa Sabicas, Ijitoen Idazkaritza Fundazioa eta gizarte-esparruko beste elkarte batzuen ordezkariak bertaratu dira.

Apirilaren 27a da Nafarroako Ijito Komunitatearen Eguna, izan ere, egun horretan, baina 1435ean, ijitoen ordezkaritza bati harrera egin zioten Nafarroako Blanka erreginaren gortean, Erriberrin.

Lehendakariaren agerraldia

Jendaurreko agerraldian, Barkos Lehendakariak “aitorpena eta esker ona” adierazi dizkio ijito komunitateari, “izan ere, duela mende askoz geroztik, Nafarroan txertatuta dago eta ahaleginez eta borondatez Nafarroaren historia, aurrerabidea eta ongizatea eraikitzen lagundu du”.

Egun, 8.000 ijito inguru bizi dira Nafarroan eta “ikuspuntu sozialetik aspaldi baino integratuago dauden arren, alderdi aunitzetan aurrera egiten ahal dugu oraindik ere integrazio horretan sakontzeko”.

Horren harira, komunitate horrekin egindako baterako lana nabarmendu du, enpleguan, etxebizitzan, hezkuntzan, osasunean, berdintasunean zein diskriminazioaren ezan duen egoera hobetzeko. Zeregin horretan, parte hartzeko gonbita luzatu die toki entitateei, “izan ere, udalak dira herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak, eta ondorioz, horiexek dira beste maila batzuetan zehaztu eta zirriborratutako planak eta proiektuak taxutu eta errealitate bihurtzen dituztenak”.

Berariaz agurtu du José Mari Muñoz, Nafarroako ijito komunitatea duintzearen alde egin dituen ahaleginengatik, eta kolektibo horietako kide guztiei eskatu die “gizarte osoari zuen kultura, zuen ekimena eta zuen indarra gehitzen jarrai dezazuela, guztion artean ondorengo belaunaldiei harrotasun osoz uzteko moduko gizarte bidezkoagoa, dinamikoagoa, inklusiboagoa eta zuzenagoa lortu ahal izateko”.

Egunaren azalpena eta intsignia

Azaldu den bezala, Nafarroako Ijito Komunitatearen Egunak Nafarroako Blanka erreginak 1435eko apirilaren 27an ijitoen ordezkaritza bati eginiko harrera ospatzen du.

Data horren azalpena egin dute Natalia Jiménez Chavorrós eta Chavorrís Gazte Elkarteko kide eta Irakasleen Eskolako ikasleak; Silvia García, Ijitoen Idazkaritzako Fundazioko kideak eta Macarena Cobos, Pastoral Gitanako ordezkariak.

Gainera, ekitaldian zehar, Barkos Lehendakariak Nafarroako intsignia eman dio Jose Muñoz Berriori, Nafarroako ijito komunitatearen gizarte integrazioan egindako lanarengatik.

Ekitaldiari Nafarroako Ereserkiarekin eman zaio hasiera eta amaiera “Gelem, Gelem” ijitoen ereserkiarekin.