(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Berotegi-efektuko gasak 2030erako % 45 murriztea aurreikusten du Nafarroak ostirala, 2018.eko urtarrilak 26


Epe horretarako, energiaren kontsumo totalaren % 50 iturri berriztagarrietatik etorriko da


Transcripción textual del video

Garapen Ekonomikorako lehendakariorde Manu Ayerdik eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizaldek elkarrekin aurkeztu dute Foru Gobernuak klima-aldaketa geldiarazteko onartu duen estrategia, zeinaren tresna nagusietako bat energia-planeamendua baita. Nafarroako Gobernuak onartu berri ditu Klima Aldaketaren Ibilbide Orria eta 2030erako Nafarroako Energia Plana. Dokumentu horiek Gobernuaren jardun osora hedatzen dituzte helburuak, eta epe bera dute jomugan: 2030. urtea.

Aerosorgailuak.

Energia-iturri garbiak, klima-aldaketaren aurka.

Garapen Ekonomikorako lehendakariorde Manu Ayerdik eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizaldek elkarrekin aurkeztu dute Foru Gobernuak klima-aldaketa geldiarazteko onartu duen estrategia, zeinaren tresna nagusietako bat energia-planeamendua baita.

Nafarroako Gobernuak onartu berri ditu Klima Aldaketaren Ibilbide Orria eta 2030erako Nafarroako Energia Plana. Dokumentu horiek Gobernuaren jardun osora hedatzen dituzte helburuak, eta epe bera dute jomugan: 2030. urtea.

Departamentu eskudunen ordezkariek ostiral honetan aurkeztu dituzte bi gobernu-akordio horiek.

Ayerdi lehendakariordeak adierazi du "dokumentuok Nafarroak klima-aldaketaren aurka duen konpromisoa erakusten dutela, arlo horretako nazioarteko akordioen esparruan". Batetik, Nafarroako Klima Aldaketaren Ibilbide Orria zeharkako ingurumen-estrategia bat da, fenomeno horri ekiten dioten zenbait politika sektorial txertatzen dituena, eta, bestetik, 2030erako Nafarroako Energia Plana "Klima Aldaketaren Ibilbide Orriaren funtsezko tresnetako bat da, eta, dakizuenez, horrek zehazten du foru-gobernuak hiru erronka hauei ekiteko duen estrategia: energia-eraginkortasuna hobetzea, iturri berriztagarrietatik energia gehiago ekoiztea, eta erregai fosilak ordezten aurrera egitea".

Ondoren, Isabel Elizalde kontseilariak Klima Aldaketaren Ibilbide Orriaren ildo nagusiak aurkeztu ditu, eta zer erronka dituen.

Gobernuak dokumentua onartu du Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak proposatuta, eta, haren bidez, Foru Komunitateak konpromisoa hartzen du isurtzen dituen berotegi-efektuko gasak % 45 murrizteko 2030erako, 2005. urtearen aldean. Horren helburua da tenperaturak igotzen jarraitu ez dezan laguntzea, joera hori egiaztatu baita Nafarroako meteorologia-estazioetan.

Urrun ikusten zen fenomeno hori bertan dugu jada, eta horren erakusgarri da mahats-bilketak 15 egun baino gehiago aurreratzen direla.

AEMETen txosten baten arabera, tenperatura 0,12 eta 0,15 °C igotzen da, batez beste, hamarkada bakoitzeko, eta igoera hori bizkortu egin da 1980az geroztik. Isabel Elizalde kontseilariaren hitzetan, "Joerak bere horretan jarraitzen badu, aldaketak ondorio larriak izango ditu Nafarroarentzat, "eremu sentikor" batean baikaude, non nazioarteko komunitateak giza osasunerako arriskuak eta uholde- eta sute-arriskuak aurreikusten baititu. Kontuan izan behar da klima-aldaketa emisioen bilakaeraren araberakoa izango dela, hein handi batean; emisio horiek murrizteko gai garen edo ez, horren araberakoa. Eta erantzuna gutako bakoitzaren mende dago, eta jarduera guztiei eta sektore guztiei eragiten die".

Ibilbide Orriak jasotzen du Nafarroak konpromisoa duela klima-aldaketaren aurka, nazioarteko akordioen esparruko baterako gobernu-jardunaren barruan.

Hala, Garapen Jasangarriaren Helburuak (besteak beste, klima-aldaketaren aurka borrokatzea, hezkuntza, ingurumena babestea, eta gure hiriak diseinatzea) eta Parisko Akordioa (planetaren batez besteko tenperatura-igoera 2 °C-ra mugatzea, industriaurreko mailen aldean) oinarritzen diren printzipioak partekatzen ditu.

Dokumentuak oinarriak jartzen ditu eredu sozioekonomiko eta energetiko berri baterantz joateko, "klima-eraginetara egokitutako karbono gutxiko ekonomia bat duena, garapen jasangarriaren erreferente bat izateko, lurraldea ingurumenarekiko arduratsua izanez eta baliabideak eraginkortasunez erabiliz".

"Tresna malgua da, bizia, eta aukera emango du arin birbideratzeko errealitateak hori egin behar dela erakusten digunean", Ingurumeneko buruaren hitzetan.

Dokumentua zehazten parte hartu dute departamentuetako langile gaituek eta zenbait esparrutako adituek, eta prozesu hori herritarrei ere ireki zaie, non 600 lagunek hartu baitute parte.

Emisioak murriztea

Nazioarteko orientazioei jarraikiz, Nafarroak konpromisoa hartu du isurtzen dituen BEGak % 45 murrizteko 2030erako, 2005. urtearen aldean, eta % 80 murrizteko 2050erako; epe laburreko helburua, berriz, 2020rako % 20 murriztea da.

Kontseilariak emisioen azken balantzearen (2016koa) datuak aurreratu ditu.

"Berotegi-efektuko 5,52 milioi tona gas isuri dira zuzenean. 2016an, berretsi egin da 2015ean hautemandako goranzko joera, % 5,3ko igoera, hain zuzen. Horren arrazoi nagusia da emisioak igo egin direla elektrizitate-sorkuntzaren sektorean, eta, hein txikiagoan, errekuntza industrialaren sektorean. Ekonomiak ez du karbonoa alde batera utzi. Areago, emisioen intentsitatea handitu egin da 2015. urtearekiko. Alegia, gauza bera ekoizteko, gehiago isurtzen dugu. Hala eta guztiz ere, egia da murriztu egin ditugula emisioak 2005. urtearekiko".

Emisioak murriztea lortuko da, hein handi batean, sektore guztietako eraginkortasuna hobetzeari esker, baina, batez ere, energia-eredua aldatzen badugu murriztuko dira, hau da, iturri fosilen ordez energia berriztagarri gehiago kontsumitzen baditugu (2030erako Nafarroako Energia Plana).

Sektore ez-energetikoetan emisioak murrizteko proposatu diren ekintzak ere xehatu ditu Elizaldek:

· Mugikortasunean, hiri-mugikortasun jasangarriaren plan gidarian eta Nafarroako estrategia logistikoan aurrera egitea.

· Hondakinetan, Hondakinen Lege berria aplikatzea, eta hondakin gutxiago ekoizteari lehentasuna ematea.

· Nekazaritzan, abeltzaintzan eta baso-kudeaketan, batetik, Landa Garapenerako Plana, non emisioak murriztea dakarten ekimenak babesten baitira; bestetik, Baso Plana; eta, azkenik, merkaturatze-zirkuitu laburrak babestea.

Elizaldek adierazi duenez, "Administrazioan, gainera, eredugarriak izan nahi dugu, instalazio publikoen energia-kontsumoak erregistratuz eta kontrolatuz, eta jarraibide horiek kontratazio eta erosketa publikoen baldintza-orrietan aplikatuz.

Ondorioetara egokitzea

Klima-aldaketaren ondorioek, hala nola bero-boladek, uholdeek, sute-arrisku handiagoak, ur-erregimeneko aldaketek…, eragina izango dute pertsonen osasunean, ekosistemetan eta ekonomian.

Nafarroak aldaketa horiei aurre egin diezaien, KLINAk zenbait neurri hartu ditu, eta Europako Life Nadapta proiektuarekin finantzatuko dira.

 

Proiektu honen % 60 Europar Batasunak finantzatuko du, eta 15,6 milioi euro inbertituko dira 8 urtean ingurune naturalean eta landa-ingurunean, baina baita hiri-ingurunean ere, sei arlo estrategikotan banatuta: ura, basoak, nekazaritza, osasuna, azpiegiturak eta lurralde-plangintza.

2030erako Nafarroako Energia Plana

Ondoren, Ayerdi lehendakariordeak 2030erako Nafarroako Energia Planaren (NEP 2030) xehetasunak eman ditu. Plan horrek kontuan hartzen ditu Ibilbide Orrian planteatzen diren erronkak, eta bere helburuak ardatz hauetan oinarritzen ditu:

energia-aurrezpena eta -eraginkortasuna, energia berriztagarriak eta autokontsumoa, garraio elektrikoa, sare adimendunak eta I+G+B.

Hala, Ibilbide Orriaren baitan, helburu orokorrak zifratan eta datatan zehazten dira.

2030erako, murriztu egingo dira berotegi-efektuko gasen emisioak, eta energia-kontsumoaren % 50 energia-iturri berriztagarrietatik lortuko da; hala, bikoiztu egingo dira egungo zifrak —2050ean lortuko litzateke % 100a—. Urte horretan, halaber, garraio-premien % 15 kutsatzen ez duten ibilgailuekin aseko da, eta, energia-eraginkortasunaren inguruko ekintzei esker, % 30 murriztuko da lehen mailako energia-kontsumoa, 2020rako aurreikusten diren zifren aldean.

Ildo horretatik, Ayerdik nabarmendu du "energiarik onena kontsumitzen ez den hura dela; kontsumoa murriztea da xedea, eta energia-intentsitatea hobetzea".

Gaur egun, azken urteetan arlo honetan aurrerapausoak eman badira ere, Nafarroan kontsumitzen den energiaren % 76 kanpotik dator, eta, gehienak, erregai fosilak dira (% 38, petrolioa, eta beste % 38, gasa). Horren ondorioz, baliabide publiko eta pribatu ugari bideratzen dira horretara, eta berotegi-efektuko gas (BEG) asko isurtzen dira.

Helburu nagusiak

Planaren xedea egoera hori saihestea da, Klima Aldaketaren Aurkako Ibilbide Orriarekin eta Europak energia-arloan eta fenomeno global horren aurkako borrokan duen estrategiarekin bat.

Hauek dira lau helburu nagusiak:

 

1.- Klima-aldaketari aurre egitea, CO2-emisioak murriztuz.

2.- Erregai fosiletatik datorren energia nabarmen murriztuko duen mix energetiko baterantz aurrera egitea.

Puntu horretan, Ayerdik baieztatu du "Nafarroak oso garesti ordaintzen duela erregai fosilak erosteagatik: ia 4 milioi euro egunean. Mix energetikoa aldatzearen helburu horrek eskatzen du 2030ean gure lurraldearen energia-kontsumoaren % 50 jatorri berriztagarrikoa izatea —gaur egun, Nafarroan kontsumitzen den energiaren % 24 bakarrik etortzen da iturri berriztagarrietatik, eta gainerako energia erregai fosiletatik, petroliotik eta gasetik etortzen da, eta horrek esan nahi du, gainera, atzerriko herrialdeen oso mende gaudela—".

 

3.- Hornikuntza-segurtasuna bermatzea eta energia-pobrezia murriztea.

4.- Energia berriztagarrietako berrikuntzan aitzindari izatea, "jatorri fosileko energia, pixkanaka, energia berriztagarriekin ordezteko". Hori dela eta, Gobernuak estrategikotzat jo du sektore hori S3aren barruan.

Ardatz horietako bakoitzak, berriz, berariazko xedeak ditu.

Hala, 2030erako CO2-emisioak murriztea proposatzen da.

Lortu nahi da, halaber, urte horretan bertan EBk 2020rako aurreikusten duen lehen mailako energia-kontsumoa % 30 murriztea, energia-eraginkortasunaren inguruko ekintzei esker.

Horrez gain, garraio-arloan, ezer isurtzen ez duten ibilgailuak bultzatuko dira, garraio-premien % 15 energia berriztagarriekin ase dadin; autoarekiko mendekotasuna murriztu egingo da; eta ordezko garraiobideak sustatuko dira.

Atal horren barruan, herritarren artean energia-kultura berri bat zabaltzeko egingo da lan, eta laguntza emango zaie administrazio publikoei energiaren inguruko ekintzetan.

Mix energetikoari dagokionez, helburua da 2020an energia-kontsumoaren % 28 iturri berriztagarrien bidez hornitzea, eta ehuneko hori % 50era igotzea 2030ean.

Iturri horien erabilera sektore guztietan sustatuko da: industrian, egoitzetan eta garraioan.

Hornikuntzaren segurtasunari eta energia-pobreziari dagokienez, kargatze elektrikoetarako puntu publikoak, industriako mikrosareak eta hiri eta sare adimendunak areagotzea aurreikusten du planak, autohornikuntza areagotzeko eta atzerriko herrialdeekiko mendekotasuna eta energia-kostua murrizteko.

Energia berriztagarriak gordetzea eta estatuko sare elektrikoarekiko behar besteko interkonexioa ere sustatuko dira, iturri berriztagarriek ekoizten ez dutenean hornikuntza bermatzeko. Azkenik, arreta berezia jarriko da energiaren alderdi sozialetan, alor horretako pobrezia murrizteko.

Laugarren helburua lortzeko, hots, Nafarroa energia berriztagarrietan aitzindari bihurtzea, zenbait neurri garatzen ditu planak sektore horretarako, eta hori da Espezializazio Adimendunaren Planeko (S3) helburu estrategikoetako bat.

Besteak beste, zera proposatzen da: teknologia energetiko berrien esparruko enpresa- eta industria-ehuna indartzea, I+G+Ba sustatzea, zentro teknologikoak eta ikerketa-zentroak bultzatzea eta haiek enpresekin eta unibertsitateekin duten lankidetza bultzatzea, eta energia-kluster bat bultzatzea.

 

146 neurri

Orain arte aipatutako helburuak lortzeko, NEPek 146 neurri zehatz ditu, 9 esparrutan banatuta:

energia-eredua (11 neurri), sorkuntza (11), haize-energia (5), biomasa (14), sareak (19), kontsumoa (15), mugikortasuna (31), I+G+Ba (44), eta sentsibilizazioa eta trebakuntza (6).

Neurri zehatzetako batzuk dira, besteak beste, % 30erainoko zerga-murrizketak auto partikular, motor edo taxi elektrikoak eros daitezen sustatzeko; sarbide publikoko 20 kargatze-puntu instalatzea irizpide geografikoekin (potentzia handiko 10 puntu Iruñerrian, eta beste 10 Nafarroaren gainerakoan); lan-garraioei pizgarriak ematea (langileek lanera joateko erabiltzen dituztenei, adibidez); eta auto elektrikoei zirkulazio-zerga eta Audenasako bidesaria murriztea.

Eraikinetako kontsumoa murriztu dadin sustatzeko, proposatzen da energia-birgaitzerako laguntzak ematea, argiteria-gastua kontrolatzea, energia-zerbitzuak bultzatzea, eta proiektu autosufizienteei laguntzak eta kenkariak ematea.

Autohornikuntzaren helburuak, berriz, ekintza zehatz hauek ditu, besteak beste:

energia-kostuen eraginpean dauden komunitateetan iturri berriztagarriak bultzatzea (ureztatzaileak, Nafarroako Kanala); herriguneetarako autokontsumo minieolikoko inbertsio-proiektuei laguntzak eta kenkariak ematea; eta administrazio publikoek parke eolikoak sortzea.

 

Parte-hartze prozesua

Plana 2016ko irailean hasi zen egiten, eta herritarrek parte hartu dute prozesu horretan, non arlo horretan diharduten kolektibo guztiek hartu baitute parte:

Gobernuko departamentuek, toki-erakundeek, enpresek, elkarteek, adituek eta, oro har, herritarrek, eta, denen artean, plana hobetzeko 200 proposamen baino gehiago egin dituzte.

Gainera, bost bilera sektorial egin dira, hauei buruzkoak: energia-sorkuntza eta -kudeaketa, azpiegiturak, energia-kontsumoa eta -aurrezpena, energia-eraginkortasuna, eta mugikortasuna eta garraioa eta trebakuntza eta sentsibilizazioa.

Prozesua lurralde osora zabaldu da; izan ere, Iruñean, Irurtzunen, Lizarran, Tuteran eta Tafallan egin dira topaketak.

Azkenik, hiru deliberazio-bilera egin dira, hauei buruzkoak: Energia Agentzia bat sortzeko aukera, parke eolikoen plangintza eta kudeaketa, eta energiaren sektoreko lege-esparrua.

 

Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Bideoa
PEN2030DEFINITIVO20171226comprimido.pdf
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa