RuralBiziko enitateek beren arteko harremanak estutu dituzte, Nafarroako landa-sarea sendotzen jarraitzeko asmoz. - Red Rural
RuralBiziko enitateek beren arteko harremanak estutu dituzte, Nafarroako landa-sarea sendotzen jarraitzeko asmoz.
Toki entitateetako hamabost bat ordezkarik parte hartu zuten joan den urriaren 30ean RuralBizi entitateen jardunaldian. Topaketa, hausnarketa eta elkarlanerako gunea izan zen, loturak indartzeko, esperientziak partekatzeko eta Nafarroako landa ingurunearen garapenarekin eta dinamizazioarekin konprometitutako sarea eraikitzen jarraitzeko balio izan zuena.
Iruñeko La Fábrica de las Gomas-ek hartu zuen jardunaldia, RuralBizi osatzen duten entitateen artean komunitatea eraikitzeko eta Nafarroako landa-ingurunearen komunikazioa hobetzeko gogoeta egiteko helburuarekin. Hainbat dinamika eta lan-saiorari esker, parte-hartzaileek beren esperientziak, beharrak eta ideiak trukatu zituzten, Nafarroako herrietako proiektu, ekimen eta aukerei ikusgaitasun handiagoa emateko.
Hainbat lan-dinamikari esker, parte-hartzaileek elkar hobeto ezagutu, kezkak trukatu eta helburu komunak topatu zituzten saioan. Ariketa honi esker, lankidetzarako bideak ireki eta sinergia berriak sortu ziren Nafarroako landa-eremua hainbat alorretatik biziberritzen duten erakundeen artean.
Lankidetzatik sare bat ehuntzen
Nafarroako landa-garapena hainbat alorretatik bultzatzen duten eragileak elkartu ziren jardunaldian. Besteak beste, bertan izan ziren TEDER, Junta de Limitaciones de Amescoa, Tejiendo Caminos de la Sierra de Codes, Cederna Garalur, Idiazabal Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailea, PAC Sarea eta Nafarroako Kutxa Fundazioa, INTIAko eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko teknikariez gain.
Parte-hartzaileen profil anitzek ideien trukea aberastu zuten, eta interes komunak, proiektu osagarriak zein lankidetza-bide berriak topatzea ahalbidetu zuten. Eragile hauek guztiek, bakoitzak bere ikuspegitik, helburu bera dute buruan: Nafarroako landa-ingurunea bizirik eta indartsu mantentzea.
Jardueraren une garrantzitsuenetako bat "Gure sarea urratzeko: lau galdera" izeneko dinamika izan zen. Jarduera honen helburua parte-hartzaileen arteko harremanak erraztea eta erakunde bakoitzaren baliabideak, ezagutzak zein beharrak komunean jartzea izan zen.
Espazio horri esker, argi geratu zen Nafarroako landa-sareak duen aberastasun eta aniztasun handia, baita elkarlana bultzatuko duten topo-tokiak sortzea zein garrantzitsua den ere. Izan ere, erakunde askok proiektu osagarriak, helburu bera duten kezkak eta etorkizuneko lankidetza-bideak topatu zituzten bertan.
Jardunaldian, gainera, "Landagunea baliabide handirik gabe kontatzea" izeneko saio praktikoa egin zen. Saio horretan, tresnak eta komunikazio-gakoak eman zitzaizkien erakundeei beren ekimenak hobeto ezagutarazteko eta gizarteari landa-eremuaren errealitatea, erronkak eta aukerak hurbiltzeko.
Ekimen berrietarako abiapuntua
Jardunaldiari amaiera emateko, Bizi landa komunitatearen hurrengo urratsen inguruko gogoeta komuna egin zen. Hitzordu huts bat baino askoz gehiago izan zen: sareko kide izatearen sentimendua indartzeko balio izan zuen, kideen inplikazioari esker egunez egun hazten eta sendotzen jarraitzen duen sarea, hain zuzen.
Goizeko saioan jasotako ideiak eta proposamenak oso baliagarriak izango dira hurrengo urratsak zehazteko eta eskualdeko eragileen arteko harremanak estutzen jarraitzeko.
RuralBizi: Nafarroako landa-eremua indartzeko eta biziberritzeko komunitatea.
RuralBizi ekimenaren helburua Nafarroako landa-eremua konektatzea, ezagutaraztea eta dinamizatzea da. Horretarako, herri zein eskualdeen garapenean lan egiten duten pertsona, proiektu, enpresa, elkarte eta erakundeen jardunari balioa ematen dio.
Istorio inspiratzaileak zabalduz, topaguneak sortuz eta elkarlana bultzatuz, RuralBizik komunitatea eraikitzen du. Sare bizi, anitz eta parte-hartzaile honekin, landa-eremuko kide izatearen harrotasuna indartu nahi du, bertan bizi eta ekiten dutenei aukera berriak eskainiz.
Bide honetan aurrerapauso garrantzitsua izan da RuralBizi entitateen jardunaldia. Garbi geratu da elkarlana, bizi-esperientziak trukatzea eta saretik lan egiteko modua ezinbesteko tresnak direla Nafarroako landa-eremuaren etorkizuna eraikitzen jarraitzeko.