Jarduerak - Nafarroako Museoa
Jarduerak
Familientzako tailerrak - 2025eko maiatza
Apirilaren 23an irekiko da familia tailerretan izena emateko epea. Museoko leihatilan bertan egin ahal izango dira, goizeko 9: 30etatik aurrera, irekiera-ordutegian eta iritsitako ordenaren arabera, tailer bakoitzeko 18 plazak agortu arte.
Haur (5 urtetik aurrera) eta familientzako bi tailer proposatzen dira, Jyotima Barrenetxeak emanak, Mertxe Sueskunen obraren alderdi zehatzekin lotuak. Tailerrak gaztelaniaz zein euskaraz eskaintzen dira maiatzeko ondoz ondoko 4 larunbatetan, arratsaldez (17:00etatik 18:30era).

Haur eta familientzako bi tailer proposatzen dira, Jyotima Barrenetxeak emanak, Mertxe Sueskunen obraren alderdi zehatzekin lotuak. Tailerrak gaztelaniaz zein euskaraz eskaintzen dira maiatzeko ondoz ondoko 4 larunbatetan, arratsaldez (17-18:30).
- Maiatzak 3: "Eguneroko objektuak eraldatzen" CAST
- Maiatzak 10: "Eguneroko objektuak eraldatzen" EUSK
- Maiatzak 17: "Hutsunea bete, hutsunea bizi" CAST
- Maiatzak 24: "Hutsunea bete, hutsunea bizi" EUSK
Tailer bakoitzak 90 minutuko iraupena izango du, eta bi zatitan egituratuko da: lehenik, aurrez aukeratutako obretan oinarritutako erakusketa bisitatuko da; ondoren, tailerreko gunean, esperimentazioaren, jolasaren eta gozamenaren inguruko sormen-prozesuak garatuko dira, materialen eta elementuen ezaugarri plastiko-adierazkorrei arreta berezia eskainiz.
1. tailerra: "Eguneroko objektu eraldatzen"
Etxeko objektuan eta eguneroko objektuan zentratuko da, haren alderdi poetikoa, sinbolikoa eta afektibo-esperientziala aztertuz. Eskultura-pieza berriak sortuko ditugu, "eraldatutako objektuak" esanahi eta kontakizun berriez hornituz.
2. tailerra: "Hutsunea bete, hutsunea bizi"
Eskulturari geometriatik, zentzumenetik eta jolasetik helduko dio. Oinarrizko forma geometrikoekin eta hutsunearekin esperimentatuko dugu, horiek betetzera, zeharkatzera, gainezka egitera edo hainbat material eta elementurekin "bizitzera" jolastuz.
Artistak bere tailerreko materiala emanez lagundu ahal izango du. Opari hori, "beste gauza bat" bihurtua, irudi, idatzi edo tailerrean bizitako prozesuen lagin txiki baten bidez itzuliko zaio artistari.
Jende guztiarendako programak
Lagundutako bisita programatuak
Museoaz bakarka edo talde txikietan gozatu nahi dutenendako bisitak dira. Aldi baterako erakusketak eta bilduma iraunkorrak ezagutzeko bisitaldiak dira: teknikariek lagundurik egiten dira eta bertaraturiko jendearen parte hartzea ere sustatzen dute.
Programatutako bisitek igandeetan izanen dira, 12:30ean. Bisita doakoa da eta gonbidapena aldez aurretik hartu behar da museoko leihatilan, bisitaren egun berean 11:00etatik aurrera.
Taldeendako bisita lagunduak
Nafarroako Museoko bildumak ezagutzeko, hoberena da langile kualifikatuek gidaturik joatea. Doako bisitak dira; batzuk orokorrak dira, eta beste batzuek ikuspegi zehatzagoa dute, taldearen interesen arabera. Gutxi gorabehera ordubete irauten dute, eta talde bakoitzean gehienez ere 25 lagun egon daitezke.
Taldeendako bisita espezifikoak gutxienez bi aste lehenago hitzartu behar dira, 848426493 telefonora deituta.
Nafarroako Museoko bildumak norberak bere kabuzbisitatzeko aukera ere badago. Erreserba aldez aurretikeginez gero, taldeak bere gidaria edo irakaslea ekar dezake.



Haurrendako tailerrak
Oporraldietan
6 eta 12 urte bitarteko haurrek oporretan (Aste Santuan, udan eta Eguberrietan) museoaz gozatzeko programa bat da. Jarduera ondoz ondoko lau egunetan egin ohi da (asteartetik ostiralera), goizero bi ordu inguruko saioak eginez.
Oso antzeko formatua dute: saioetan, lehenik eta behin, haurrek erakusketa edo pieza jakin bat bisitatzen dute, eta, ondoren, tailerren eremuan, hainbat arte-diziplina lantzen dituzte, esperimentatu, ikasi eta gozatzeko.
Familiendako programak
Egun batez gidari
Edozein une da ona familia osoa historiara eta artera hurbiltzeko bilduma iraunkorraren bidez. Haurrek museoan barrena ibiltzeko aukera izanen dute bost lan bereziren sekretuak ezagutu bitartean.
Tableta elektronikoaren formatua duen koadernotxo batek testu laburrak eta horiei buruzko informazio grafikoa biltzen ditu, eta haien behaketa estimulatzen duten obrei eta jarraibideei buruz gehiago jakiteko gakoak erakusten dizkie. Haurrek, horrela, denboran zeharreko ibilbide batean lagundu ahal izango diote beren familiari, mosaiko, kapitel, kutxatila edo pintura batean ezkutatzen diren istorioak partekatuz.
"Egun batez gidari", baliabideak protagonista bihurtzen ditu, bide horretan aurrera egiteko parte-hartze aktiboa bultzatuz. Materiala gaztelaniaz eta euskaraz dago eskuragarri, eta Nafarroako Museoko Harreran eska daiteke, eta bisita egin ondoren itzultzen da. Pdf formatuko bertsioa ere kontsulta daiteke.
Jardueren erreserbak
Museo Soziala
Auzokoak gara
Hezkuntza eta Zabalkunde Arloaren funtsezko jarduketa-ildoetako bat da Nafarroako Museoaren inguruan bizi direnen parte-hartzea sustatzea, “Auzokoak gara” ekimenaren bidez. 2018az geroztik, hainbat ekintza garatzen ari gara Alde Zaharreko elkarte eta kolektiboekin batera, Nafarroako Museoa eta kultura-ondare materiala eta immateriala eurena ere badela sentiarazteko.
Nafarroako Museoa bere ingurune hurbilera gerturatzeko kanpaina honek helburu bikoitza du: balio jakin batzuk, bizitzeko, sentitzeko eta pentsatzeko modu jakin batzuk sustatzea, gizartea kohesionatzeko balio dezaten gero, baita berdintasunean, aniztasunean, askatasunean, sormenean, justizia sozialean, inklusioan eta parte-hartzean oinarritutako bizikidetza-esparruak osatzeko ere.

Proiektuak eta ekimenak askotarikoak izan dira:
- Bisita lagunduak: Alde Zaharreko bizilagunak museoko aretoetan barrena ibili ziren, espazioa gero eta irisgarriagoa izan zedin, ongi hartua sentitzeko moduko toki bat izan zedin auzoan.
- Aukeratutako obra: Elkarteekin eginiko elkarrizketen ondorioz, haietako bakoitzari bisita gidatu eta pertsonalizatu bat egiteko gonbita egin zitzaion; bisitan, aukera izan zuten museoko obra bat hautatzeko eta lan hori beren balioen ikur bihurtzeko. Elkarrizketa horiek bideo banatan jaso ziren.
- Haurrendako hiri-udalekuak: Lankidetza-ekintzen barrenean, museoak, Paris 365en eta Garabatoren eskutik, gizarte-bazterketako arriskuan dauden haurrendako tailerrak egin zituen ondoz ondoko bi udatan.
- Koadro bizidunak: Proiektu berritzailea izan zen, hori ere Garabatoko haurrendako pentsatua. Hauxe zen tailerraren dinamika: haurrek Nafarroako Museoko margolan bat aukeratu behar zuten eta, ondoren, Nafarroako Museoan sortu eta grabatutako soinu-efektu berezien bidez bizidun egin. Gainera, adingabeek obran landutako gaiak interpretatu behar zituzten, eta Nafarroako Museoak obraren gaineko gaineko informazio sakonagoa ematen zien. Lan hori guztia bideo interaktibo batean islatu zen.
2020an pandemia iritsi zenez, ekimen horiek bertan behera gelditu ziren. Orain, berriz ere hasi gara gure komunitateko eta auzoko kide diren elkarte eta taldeekin mintzatzen eta ekintzak egiten. Prozesu motela da, baina museoan badakigu lan saihestezina dela.
Parte hartu eta ekarri zure ideiak: museo@navarra.es
Boluntarioak
Nafarroako Museoko Kultur Boluntarioen Taldea 1999. urteaz geroztik ari da lanean. Erretiratuen talde bat da, eta, eskuzabaltasun hutsez, bilduma iraunkorra ezagutarazteko lanetan laguntzen dute, hala eskatzen duten talde guztiei doako bisita gidatuak eginez. Bisita horiek talde bakoitzaren ezaugarrietara egokitzen dira, eta boluntarioek berek antolatzen dituzte, etengabeko prestakuntzako programa baten bidez. Programa hori elkarlanean prestatzen dute taldekideek berek eta museoko teknikariek.
Talde hori etengabe ari da bere burua prestatzen ikaskuntza-prozesu baten bidez: alderdi artistiko eta ondarezkoak lantzen dituzte, baita bitartekaritzarekin lotura handiago duten beste alderdi batzuk ere. Gainera, gure ustez, boluntariotza-programak belaunaldien arteko loturak sortzeko aukera ematen du, museora joaten diren ikasleen eta boluntarioen arteko harremanaren bidez, eta horrek taldearen ahalduntzea eta adinagatiko diskriminazioa saihesten laguntzen du.
Telefonoa 848 426 493

Donejakue bidea
Donejakue bidea egiten ari direnak ongi etorriak dira Nafarroako Museoan. Alde Zaharra ezinbesteko igarobidea da Iruñera datozen erromesendako. Frantziako ataritik harresiak zeharkatu ondoren, bidea Carmen kalean eta Navarrería plazan barrena doa, eta Udaletxe plazara iristen da gero: Nafarroako Museotik oso gertu.
Nafarroako Museoa interes handiko tokia da Foru Komunitatearen historiaz eta ondareaz gozatu nahi duten erromesentzat. Bestetik, bisitariek Donejakue bidearen egiaztagiria zigilatu dezakete museoan, Iruñeko katedral erromanikoko kapitel batean oinarritutako zigilua daukagu eta. Nafarroako Museora eginiko bisitaldiaren oroigarri ederra izan liteke.