Descárgate la app
Denuncia el maltrato
Antzeman eta salatu adinekoen aurkako tratu txarrak
Nafarroako Gobernuak adinekoek jasaten dituzten tratu txarren egoerak goiz antzemateko eta haietan fite esku hartzeko gida bat sortu du, zaintzak behar dituzten eta egoera ahulagoan dauden adinekoen kasuan bereziki.
Gidak prozedura erabilgarri, estandarizatu eta homogeneoak eskaintzen ditu, eta, besteak beste, osasun arloan eta gizarte arloan lan egiten dutenei zuzenduta dago. Profesional horiek egoera ezin hobean daude egoera horiek identifikatzeko, informatzeko eta horietan jarduteko.
Zer dira tratu txarrak?
Adinekoen Tratu txarrak Ikertzeko Elkartearen (EIMA) arabera, honako mota hauetan sailkatzen ahal dira gertatzen diren tratu txar motak:
Fisikoa: Adinekoaren aurka indar fisikoa erabiltzea esan nahi du, eta horrek mina, zauriak eta, oro har, pertsonaren osasuna kaltetzea eragiten du. Tratu txar fisikoen artean, egoitza zentroetan bizi direnen aurka murrizketa fisikoak erabiltzea izan da aipatuenetako bat; izan ere, bereizi gabe erabiltzeak pertsonaren bizi kalitatearen eta zaintza onaren aurkakoa da.
Psikologikoa: Adinekoari mehatxuak egitea, bera umiliatzea, iraintzea edo beldurtzea dira tratu txar mota honen adibide. Ekintza horiek mina, larritasuna eta izua eragiten diote adinekoari, eta ahoz zein hitzik gabe adieraz daitezke. Praktika profesionalean oso zabalduta dauden zenbait ekintza, hala nola adinekoak infantilizatzeko jokabideak, kolektibo horren aurkako tratu txar mota horren barruan daude.
Sexu abusua: Adineko pertsona batekin sexu harremana izatea haren baimenik gabe. Lotsa senaren aurkako atentatuak, hala nola ukitzeak edo pornografia, mota honetan sartuko lirateke.
Finantza esplotazioa edo abusu ekonomikoa: Adinekoaren jabetzako ondasun higigarriak edo higiezinak gehiegikeriaz edo legez kontra erabiltzea da.
Zabarkeria: Adineko pertsona zaintzen duenak nahita edo nahi gabe portaera kaltegarria izatea. Zabarkeriazko ekintzak aktiboak izan daitezke, baina pasiboak ere bai, adinekoak behar dituen oinarrizko zainketak ez emateagatik.
Abandonatzea: Adineko bati zaintzak eta arreta emateaz edo haren arreta fisikoa ziurtatzeaz arduratzen den pertsona batek abandonatzen duenean. Erabateko klaudikazioa da.
Eskubideen urraketa: Gainerako tipologietan jasotzen ez diren oinarrizko eskubideak hartzen ditu barne. Alde horretatik, oinarrizko eskubideen aurka egitea, horiek ukatzea edo ez aitortzea: duintasunerako eta errespeturako eskubidea, intimitaterako eta konfidentzialtasunerakoa, parte hartzekoa, hautatzeko askatasuna eta zaintza jasotzeko eskubidea. Diskriminaziozko eta begirunerik gabeko tratua. Gizartetik bakartzea.
Deskribatutako tratu txar mota horiek guztiak familiaren arloan (etxean) zein erakundeen arloan (egoitzak, ospitaleak, susperraldi etxeak, eguneko zentroak eta abar) gertatzen ahal dira.