LURRALDEA - CIN - Roncal/Erronkari



Lurraldea
Burgi, Garde, Izaba, Erronkari, Urzainki, Uztarroze eta Bidankoze herriek osatzen dute Erronkaribar, eta Ezka ibaiak zeharkatzen du iparraldetik hegoaldera. Harrizko etxe eta teilatu gorriko herri horiek mendi artean eraiki zituzten, alhatzeko ordokien eta erreketako uren ondoan: horrela osatu zen gaur egun turista ugari erakartzen dituen paisaia.
Ibarrari buruzko lehen aipamena 1345. urteko dokumentu batean dago, eta bertan jasotzen dira mankomunitate edo unibertsitate honetako (horrela deitzen baitzen garai hartan) idatzizko lehen bizikidetza akordioak. Erronkariarrak artzainak izan dira nagusiki, eta historian zehar haien ausardia azpimarratu da zenbait gatazkatan; horri esker, zenbait pribilejio lortu dituzte. Izan ere, erronkariarrak eta haien ondorengoak “zaldun, kapare eta infantzoi” nobleak dira, Olasteko batailan parte hartu baitzuten arabiarren aurka (785). Haien azienda Errege Bardean bazkatzen ahal da, hain zuzen ere, Antso Gartzeitzekin batera beste zutabe arabiar baten aurka adoretsu borrokatu baitzuten (821).
Erronkaribar tradizio sakoneko lurraldea da, berezko janzkera eta hizkerarekin, erronkariera (galdutako euskalkia dugu). Egun, iraganean baino neurri txikiagoan, oraindik ere mantentzen da Erronkariko artzainen transhumantzia, eta Bardeako larreetara (Nafarroa hegoaldean) jaisten dira neguan zehar. Urtero, uztailaren 13an, Hiru Behien Zerga egiten da; Baretos ibarreko biztanleek hiru abelburu ematen dituzte, eta bakeari eusteko konpromisoa hartzen dute. Maiatzean ospatzen da Burgin Almadiaren Eguna, gogora ekartzeko mendiko zura nola eramaten zen ibaian beheiti, enborrez osatutako baltsatan.
Hala ere, tradizio nagusia sabelarekin lotuta dago: Erronkarin, mahaia, jatorri deiturako ardi gaztak, artzain-apurrek eta oihaneko zizek osatzen dute.