INGURUNEA - CIN - Roncal/Erronkari



Erronkaribar
Erronkaribarrek, Nafarroako Pirinioetako ibarren artean ekialdekoenak, 412 kilometro karratu hartzen ditu Zuberoa, Biarno eta Aragoirekiko mugan. Duela 65 milioi urte itsasoak estaltzen zuen, eta plaka tektoniko iberiar eta europarraren talkaren ondorioz hondoa altxa zen. Emaitza gisa, Nafarroako mendi garaienetako batzuk sortu ziren: Ezkaurre, Lakartxela, Lakora edo Hiru Erregeen Mahaia, besteak beste.
Lurraldearen iparraldean Larra-Aztaparreta eta Ezkaurre daude, bi mendigune karstiko handi, eta, urak kareharrizko arrokaren gainean izan duen eraginaren ondorioz, barrualdean ehunka leize eta kilometroka galeria eta ibai daude. Ibarburuan, halaber, Belaguako ibarra eta Ezkaurreko iboi txikia daude, biak jatorri glaziarrekoak.
Erronkaribarren zati handi bat oihanek estaltzen dute, eta harkaitz, larre eta sastrakadiak ere badaude. Gune garaietan pinu beltza nagusitzen da, eta, 1.500 metrotik behera, pagadiak, pinu gorriak eta beste espezie batzuk. Soilgune eta arroketan, lore ederrak hazten dira, adibidez Pirinioetako Adonis edo Haize Lorea.
Ugatz, arrano beltz eta sai zuriek zerua zeharkatzen dute. Zuhaitzen artean, txilardietan eta larreetan basoilarrak, eper grisak, desman piriniotarrak eta beste espezie babestu batzuk bizi dira, eta, horiekin batera, bertan bazkatzen diren behi, ardi eta behorrak. Noizean behin, gertuko ibarretan bizi diren hartz arreak ere etortzen dira.
Ibarraren aberastasun natural zabalaren isla da espazio babestuen zerrenda: kontserbazio bereziko sei eremu, lau babes eremu berezi hegaztientzat, bi erreserba integral eta beste bi natura erreserba.
Ezagutu Nafarroako naturagune guztiak