Descárgate la app
Nafarroako lurralde-estrategia
Nafarroako lurralde-estrategia (NLE)
Sakanako aireko ikuspegia
Nafarroako lurralde-estrategia Nafarroa osoa planifikatzen duen lurralde-antolamendurako tresna da. Lurraldeari eragiten dioten gainerako planak, proiektuak edo jarduerak gidatzen dituzten irizpideak ezartzen ditu. Bere gidalerroak orientagarriak dira, eta honako hauek lortzera bideratzen du Nafarroako etorkizuna:
- Garapen ekonomiko orekatua lurralde osoan.
- Ekitatea zerbitzuen, azpiegituren eta ezagutzaren banaketari eta horiek eskuratzeari dagokionez.
- Kohesio sozialaren hobekuntza.
- Tokiko indarrak bultzatzea.
- Hiriaren eta landaren arteko elkarlana indartzea.
- Baliabide naturalak eta kultura-ondarea kontserbatzea.
NLEa 2005eko ekainaren 21ean onetsi zuen Nafarroako Parlamentuak eta, helburu asko dituenez, 25 urteko indarraldia du.
NLEaren berrikuspena
2019an, Lurralde Politikarako Gizarte Kontseiluak (LPGK) eta Nafarroako Gobernuak NLEa berrikusteko prozesuari ekitea erabaki zuten, hiri- eta lurralde-garapenaren eredua aldatzeko asmoz; beharrezkoa zen eredu hori garapen jasangarriaren ikuspegira egokitzea eta ikuspuntu berriak sartzea, hala nola hiri-berroneratzea, klima-aldaketa, azpiegitura berdea, paisaia, ekonomia zirkularra, mugikortasuna eta abar, zeinak funtsezko alderdiak diren gaur eguneko munduko errealitatean.
2020. urtean, Nafarroako lurralde-estrategiaren diagnostikoa egin zen, eta horren emaitzak abiapuntu gisa erabiliko dira 2021. urtean estrategia berrikusteko prozesua hasteko.
“Era berean, 2021ean diagnostiko parte hartzaile aditu bat egin zen inkesta bidez, hau da, kontsulta diagnostiko bat egin zitzaien adituei, Nafarroako lurraldean gaur egun garrantzi handiena duten gaietan arreta jartzeko eta lurraldearen gabeziei eta ahalmenei buruzko iritziak, pertzepzioak eta irizpideak jasotzeko.”
2022an, Nafarroako Lurralde Estrategiaren (NLE) berrikuspena hasi zen. Prozesu honetan zehar, foro eta partaidetza-saio ugari egin ziren; guztira, Nafarroako esparru ezberdinetan 16 lurralde-mahai egin ziren, eta 5 saio, ikuspegi teknikoarekin. Parte-hartze prozesu sakon honen helburu nagusia Estrategia Nafarroako gizartea osatzen duten eragile eta biztanle guztiengana hurbiltzea izan zen, hauekin irtenbideak bilatzeko, eta ez plangintza urrun eta hotz batetik.
Azkenean, 2023ko maiatzaren 12an NLEaren proiektua eta haren ingurumen-azterketa estrategikoa jendaurrean jartzeko eta entzunaldia egiteko izapidea amaitu zen; Gobernu Irekiaren webgunean kontsultagai egon zen. Gaur egun, alegazioak berrikusten ari dira, behin betiko onartu aurretik.
Gainera, Nafarroako Lurralde Behatokiak (NLB) NLEaren urteko jarraipenari buruzko txostenak eta adierazleak egin ditu, baita aplikazio- eta indarraldi-memoriak ere. Txosten horiek baliagarriak dira lurralde-antolamenduaren politika sektorialak jasangarritasunaren barnean lerrokatzeko.