Descárgate la app
Hacienda recauda 1.330,3 millones de euros hasta el mes de abril
2021ko maiatzaren 20a
Ogasunak 1.330,3 milioi euro bildu ditu apirilera arte
Nafarroako Foru Ogasunak apirilean metatutako bilketa likidoa 1.330,3 milioi eurokoa da, duela urtebeteko data berean sartutakoak baino 320,7 milioi euro gehiago, eta urte arteko kopuruetan % 31,77ko igoera izan du.
Hala ere, konparazio horretan kontuan izan behar da 2020ko apirilean lehen aldiz islatu zirela alarma-egoerak martxoan izandako inpaktuaren ondorioak; hortaz, urte arteko konparazioa ez da homogeneoa. Ezohiko hainbat neurri hartu ziren; hala nola, zerga nagusiak ordaintzeko epeak luzatzea, zenbait zerga-betebehar ezabatzea eta aparteko atzerapenak eskatu ahal izatea. Modu horretan, neurri horien ondorioz, duela urtebeteko diru-bilketa bereziki murriztu egin zen. Gainera, 2019ko Errenta eta Ondare kanpaina apiriletik maiatzera atzeratu zen, eta, horrela, itzulketen hasiera ere atzeratu egin zen. Aurtengo urtean, zerga eta itzulketen egutegia aurreko urteetan bezala mantendu da, eta, beraz, urtetik urterako aldaketek ez dute homogeneotasunik.
Apirilean, hileroko zergez eta aldizkakoak ez diren zergez eta epez kanpoko ordainketez gain, hiru hilez behingoak ere kontabilizatzen dira, lehen hiruhilekoari dagozkionak, nahiz Estatuko araudiaren mende dauden erakundeen kasuan Sozietateen gaineko zergaren kontura ordaintzeko lehen epea ere bai. Bestalde, hilabete honetan itzulketa gehiago egiten dira, BEZaren ohikoekin batera, Errentaren kanpainako “itzuli beharreko” kuoten ordainketak hasteagatik.
Kapituluka izandako bilakaerari erreparatuta, zuzeneko zergen bilketa likidoa 634,6 milioi eurokoa izan da, urtetik urtera %15,5 gehituta. Zeharkako zergetan 689,5 milioi euro bildu dira, %52,94 gehiago. Bestalde, tasak eta bestelako diru-sarrerak %34,7 murriztu dira, 6,2 milioi eurora bitarte.
Zerga nagusien portaerari dagokionean, PFEZean bilketa metatua 533,8 milioi eurokoa izan da, iaz egun horietan bildutakoa baino %5,3 handiagoa. Datuak ez dira homogeneoak 2020arekin alderatuta, diru-sarreren eta itzulketen egutegia ezberdina izateagatik, baina emaitza positiboak bermatuta jarraitzen du lan-atxikipenen portaera onagatik (575,8 milioi euro, iaz lortutako balioak baino %24,26 gehiago) eta kapital-atxikipenen bilketarengatik (40,8 milioi euro, urtetik urtera %37,38ko igoerarekin), kuota diferentzialaren saldoa negatiboa izan arren errenta-kanpainako itzulketak hastearen ondorioz.
Sozietateen gaineko Zergak ere, 64,8 milioi euroko balio erantsiekin, urtetik urtera 48,5 milioi euroko igoera garrantzitsua izan du, 2020ko apirilean metatutakoekin alderatuta. Datu hori Nafarroan kopuru erlatiboaren arabera jarduten duten eta Estatuko araudiaren mende dauden erakundeentzako SZren konturako ordainketari zor zaio batez ere. Nahiz eta zerga horretan iraungipen-epeak ez aldatu duela urtebete, 2020an sartutako zenbatekoek diru-bilketa nabarmen murriztu zuten, pandemiaren hasierako une hartako hornidura handiak medio.
BEZaren kudeaketa zuzenean, 2020an baino 182,8 milioi euro gehiago bildu dira. Batetik, 116,5 milioi euro gehiago bildu dira (%27,0 gehiago), eta, bestetik, 66,3 milioi euro gutxiago itzuli dira (%15,8 gutxiago), batik bat esportazioak jaisteagatik.
Zerga bereziei dagokienez, duela urtebete mugaeguna eta sarrera apirilaren 30era atzeratu ziren (normalean hil horren 20an egiten zen); beraz, bilketaren zati handi bat maiatzean erregistratu zen. Hala eta guztiz ere, zerga-egitatea kontsumoaren gainean duten zerga horiek bereziki jasaten dituzte pandemia hedatzearen kontra hartutako neurriak, eta %3,6ko igoera baino ez dute izan urtetik urterako terminoetan.
BEZari eta fabrikazio-zerga bereziei dagokienean, Estatuarekiko egiten diren doikuntzei erreparatuta, likidazioa hiruhileko bakoitzaren amaieran egiten da, eta, horrela, adierazitako zenbatekoak martxoan kontabilizatutakoak dira.
Hori guztia dela-eta, apirilean metatutako zerga-bilketa likidoa 1.330,3 milioi eurokoa da; 2021erako ezarritako diru-sarreren aurrekontua 3.819,7 milioi eurokoa da eta gauzatze-maila, berriz, %34,9koa.