2020ko azaroaren 13a

Nafarroako Gobernuak kirol-instalazioen errolda eguneratzeko tresna bat prestatu du

Kirol-ekipamenduen titularrek 2021eko urtarrilaren 31ra arteko epea dute informazioa betetzeko

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kirol Institutuaren bidez, tresna bat jarri du tokiko erakundeen eta kirol-instalazioen jabeen eskura, aplikazio informatiko baten bidez, kirol-ekipamenduen zerrendari eta segurtasunari buruzko araudia eguneratu, erregistratu eta betetzeko.

Nafarroako Kirol Instalazioen Errolda 2011n eguneratu zen azkeneko aldiz, eta premiazkoa du gaurkotzea, Foru Erkidegoan daudenetako bakoitzak zein kirol-gune, modalitate, ezaugarri eta eremu osagarri dituen eta haien segurtasunaren egoera zein den adierazteko.

Aplikazioak berritasuna dakar: hemendik aurrera,  kirol-gune eta instalazio bakoitzeko jabeak edo titularrak bere datuak eguneratzen ahal izanen du, Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Legeak ezartzen duen bezala.  

Era berean, tresna horrek aukera ematen du 38/2009 Foru Dekretuak ezartzen duen instalazio bakoitzaren eta haren kirol-ekipamenduen segurtasunari buruzko akta betetzeko. Akta horrek arautzen ditu kirol-instalazioen eta ekipamenduen segurtasun-neurriek bete beharreko baldintzak, jarduera segurua izan dadin. Segurtasun-akta hori urtero bete behar da.

Azken asteotan hainbat kirol-eragileri eta esparruen titularrei jakinarazi zaie datuak eguneratzeko eta segurtasun-aktak egiteko modua. Aurki Nafarroako udal eta kontzeju guztiei igorriko zaie informazio hori.

 Aplikazioa Nafarroako Kirolaren Institutuaren webgunean dago, eta azaroaren 15etik aitzin erabiltzen ahal izanen da. Eguneratzea egiteko epea 2021eko urtarrilaren 31n bukatuko da.

Datuak eta argazkiak eguneratzen ahal izateko, eta segurtasun-akta betetzen ahal izateko, jabe eta titular guztiek beren instalaziora sartzeko kodea eskatu beharko dute, eta 948 68 09 66 telefono-zenbakira deitu beharko dute informazio eske.