Descárgate la app
Ordezkaritza-organoak
Lurralde-antolamenduaren eta hirigintzaren arloko ordezkaritza-organoak
Lurralde-politikaren arloko ordezkaritza-organoak: Lurralde Politikako Gizarte Kontseilua eta Lurralde Antolamendurako Batzordea
Lurralde Politikako Gizarte Kontseilua (LPGK)
Nafarroako Administrazioaren lurralde-antolamenduko eta hirigintzako organo bat da, parte hartzeko, eztabaidatzeko eta aholku emateko. Nagusiki, Nafarroako Foru Erakundeetako ordezkariek osatzen dute, batez ere ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-arloetako kideek, Nafarroako lurralde-estrategiak aldarrikatzen duen jasangarritasuna bermatzeko.
Lurralde Politikako Gizarte Kontseiluak eginkizun hauek ditu:
- Foru Erkidegoko Administrazioak lurralde-politikaren arloan dituen jarduketa-ildoak ezagutzea.
- Lurralde-antolamendua arautzen duten xedapenei, Nafarroako lurralde-estrategiari eta lurralde-antolamenduko planei buruzko txosten nahitaezkoak zein ez-lotesleak egitea.
- Nafarroako Gobernuari, toki-erakundeei eta ekonomia- gizarte- eta erakunde-eragileei proposamenak egitea lurraldearekin lotutako gaiei buruz.
- Lurraldearekin zerikusia duten eta kontsultatzen zaizkion gaien berri ematea.
- Nafarroako lurralde-garapenerako interesekoak diren gizarte-, ekonomia- edo ingurumen-gaiei buruzko azterketak eta txostenak egitea.
- Solaskide sozialen arteko elkarrizketarako eta topaketarako bide iraunkorra izatea, guztien intereseko arazoei aurre egiteko adostasun- eta akordio-agertokiak ahalbidetuz.
Lursarea Nafarroako Lurralde Behatokiaren laguntza teknikoa du Lurralde Politikako Gizarte Kontseiluak.
Lurraldearen Antolamendurako Batzordea (LAB)
Lurraldearen Antolamendurako Batzordea Nafarroako Foru Erkidegoko Administrazioaren kontsulta- eta koordinazio-organoa da lurralde-antolamenduaren arloan. Nafarroako Foru Erkidegoko Administrazioaren ordezkariez gain, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak proposatutako Nafarroako udaletako lau ordezkari dira organo horretako kide.
Honako hauek dira Lurraldearen Antolamendurako Batzordearen eginkizunak:
- Nafarroako lurralde-estrategia, lurralde-antolamenduko planak eta udalez gaindiko plan eta proiektu sektorialak deklaratu aurretik, horiei buruzko irizpena ematea eta txostena egitea.
- Lurralde-antolamenduan eragina duten planak onartu aurretik, horiei buruzko irizpena ematea eta txostena egitea.
- Irizpena ematea eta txostena egitea, Nafarroako Gobernuak edo Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak eskatzen duenean.
- Legez dagozkion eskumenak betetzea.