Nafarroako ibaiak

Nafarroako klimatologia askotarikoa denez gero, ibai-ibilguen tipologia ere zabala da. Iparraldeko sare hidrografikoa trinkoa da; hegoaldean, berriz, ibai handiak daude, iparraldeko prezipitazioek elikatuak.

Mapa de los ríos de Navarra

Ibaien mapa

 

Egin klik IDENAren (Nafarroako Datu Espazialen Azpiegitura) mapan, eta informazio geografiko zehatza eskuratuko duzu honako hauei buruz:
1.    Sare hidrografikoaren isurialdeak: Kantaurikoa eta Mediterraneokoa.
2.    Sare hidrografikoaren arroak: Kantauriko isurialdea arroak (Oria, Urumea, Bidasoa, Urdazuri eta Errobi) eta Mediterraneoko isurialdekoak (Ebro, Ega, Arga, Aragoi, Linares, Odrón, Alhama, Queiles).
3.    Sare hidrografikoa: ur-korronte natural nagusien eta bigarren mailakoen trazadura eta mugaketa.
 

 

Kantauriko isurialdea eta Mediterraneoko isurialdea

 

Nafarroan bi isurialde hidrografiko handi nabarmentzen dira:

  • Kantauriko isurialdea (1.089 km 2 ).
  • Mediterraneoko isurialdea (9.332 km 2 ).

Nafarroako isurialde kantauriarrak Foru Komunitatearen lurralde osoaren % 10,5 hartzen du. Bertako arroak txikiak dira (1.000 km2-tik beherako azalera dute), eta Kantauri itsasoan isurtzen dituzte urak. Ibaiadar-sare trinkoa duten sistema hidrografikoak dira, orografia oso malkartsuaren eta plubiositate handiaren emaitza. Bost arro hauek daude, mendebaldetik ekialdera: Oria, Urumea, Bidasoa, Urdazuri eta Errobi.

  •  Oria: Nafarroan ez du hartzen Leitzaran eta Araxes ibaien goi-ibarrak baino; arroaren gainerakoa Gipuzkoako lurraldean hedatzen da.
  • Urumea: Kantauriko isurialdean Urumea da garrantzian bigarren ibaia Nafarroan; Goizuetatik gora jaiotzen da eta Donostian isurtzen ditu urak; arroaren goiko zatia (azaleraren % 60 inguru) nafarra da, eta beheko aldea, berriz, gipuzkoarra.
  • Bidasoa: Nafarroako arro atlantikoetatik, Bidasoarena da zabalen eta garrantzitsuena; arroaren zatirik handiena Foru Komunitatean dago, nahiz eta baduen zati txiki bat Frantzian eta Gipuzkoan ere. Herririk garrantzitsuenak Elizondo, Bera eta Lesaka dira.
  • Urdazuri: ibai horren zenbait ibaiadar Zugarramurdi eta Dantxarineko lurretan sortzen dira; ardatz nagusia Donibane Lohizunen itsasoratzen da.
  • Errobi: Aritzakun erreka eta Luzaideko ibaia (edo Arnegiko Errobi) ibai frantses honen ibaiadar nafarrak dira, eta ezkerraldetik datozkio, lehena Baztandik lotzen zaio, eta bigarrena Luzaide aldetik

 
Mediterraneoko isurialdeak Nafarroako azalera gehiena hartzen du. Eta isurialdearen % 90 inguru, berriz, Ebroren arroak. Esparru zabal horretan ezaugarri oso desberdinak dituzten zenbait eremu bereizten dira: eremu atlantiko hezea, Pirinioetako eremua, erdi-mailako mendien eremua (eremu mediterraneoa) eta hegoaldeko eremua, lauagoa eta idorra.

Ibaiak ere eskualde horien arteko aldeen isla dira. Iparraldean sare hidrografiko oso adarkatuak daude, batez ere Atlantiko-Mediterraneo isurialdeen banalerrotik gertu. Aldiz, hegoaldeen ibai handiak nagusitzen dira, garrantzi askoz urriagoko ibaiadar zuzenak dituztenak, orografia ez hain malkartsuaren eta plubiositate urriagoaren ondorioz. Ibai handien emaria, batez ere, arroetako goi-eremuetako prezipitazioetatik dator.

Mediterraneoko isurialdean hainbat arro bereizten dira:

  • Ebro: arro osoko kolektore nagusia da; Reinosan (Kantabria) du sorburua, eta Ampostan (Tarragona) itsasoratzen da. Vianako udal-mugartean sartzen da Nafarroan (Errioxatik sartzen da, baina ibilbidearen zati handi batean bi erkidegoen arteko muga egiten du), eta Cortesen uzten du gaitu, Aragoiko lurren bila. Nafarroako ibai nagusien hartzailea dela, hiri eta herri ugari daude haren alboan, esaterako Lodosa, Castejón eta Tutera.
  • Ega: Santikurutze Kanpezu inguruan sortzen da, Araban, eta San Adrianen isurtzen dizkio urak Ebrori; Urederra du ibaiadar nagusi.
  • Arga: Arga ibaia Kintoan sortzen da, eta Funesen ematen dizkio urak Aragoi ibaiari; ez du arroaren zati txiki bat baizik Nafarroatik kanpo, Arakil ibaiaren goi-ibarra. Haren ertzetan Iruña dago, Foru Komunitateko hiriburu. Argaren ibaiadar garrantzitsuenak Arakil, Ultzama eta Elorz dira.
  • Aragoi: Ebro ibaiaren ondoren, Aragoi da Nafarroako ibairik garrantzitsuena, bai eta Ebroren ibaiadarrik handiena Foru Komunitatean. Esako lurretan barrena sartzen da Nafarroan (urtegitik behera) eta Milagron isurtzen ditu urak. Pirinioetako ibai guztiak biltzen ditu, hala nola Ezka eta Irati (eta honek, bere aldetik, Salazar, Urrobi, Erro eta Areta ibaien urak), bai eta Zidakos eta Nafarroako erdialdeko beste ibai batzuk ere, garrantzi txikiagokoak.