Descárgate la app
Etxebizitzen eta eraikinen energia efizientziaren ziurtagiria - Energia nafarroa.eus
Etxebizitzen eta eraikinen energia efizientziaren ziurtagiria
Dokumentuak higiezin baten energia kontsumoa ebaluatzen du, eta beharrezkoa da hura saltzeko eta alokatzeko
Orri honetan azalduko dugu zer den, zertarako balio duen, zein kasutan den beharrezkoa lortzea eta, beharrezkoa bada, nola lortu eta erregistratu.
Gainera, tramite hauek eginen ditugu:
Dokumentuak higiezin baten energia kontsumoa ebaluatzen du, eta beharrezkoa da hura saltzeko eta alokatzeko
Orri honetan azalduko dugu zer den, zertarako balio duen, zein kasutan den beharrezkoa lortzea eta, beharrezkoa bada, nola lortu eta erregistratu.
Gainera, tramite hauek eginen ditugu:
- Zer da eta zertarako balio du?
- Zein kasutan da beharrezkoa lortzea?
- Nork eskatu behar du?
- Nola lortzen eta erregistratzen da?
- Zer balio denbora du?
- Noiz erakutsi behar da?
- Ba al dago etxebizitzetan eta eraikinetan energia efizientzia hobetzeko laguntzarik?
Zer da eta zertarako balio du?
Energia efizientziaren ziurtagiriek etxebizitzen eta eraikinen energia kontsumoa ebaluatzen dute, kokapenaren, orientazioaren, isolamenduaren eta instalazio termikoaren azterketa zehatza egin ondoren, besteak beste. Higiezin bat erosi edo alokatu behar duten pertsonei etxebizitzaren edo eraikinaren energia ezaugarriei eta energia efizientziaren kalifikazioari buruzko informazioa ematea dute helburu.
Kalifikazioa A letratik (energia kontsumo txikiena duten etxebizitza eta eraikinen kasuan) G letrara (efizientzia txikiena dutenen kasuan) artekoa da. Grafikoki adierazten da, etxetresna elektrikoen etiketaren antzeko baten bidez. Etiketa horretan bi balio adierazten dira:
- Energia kontsumoa
- Berotegi efektuko gasen isuriak
Etxebizitza efizienteen eta ez efizienteen arteko aldea ehunka eurokoa izan daiteke urtean.

Zein kasutan da beharrezkoa lortzea?
2025eko urtarrilaren 1etik aurrera, Nafarroako bizitegi erabilerako eta hirugarren sektoreko eraikin guztiek energia kalifikazioaren ziurtagiria erregistratuta izan behar dute, 4/2022 Foru Legeak zehazten duen bezala.
Zabaldu atal hau, zehatz-mehatz jakin nahi baduzu noiz den beharrezkoa eta noiz ez.
Zein kasutan da beharrezkoa?
Ziurtagiria lortzea beharrezkoa da kasu hauetan:
- Eraikin berriak.
- Lehendik dauden eraikinak edo eraikin zatiak, saltzen direnak edo maizter berri bati alokatzen zaizkionak.
- Eraikinak edo eraikin zatiak, jendearentzat irekita daudenak eta barnean dutenak agintaritza publiko batek okupatutako 250 metro koadro baino gehiagoko azalera erabilgarri bat.
- Eraikinak edo eraikin zatiak, kasu hauetakoren bat betetzen duten eraberritzeak edo handitzeak egiten dituztenak:
- Instalazio termikoak ordeztea, instalatzea edo berritzea, instalazio termikoen proiektu bat egitea edo aldatzea behar duena.
- Eraikinaren azken inguratzaile termikoaren guztizko azaleraren % 25etik gorako esku-hartzea.
- Esku-hartzearen xede den unitatearen edo unitateen azalera edo bolumen eraikia % 10 baino gehiago handitzea, zabaldutako guztizko azalera erabilgarria 50 metro koadrotik gorakoa denean.
- Azalera erabilgarri osoa 500 metro koadrotik gorakoa duten eraikinak edo eraikin zatiak, erabilera hauekin:
- Administrazioa.
- Osasuna.
- Merkataritza: dendak, supermerkatuak, saltoki handiak, merkataritza guneak, etab.
- Egoitza publikoa: hotelak, ostatuak, egoitzak, apartamentu turistikoak, etab.
- Irakaskuntza.
- Kultura: antzokiak, zinemak, museoak, auditoriumak, biltzar zentroak, erakusketa aretoak, liburutegiak, etab.
- Jolas jarduerak: kasinoak, joko aretoak, dantzalekuak, diskotekak, etab.
- Sukaldaritza: tabernak, jatetxeak, kafetegiak, etab.
- Pertsonen garraioa: geltokiak, aireportuak eta antzekoak.
- Kirola: gimnasioak, kiroldegiak eta antzekoak.
- Gurtza lekuak, erlijiokoak eta antzekoak.
- Eraikinaren ikuskapen teknikoa edo baliokidea nahitaez egin behar duten eraikinak.
Zein kasutan ez da beharrezkoa?
Ez da beharrezkoa ziurtagiria lortzea kasu hauetan:
- Eraberritze handiak egiteko edo eraisteko erosten diren eraikinak. Kasu horietan, saltzaileak eroslearen erantzukizunpeko adierazpen bat lortu behar du, non adieraziko baitu eraberritzeak edo eraispenak eginen direla.
- 50 metro koadro baino gutxiagoko azalera erabilgarria duten eraikin edo eraikin zati bakartuak.
- Ingurune aitortu baten zati izateagatik edo balio arkitektoniko edo historikoagatik ofizialki babestutako eraikinak eta monumentuak.
- Bi urteko edo gutxiagoko erabilera epe aurreikusia duten behin-behineko eraikinak.
Nork eskatu behar du?
Jabeak eskatu eta lortu behar du ziurtagiria, eta ondoren erosleari eman, energia-eraginkortasunaren kalifikazioa jasotzen duen etiketarekin eta eraikinaren kodearekin batera. Kode hori etiketaren beheko ezkerreko aldean dago, eta ziurtagiria benetan erregistratu dela egiaztatzeko balio du.
Eraikin berrietan, sustatzaileari dagokio ziurtagirak lortu eta erregistratzea, bai proiektuarena bai bukatutako eraikinarena.
Nola lortzen eta erregistratzen da?
Ziurtagiria lortzeko, jabeak ziurtatzaile bat bilatu eta aurrekontua eskatu behar du.
Kontsultatu ziurtagirien zerbitzuak eskaintzen dituzten profesionalen zerrenda.
Teknikaria higiezinera joanen da, eta, analisia egin ondoren, efizientzia ziurtagiri bat emanen du, kalifikazio batekin eta hobekuntza proposamen batzuekin.
Ohikoena da pertsona horrek berak erregistratzea, baina jabeak edo sustatzaileak ere (pertsona edo entitatea) erregistra dezake.
Erregistratu efizientzia energetikoaren ziurtagiria.
Jabeak edo sustatzialeak (pertsona edo entitatea) edozein unetan kontsultatu dezake bere etxebizitzaren ziurtagiria.
Zer balio denbora du?
Ziurtagiriak 10 urteko gehieneko balioa du, G kalifikazioa dutenek izan ezik. Kasu horretan, indarraldia 5 urtekoa da.
Denbora horretan eraikinaren edo eraikin zatiaren ezaugarri energetikoak aldatzen ez badira, saldu eta alokatu egin daiteke, ziurtagiri energetiko berririk lortu gabe. Epe hori igarota, beharrezkoa da ziurtagiria berritzea eta erregistratzea, higiezina saltzeko edo alokatzeko.
Aldiz, denbora horretan eraikina edo eraikin zati bat aldatzen bada eta horrek ezaugarri energetikoei eragiten badie, ziurtagiri berri bat lortu eta erregistratu beharko da.
Noiz erakutsi behar da?
Ziurtagiria lortu ondoren, jabeak honako egoera hauetan entregatu edo aurkeztu beharko du:
- Salerosketa edo alokairua iragartzean: kalifikazio energetikoari buruzko informazioa adieraziko da iragarkian.
- Higiezina saltzean: ziurtagiriaren eta etiketaren kopia bat erantsiko da kontratuan.
- Higiezina alokatzean: etiketaren kopia bat erantsiko da kontratuan.
- Energia efizientzia hobetzeko obretarako dirulaguntza/kenkaria eskatzean: bi ziurtagiri aurkeztuko dira: bata obren aurretik egina eta bestea ondoren egina. Kontsultatu zer erreformak jaso dezaketen dirulaguntza/kenkaria eta zeinek ez.
Nolanahi ere, modu argi eta ezbairik gabean azaldu behar du zein energia-efizientziaren ziurtagiriari dagokion: proiektuarena, obra amaituarena edo lehendik dagoen eraikinarena.
Ba al dago etxebizitzetan eta eraikinetan energia efizientzia hobetzeko laguntzarik?
Etxebizitzen eta eraikinen energia efizientzia hobetzeko laguntza lerroak sortzen dira aldizka.
Une honetan laguntza aktiborik dagoen jakiteko eta dagokion informazioa kontsultatzeko, sartu esteka honetan:
Kontsultatu etxebizitzen eta eraikinen energia efizientzia hobetzeko laguntzak.