Biomasari buruzko gakoak

Zer den biomasa, zer abantaila dituen eta zer biomasa-instalazio mota dauden

Zer da biomasa?

Biomasa energia-iturri berriztagarri bat da, landare- edo animalia-jatorriko materia organikotik lortzen dena. Materia organiko gisa erabiltzen dira basogintza, nekazaritza, abeltzaintza eta industriatik datozen baliabide naturalak, azpiproduktuak eta hondakinak.

Hauek dira gehien erabiltzen diren biomasa-erregaiak: baso-ezpala, egurra, pelleta, oliba-hezurrak eta beroa edo elektrizitatea sortzeko energia bihur daitezkeen beste material organiko batzuk.

Horrez gain, Nafarroan, biomasak aukera ematen du baliabideak modu jasangarrian aprobetxatzeko. Nafarroak baso-azalera handia duenez gero, Foru Komunitateak biomasa-baliabideak ditu eskura, energia berriztagarriko iturri hurbil gisa (edo "0 kilometroko") erabil daitezkeenak. Gainera, baliabide horiek erabiliz, erregai fosil inportatuekiko mendekotasuna murriztu, eta lurraldean bertan balio ekonomikoa sortu dezake.

Baso-kudeaketa jasangarritik datorren biomasaren energia-aprobetxamenduak basoak kontserbatzen ere laguntzen du, baso-lanak errazten ditu, baso-erregaiaren metaketa murrizten du, eta suteak prebenitzen laguntzen du; gainera, tokiko enplegua eta basogintza-sektoreari lotutako jarduera ekonomikoa sustatzen ditu.

Hurbileko biomasa
Nafarroako basoetatik eta tokiko baliabideetatik lortutako biomasak aukera ematen du energia berriztagarria garraio-behar urriagoarekin sortzeko, eta, hala, tokiko ekonomia bultzatzen du, eta lurraldearen kudeaketa jasangarria sendotzen.

Zer abantaila ditu?

Abantailak industriarentzat

Biomasa ez da soilik energia-iturri berriztagarria, Nafarroako industria lehiakorrago, erresilienteago eta autonomoago bihurtzeko aukera ere bada, tokiko baliabideetan oinarrituko dena, eta ez dena nazioarteko energia-merkatuen ziurgabetasunaren mende egonen.

  • Lehiakortasun handiagoa: Kostu egonkorrak eta lehiakorrak dituen energia-iturri bat baliatzeko aukera ematen du, eskari termiko handiko prozesuetarako.
  • Kanpo-mendekotasun urriagoa: Lurraldean eskuragarri dauden baliabideak aprobetxatzen ditu; hartara, murriztu egiten da energia-merkatuen aldakortasunarekiko eta ziurgabetasun geopolitikoarekiko mendekotasuna.
  • Erresilientzia energetiko handiagoa: Industria sendoagoa eraikitzen laguntzen du, hurbileko baliabideetan oinarritua eta energia-autonomia handiagoa duena.
  • Deskarbonizazioa eta jasangarritasuna: Biomasak ahalbidetzen du erregai fosilen erabilera murriztea, berotegi-efektuko gasen emisioak urritzea, eta enpresen jasangarritasun-konpromisoetan aurrera egitea.
  • Ingurumen-baldintzen betekizuna: Karbono-aztarnarekin eta emisioak murriztearen inguruko eskakizun (arauzkoak eta merkatuarenak) gero eta handiagoei erantzuten laguntzen du.
  • Tokiko ekonomiaren sustapena: Jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzen ditu Nafarroan, biomasaren balio-kate osoaren bitartez.
     

Abantailak tokiko erakundeentzat

Biomasa tresna eraginkorra da udalerrien trantsizio energetikoan aurrera egiteko: baliabide propioak aprobetxatzen ditu, eta ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-onurak sortzen ditu.

  • Energia berriztagarria eta hurbila: Udalen energia-beharrak asetzeko, inguruan eskuragarri dauden baliabideak aprobetxatzea ahalbidetzen du.
  • Kostuen aurrezpena eta egonkortasuna: Biomasak murriztu egiten du erregai fosilen prezioen gorabeherekiko esposizioa, eta energia-gastua hobeto aurreikusten laguntzen du.
  • Isurien murrizketa: Udalerrien klima- eta jasangarritasun-helburuak betetzen laguntzen du.
  • Lurraldearen kudeaketa jasangarria: Bide ematen du baso-baliabideak aprobetxatzeko, eta mendien kudeaketa aktiboa sustatzen du.
  • Baso-suteen prebentzioa: Biomasa erauziz eta balorizatuz, landare-erregai gutxiago metatzen da mendietan, eta, hartara, sute-arriskua eta suteen intentsitatea urritzen du.
  • Landa-garapena eta tokiko enplegua: Jarduera ekonomikoa sortzen du baso-kudeaketaren, garraioaren, biomasa-horniduraren eta instalazioen mantentze-lanen inguruan.
  • Baliabide propioen balorizazioa: Beren lurraldean dauden baliabideen truke itzulkin handiagoa lortzeko aukera ematen die baso-lursailaren jabe diren toki-erakundeei.
     

Abantailak bizilagunen komunitateentzat

Biomasak aukera ematen die bizilagunen komunitateei energia berriztagarri, eraginkor eta kostu egonkorragoetan oinarritutako berokuntza eta ur beroko sistema edukitzeko, eta erregai fosilekiko mendekotasuna murrizteko.

  • Aurrezkia eta kostuen egonkortasuna: Gasaren eta beste erregai fosil batzuen prezioen gorabeheren eragina murrizten du.
  • Emisioak murriztea: Eraikinaren karbono-aztarna murrizten eta ingurumen-portaera hobetzen laguntzen du.
  • Eraikinen balioa handitzea: Etxebizitzen energia-eraginkortasuna eta jasangarritasuna hobetzen laguntzen du.
  • Energia berriztagarria eta tokikoa: Gertuko baliabide berriztagarriak baliatzen ditu, trantsizio energetikoari lagunduz.
     

Abantailak partikularrentzat

Biomasak aukera berriztagarria eskaintzen du berokuntzarako eta ur berorako, eta etxeei aukera ematen die erregai fosilekiko mendekotasuna murrizteko.

  • Energia-fakturan aurreztea: berokuntza-kostuak murriztea ekar dezake, beste erregaiekin alderatuta.
  • Energia-independentzia handiagoa: nazioarteko energia-merkatuen bilakaerarekiko mendekotasuna murrizten du.
  • Iraunkortasunari laguntzea: Etxeko energia-kontsumoari lotutako emisioak murrizten laguntzen du.
  • Tokiko ekonomiari laguntzea: Biomasaren kontsumoak Nafarroan enplegua eta jarduera ekonomikoa mantentzen laguntzen du.
     

Zer biomasa-instalazio mota daude gaur egun?

Biomasa teknologia moldakorra da, oso energia-premia desberdinetara egokitu daiteke. Biomasa bidezko instalazioak ezar daitezke etxebizitzetan, auzokideen erkidegoetan, eraikin publikoetan, nekazaritza-ustiategietan, kirol-instalazioetan, bero-sareetan, saltokiak nahiz industrian.

Energia-premien, erregai erabilgarriaren eta proiektu bakoitzaren ezaugarrien arabera, holako edo halako teknologia eta konfigurazioa erabil daiteke. Gaur egun dauden ekipoak gauza dira baso-ezpala, pelleta, egurra eta bestelako biomasa-erregaiak erabiltzeko, efizientzia-, automatizazio- eta fidagarritasun-maila handiekin.

Horregatik, biomasak ez du aukera bat eta bakarra ematen, baizik eta egoera jakin bakoitzera egokitutako instalazio-aukera zabal bat.

  • Etxebizitzak eta auzokideen erkidegoak: Biomasa-galdarek berokuntzaren eta ur bero sanitarioaren beharrak asetzen dituzte, bai familia bakarreko etxebizitzetan, bai bizitegi-eraikinetan zein jabekideen erkidegoetan. Eskuragarri dagoen espazioaren eta energia-kontsumoen arabera, pelleta, egurra edo ezpala erabili daiteke.
  • Eraikin publikoak eta ekipamenduak: Udalek, ikastetxeek, kirol-instalazioek, egoitzek, osasun-zentroek edo administrazio-eraikinek, erregai fosilen ordez, biomasa berriztagarria erabil dezakete; hartara, emisioak murriztuko dituzte, eta tokiko baliabideak aprobetxatuko.
  • Bero-sareak: Bero-sareek aukera ematen dute, biomasa-zentral bakar batetik, hainbat eraikin edo auzo osoak hornitzeko. Irtenbide hori bereziki interesgarria da hurbileko baso-baliabideak aprobetxatu eta zenbait eraikinen energia-kudeaketa optimizatu nahi duten toki-erakundeentzat.
  • Nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduerak: Nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategiek biomasa erabil dezakete berokuntzarako, lehortegietarako, berotegietarako edo beste prozesu termiko batzuetarako, instalazioa haien behar zehatzetara egokituta.
  • Industria: Biomasak energia termikoa eman dezake industria-prozesu asko hornitzeko. Gaur egun, ur beroaren, lurrunaren, aire beroaren, olio termikoaren edo prozesuko beroaren eskaerei erantzuteko gai diren teknologiak daude. Teknologia horiei esker, industria deskarbonizatzen eta erregai fosilekiko mendekotasuna murrizten laguntzen da.

Gehiago jakin nahi duzu? Jarri harremanetan Biomasaren Bulegoarekin

Nafarroako Biomasaren Bulegoa sustapen-, aholkularitza- eta dinamizazio-zerbitzu bat da, Nafarroako Gobernuak sustatua eta Nasuvinsak kudeatua. Haren helburua da bizkortzea Nafarroako industrian eta toki-entitateetan biomasa energia-iturri berriztagarri, jasangarri eta lehiakor gisa baliatzen hasteko bidea, hartara sustatu nahian deskarbonizazioa, tokiko baliabideen aprobetxamendua, eta lurraldearen garapen ekonomikoa. 

Argibide gehiago nahi izanez gero, jo ezazu hona: Nafarroako Biomasaren Bulegoa - informazioa eta harremanetarako datuak.