Descárgate la app
Centros de alojamiento y/o atención a las personas con enfermedad mental
Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonei ostatu eta arreta emateko baliabideak Nafarroan
Gaixotasun mentala duten pertsonentzako ostatu- eta arreta-baliabideak
Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak zentro bati esleitzean haien autonomia-maila eta zentroa dagoen tokia hartzen dira kontuan. Horrek esan nahi du ohiko ingurunean mantentzen saiatu behar dela, eta etxea dela bizitzeko lekurik desiragarriena; eta, behar izanez gero, etxez etxeko zerbitzuak emanez lagundu behar dela.
Hori dela eta, gaixotasun mentala duten pertsonak artatzeko sistemak honako baliabide hauek ditu Nafarroan:
Eguneko zentroak (jantoki-zerbitzua dutenak), pertsona batzuk komunitate- eta etxebizitza-ingurunean familia-euskarri nahikorik gabe mantentzen laguntzeko pentsatuta daudenak.
Etxebizitza laguntzadunak eguneroko ostatu- eta mantenu-zerbitzuak dira. Nafarroako Osasun Mentalerako Elkarteak (ANASAPS) kudeatzen ditu, eta asteroko laguntza eskaintzen dute eguneroko bizitzako jardueretarako, bai eta gizarte-akonpainamendua ere. Esku-hartze soziokomunitarioko taldeek, gainera, hilero egiten dute komunitateko aisialdiko eta inklusioko jardueren jarraipena. Ostatatutako pertsonek eguneko jarduera bat egin behar dute. Hiru etxebizitza laguntzadun daude, bat Mendillorrin, plaza publikoekin/hitzartuekin, eta beste bi Burlatan eta Arrotxapean, plaza pribatuekin.
Bestalde, tutoretzapeko eta gainbegiratutako pisuak familiaren ordezko bizitokia izan dira, eta jatorritik hurbilen dagoen komunitatean mantendu ahal izan dira. Aukera horrek nahikoa gaitasun eskatzen dio pertsonari autonomiaz bizitzeko eta eguneroko bizitzako jardueretan nolabaiteko tutoretza- edo gainbegiratze-mailarekin parte hartzeko.
Tutoretzapeko pisuek ostatu-zerbitzua eta eguneroko mantenua eskaintzen dute. Eguneko eta gaueko langileak daude, eta laguntza psikologikoa eskaintzen dute. Horrez gain, ostatu hartutako pertsonek eguneko jardueraren bat egin behar dute. 11 etxebizitza daude Iruñean eta bat Barañainen, 26 plaza publikorekin/hitzarturekin eta beste 33 plaza pribaturekin.
Gainbegiratutako pisuak, berriz, ostatu- eta mantenu-zerbitzuak dira, egunean 6 orduz eta asteburuetan 6,5 orduz gizarteratze arloko teknikarien arreta eskaintzen dutenak. Pisu horietan gizarteratzea eta autonomia lantzen dira eguneroko bizitzako oinarrizko jardueretan. Ostatu hartzen duten pertsonek eguneko jardueraren bat egin beharko dute. Nafarroako Gobernuak 8 plaza publiko edo hitzartu ditu Iruñeko eta Tuterako etxebizitza banatan, baina Nafarroan beste 35 plaza pribatu daude gainbegiratutako etxebizitzetan ostatu hartzeko (8 Iruñean, 3 Lizarran eta 4 Tuteran).
Egoitzak dira plaza gehien eta zainketa gehien behar dituzten baliabideak. Buruko nahasmendu larria duten pertsonak artatzen dituzte, mendekotasun handiagoa dutenak eta familia-ingurunean mantentzen zailak direnak, eta langileak etengabe behar dituzte ondoan. 2020an, Nafarroak honako hauek ditu: Iruñeko Aita Menni egoitza (42 plaza publiko eta hitzartu eta 60 pribatu), Elizondoko Benito Menni egoitza (40 plaza publiko/hitzartu eta 60 pribatu), Olaben dagoen Mentalia egoitza (74 plaza pribatu) eta Iruñeko San Frantzisko Xabierkoa (57 plaza publiko/hitzartu).
Azkenik, etxe-egoitzaren baliabidea dago, gizarteratze- eta bizitza-prozesu normalizatua izan dezaketen pertsonentzat. Egoitza-baliabide komunitarioa da, irekia eta malgua, mugagabea edo aldi baterakoa. 2020an, 25 plaza publiko zeuden Felix Garrido egoitzan (Sarriguren).
Baliabide horien lagungarri, errehabilitazio psikosozialeko zentroak daude, eguneko arreta-zerbitzuak, buruko nahasmendu larria duten pertsonei gizartean normaltasunez moldatzeko eta ahalik eta modu autonomoenean funtzionatzeko behar dituzten trebetasunak ikasteko edo berreskuratzeko aukera ematen dietenak, ospitale edo egoitza batean sartzea saihestuz edo atzeratuz. Osasun mentaleko kasuan kasuko zentrotik bideratzen dira, eta horietan errehabilitazio-programak egiten dira: autozaintza, psikomotrizitatea, psikohezkuntza, autokontrola eta estresaren erabilera, integrazio komunitarioa, gizarte-trebetasunak. Zentro horiek bi programa-mota dituzte: eguneko zentroaren modalitatea eta errehabilitazio-programen modalitatea. Bost zentro daude (Iruñean 2, Sarrigurenen, Elizondon, Lizarran eta Tuteran). Guztira 166 plaza daude errehabilitazio programen modalitatean eta 160 eguneko zentroan.
Baliabide multzo horretan, batzuk Nafarroako Gobernuarenak dira, beste batzuk erakunde pribatuekin adosten ditu Gobernuak, eta beste batzuk pribatuak dira.