Nafarroako Adinekoen Kontseilua

 

ZER DA?

Nafarroako Adinekoen Kontseilua adineko pertsonen ordezkaritza organoa da, eta herritar horien ongizatea lortzeko politika eta jarduketen plangintzan, exekuzioan eta jarraipenean parte hartzen du. Horrela, kolektibo horrek gizartean parte hartzeko bidea da. 

ADINEKOEN INTERESEN DEFENTSA

Kontseiluaren xedea Nafarroan bizi diren adinekoen eskubideak eta interesak defendatzea da, bai eta Nafarroako administrazio publikoekin lankidetzan aritzea ere, Nafarroako Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legearen esparruan eta bere jarduera eremuari dagokionez.

NORK OSATZEN DU?

Beren askotariko beharrak asetzeko adinekoek sortutako entitate eta elkarteek ordezkaritza dute Kontseiluaren osaeran, kontuan izanik lurraldearen dibertsitatea. Elkarteek berek zuzenean aukeratzen dituzte erakunde horiek ordezkatzen dituzten kideak, eta horrek indartzen du Kontseiluaren izaera parte hartzaile eta demokratikoa. 
Honako hauek osatzen dute Kontseilua (27 kide): 

  • Gizarte Eskubideen kontseilaria da kontseiluaren lehendakaria; Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendaria, lehendakariordea, eta erakundeen ordezkari bat, bigarren lehendakariordea.
  • 2 kide gizarte zerbitzuetako oinarrizko eremu bakoitzeko adinekoen elkarte bakoitzeko (guztira 14, Iruñeak eta Iruñerriak beste bina bokal baitituzte).
  • 2 kide Foru Komunitate osoan ordezkaritza duten erakundeen ordezkari
  • Kide bat adineko emakumeen elkarteen ordezkari.
  • 4 kide sindikatuen ordezkari.
  • 2 kide Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkari.
  • 2 bokal Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen artean izendatuak.

Batzordeak, lanerako batzorde iraunkor bat du, osoko bilkuretan landu beharreko gaiak prestatzeko eta Kontseiluaren funtzionamendua dinamizatzeko.

EGINKIZUNAK

Nafarroako Adinekoen Kontseiluak eginkizun hauek ditu:

a) Adinekoei eragiten dieten jardun arloekin lotutako foru araudiaren proiektuei buruzko txostena egitea. 
b) Hirugarren adinekoen elkarte, entitate, zentro, zerbitzu edo pertsonentzako dirulaguntzen eta laguntzen urteroko deialdiei buruzko informazioa jasotzea.
c) Kolektiboari eragiten dioten plan sektorialei buruzko txostena egitea, eta plan horien aplikazioaren eta gauzatze mailaren jarraipena eta ebaluazioa egitea.
d) Hirugarren adinekoen arloko gizarte zerbitzuen zorroaren aplikazioaren eta gauzatze mailaren jarraipena eta ebaluazioa egitea.
e) Neurriak, kanpainak, azterlanak edo ikerketak sustatzea, belaunaldien arteko harremanak, elkartegintza, parte hartzea, elkartasuna eta, oro har, adinekoen bizi kalitatea sustatzeko.
f) Hirugarren adinerako jarduketa proposamenak egitea eta, hala badagokio, proposamen horiek Nafarroako Administrazio Publikoetara eta gizarte jardunaren arlo horrekin lotutako erakunde, instituzio eta entitate publiko eta pribatuetara igortzea.
g) Legeek esleitzen dizkioten edo Nafarroako Gobernuak arlo horretan agintzen dizkion gainerako eginkizun guztiak.

Kontseilua urtean behin bederen bilduko da bilkura arruntean. Bilkura bereziak egiten ahalko dira lehendakariak dei egiten badu, bere ekimenez edo Kontseiluko kideen heren batek eskaturik.