Descárgate la app
Cauces publicos, zonificación y usos permitidos
Ibilgu publikoak, zonakatzea eta baimendutako erabilerak
Uren Legearen testu bateginaren arabera (1/2001 Legegintzako Errege-dekretua) jabari publiko hidraulikoak dira eta beraz estatuaren jabetzakoak, honako kokaleku hauek:
- Ur kontinentalak –azalekoak nahiz lurpekoak–, baita gezatze bidezkoak ere.
- Korronte naturalen ibilguak (jarraituak nahiz etenak). Korronte jarraitu edo eten baten ibilgutzat hartzen da ohiko uholdeetan urak gehienez estalitako lur-eremua. Ezohiko uholdeetan urak hartutako lursailek ez dute titulartasun publikorik.
- Ibilgu publikoetan dauden aintzira eta urmaelen eta gainazaleko urtegien hondoak.
- Akuiferoak.
- Itsasoko ura gezatzetik datozen urak.
Estatuaren jabari publikokoak dira, ezinbestekoak direlako erabilera orokorrak bermatzeko (adibidez, edatea edo bainatzea) edo zerbitzu publiko jakin batzuk eman ahal izateko (udalerriak urez hornitzea). Gainera, ondasun besterenezinak, enbargaezinak eta preskribaezinak dira, hau da, Estatuak ezin du haien titulartasuna galdu salerosketa, enbargo edo edukitzaren azkentze bidez.

- Korronte jarraitu edo eten baten ibilgu naturaltzat hartzen da ohiko uholdeetan urak gehienez estalitako lur-eremua. Lur-eremutzat ulertzen dira bai gainazal fisikoa bai gainazal horretan dauden ekosistema akuatikoak.
- Erribera: ura ohiko uholdeen gehienezko mailatik behera dagoenean, agerian –urez estali gabe– geratzen den ibilgu baten lur-eremua. Erribera ibilguaren zati da. Ibilguak eta erriberak jabari publiko hidraulikoa dira; beraz, haietan edozein obra edo jarduera egin aurretik, beharrezkoa izanen da administrazio hidraulikoaren aurretiazko baimena.
- Ibaiertzak: ibai baten bi aldeetan, ibilguarekin edo haren erriberarekin muga egiten duten lursailak dira. Ez dira jabari publikokoak, baina hainbat muga eta murriztapen-maila aplikatzen zaizkie, hedadura osoan:
- Zortasun-eremua: uholde-lautadak hartzen duen 5 metroko zabalerako zerrenda, ibilguaren alde bakoitzean. Eremu hori erreserbatuta dago oinezkoen pasabide publikorako, zaintzarako, arrantzarako, kontserbaziorako eta salbamendurako, baita ontziak lehorreratzeko ere (kasu batzuetan eta beharrezkoa izanez gero).
- Babes-eremua: uholde-lautadak hartzen duen 100 metroko zabalerako zerrenda, ibilguaren alde bakoitzean. Eremu horretan edozein motatako obrak egiteko, erliebea aldatzeko edo eraikitzeko, beharrezkoa izanen da arroko erakundearen (Konfederazio Hidrografikoa) aldez aurreko baimena.
- Uholde-lautada: ibilguarekin muga egiten duten ibaiertzen azalera osoa hartzen du, ibilguak luzetara duen hedadura osoan. Eremu hori guztia uraldi-erregimenaren eraginpean dago.
Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren bidez, zorrozki arautzen dira uholde-eremuen erabilerak, pertsonak eta ingurumena babesteko helburuarekin.
Nafarroako araudia
Nafarroako uholdeei buruzko araudia honela egituratuta dago: lurzoruaren erabileraren araubidea, larrialdi-planak eta babes zibileko jarraibideak.
Nafarroako lurralde-antolamenduko planetan (LAP), Nafarroako Gobernuak honako hauek jasotzen ditu: uholde-eremuak zonakatzeko irizpideak, hirigintza-antolamenduko irizpideak eta eremu horietako erabilera onargarriak.