Airearen kalitatea kontrolatzeko sarea

Aurkezpena

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko maiatzaren 21eko 2008/50/EE Zuzentarauak, inguruneko airearen kalitateari eta Europan atmosfera garbiagoa izateari buruzkoak, estatu kideei eskatzen die izenda ditzatela inguruneko airearen kalitatea ebaluatzeaz eta neurketa gailuak baimentzeaz arduratuko diren agintari eta erakunde eskudunak, horrela bermatzeko egindako neurketen kalitatea eta ebaluazio metodoen azterketa.

Zuzentarauak inguruneko airearen kalitatea ebaluatzeko irizpideak ezartzen ditu, estatu kide guztientzat berdinak izan daitezen eta, beraz, elkarren artean konparagarriak izan daitezen. Halaber, ezartzen du kutsatzaile atmosferiko bakoitzarentzat ezarritako alerta atalaseak gainditzen badira, herritarrei jakinarazi behar zaiela.

Eskumen horiek gauzatzeko, Airearen Kalitatea Zaintzeko Sarea du eratuta Nafarroak, atmosferako kutsatzaileen mailen etengabeko jarraipena egiteko. Zaintza sare horrek baditu hainbat neurketa puntu finko, eta haietan kokatzen dira estazio finkoak, kutsatzaile nagusien kontzentrazio mailak etengabe neurtzeko sentsoreak, eta zenbait parametro meteorologiko. Informazio iraunkor hori osatzen da laborategietan egindako zehaztapen analitikoekin. 

Zonifikazioa

Airearen kalitatea lurralde osoan ebaluatu behar da eta, horretarako, zonifikazioa egin behar da, airearen kalitateari dagokionez antzeko ezaugarriak dituzten “zona” edo eremuetan sailkatzeko eskualde bakoitza. Horretarako, faktore meteorologikoak hartzen dira kontuan, batez ere haizeen erregimena, kutsatzaileen hedapenean eragina baitu, eta orobat, lurraldearen ezaugarri topografikoak eta biztanleriaren banaketa ere. Era berean, irizpide hau aplikatu da: eremuen mugak bat etortzea administrazio mugekin. Ozonoarentzat zonifikazio bat egin da, eta gainerako kutsatzaileentzat beste bat.

Zonifikazioa gainerako kutsatzaileentzat

Zonifikazioa ozonoarentzat