Azaleko uren kalitatea. Kalitate-kontroleko sareak

Nafarroako Klima Aldaketaren Bulegoak urarekin lotura duten kalitate-kontrolerako hainbat sare kudeatzen ditu Nafarroan. Sare bakoitzeko neurketekin, urteko memoriak egiten dira, eta memoria horietan, Nafarroako uraren kalitatea laburbiltzen da. Ingurumen Behatokiaren esteka honetan, sarbidea duzu  memorietara. 

Azaleko uren kalitatea

1.   Egoera ekologikoa:
Ekosistema urtarren egoera ekologikoa zehazteko, kalitatearekin loturiko hainbat elementu neurtzen dira: elementu biologikoak (ornogabeen fauna, arrain-fauna, planktona eta flora urtarra), elementu hidromorfologikoak (emari-erregimena, loturak lurpeko urekin, jarraitutasuna, baldintza morfologikoak) eta elementu fisiko-kimikoak (pH-a, oxigeno disolbatua, amonioa, nitratoak, fosfatoak). Elementuok neurtu ondoren, erreferentziazko baldintza batzuen arabera ebaluatzen dira.
Azaleko uren egoera ekologikoa honela sailkatzen da: oso ona, ona, tartekoa, eskasa edo txarra.

 


2.  Kalitate fisiko-kimikoa:
1971az geroztik, Nafarroako azaleko uren kalitate fisiko-kimikoaren eta mikrobiologikoaren kontrol sistematikoa egiten du Nafarroako Gobernuak, hainbat elementu aztertuz; besteak beste, azidotze-egoera (pH-a), oxigenazio-baldintzak (oxigeno disolbatua, oxigeno-asetasunaren tasa) eta mantenugaiak (amonioa, fosfatoak, nitratoak).
Gaur egun, 124 neurketa-estazio daude; 74tan 8 kontrol egiten dira urtean, eta 50etan, 4 kontrol urtean. Ur-laginak jaso ondoren, laborategian, hainbat kalitate-parametro lortzen dira (oinarrizko parametroak, kutsatzaileak, materia organikoa, uraren matrize ionikoa, mikrobiologia). Horrez gain, parametroak in situ ere neurtzen dira. Gainera, urtean bitan, 25 neurketa-estaziotan, metal astunak eta pestizidak neurtzen dira. 
 Ibaien kalitate fisiko-kimikoa kontrolatzeko estazioen kokapena 

 


3.  Kalitate biologikoa

1994az geroztik, Nafarroako ibaien indize biotikoak zehazteko azterlan bat egiten da urtero. Gaur egun, 89 laginketa-puntu erabiltzen dira azterlan horretarako. Sare horren bidez, uraren kalitate biologikoa zehazten da, bioadierazleak erabiliz; besteak beste, honako hauek: makroornogabe bentonikoak (uretako intsektu ebentopiko, plekoptero, trikoptero, odonatu eta dipteroen larbak); krustazeoak (adibidez, anfipodoak eta isopodoak); moluskuak (barraskiloak eta txirlak barne) eta anelidoak (adibidez, izainak eta ur-zizareak) eta diatomeoen analisia (zelulabakarreko alga mikroskopiko fosilizatuak edo fitoplanktona). Denbora horretan, laginketa-puntu gehiago ezarri dira azterlanak osatuagoak izan daitezen, eta analisi gehiago egiten dira (bentos eta uretako klorofila).
Ibaien kalitate biologikoa kontrolatzeko estazioen kokapena

 
 

4.    Uraren tenperatura ibaietan

Uraren kalitatearen osagaien artean, azaleko uraren tenperaturak jasaten du klima-aldaketa nabarmenkiago. Datu horri esker, joerak ebaluatu daitezke, klima-aldaketaren adierazle gisa, eta izokin, amuarrain, ziprinido eta bestelako arrain-espezieen habitatak ere ebaluatu daitezke.

Gaur egun 48 estaziotan neurtzen da uraren tenperatura etengabe. Horietatik 35 sare honetakoak dira espezifikoki, eta beste 13 daude: 10 estazio Nafarroako Gobernuko Uren Kalitatearen Informazio Sistema Automatikoan eta beste 3 Ebroko Konfederazio Hidrografikoan. Sare honetako estazio espezifikoek sentsore bat dute, uraren tenperaturaren datuak modu autonomoan orduero neurtu eta biltegiratzeko. Urtero bisita bat egiten da, datuak deskargatzeko eta hondatutako sentsoreak ordezteko
Ibaietako uraren tenperatura kontrolatzeko estazioen kokapena
 

5.  Sare automatikoa

 Uraren Kalitatea Kontrolatzeko Sare Automatikoak (SAICA) laguntza eta informazioa ematen du uren kalitatearen egoerari buruz. Gaur egun, azaleko uretan hainbat kalitate-parametro neurtzen dira 10 estaziotan; besteak beste, hauek: tenperatura, pH-a, eroankortasun elektrikoa, uhertasuna, oxigeno disolbatua, materia organiko disolbatua, erredox potentziala, nitrogeno amoniakala, ortofosfatoa, nitratoa eta maila. Estazio horiek denbora errealean ematen dituzte datuak, 10 minuturo.

 

Hemen ikus ditzakezu uraren kalitateari buruzko datuak denbora errealean