Descárgate la app
325 adingabe eta gazte harrera-familia baten zain daude Nafarroan
2021ko azaroaren 18a
325 adingabe eta gazte harrera-familia baten zain daude Nafarroan
325 adingabe eta gaztek espero dute norbaitek eskola eta gero zabuetara eramatea, edo futbolera, edo zinemara. Faltan botatzen dute beren haurtzaroan eta heldutasunerako bidean laguntzen dieten, eskolako lanetan orientatzen dituzten edo zalantzak entzuten dituzten familien edo pertsonen berotasuna. Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen babesa edo tutoretza duten haur eta gazteak dira, bost urtetik, hasi berri den adin nagusitasunera bitartekoak.
325etatik 195 Nafarroako Gobernuaren tutoretzapean daude egoitza-harreraren modalitateren batean eta gainerakok, 130, autonomia bultzatzeko programetan, 18 urte betetzean harrera-sistematik ateratzen direnentzat.
Eskubide Sozialetako kontseilari Carmen Maeztuk publizitate-kanpaina aurkeztu du ostegun honetan, adin nagusitasunera iritsi berri diren eta babes-sisteman aurkitzen diren adingabeen familia-harrera edo gazteen mentore izateko beren burua eskaintzen duten pertsonen boluntariotza sustatzearren.
Aurkezpenean, kontseilariarekin batera izan dira Familia eta Adingabeen arloko zuzendariordea, Olga Chueca, eta Mª Puy Larumbe, hilabete batzuetatik hona adingabe baten, Jonen, erreferentziazko pertsona bilakatu dena (izena asmatua da); 12 urteko mutilak ere prentsaurrekoan egon nahi izan du gutun honen bidez.
Exekutiboak, neska eta mutil horiek erabat edo partzialki desinstituzionalizatzearen onurak ezagututa, 80 adingaberentzako harrera-familia edo erreferentziazko pertsona lortu nahi ditu 2022an. Horretarako, publizitate-kanpaina sustatzen du, sentsibilizazio orokorreko testuinguru batean, lan komunitarioarekin osatuta, Iruñerriko eta beste herri batzuetako dozena bat auzo eta herritan, gizarte-erakundeak eta udal-zerbitzu ezberdinak inplikatuz.
Maeztu kontseilariak gogorarazi du lehen aukera dela ahal den guztia egitea haurrak beren familia biologikoekin egon daitezen. Eta, ezin denean, familia-harreraren eta adopzioaren zerbitzua lehenestea, egoitza-baliabideen aurrean. “Gai izan behar dugu egoera iraultzeko eta harrera babesgabetasun-egoeran dauden adingabeak artatzeko eredu nagusi bihurtzeko. Irlanda edo Britainia Handia bezalako herrialdeek lortu dute jada. Lehen kasuan, tutoretzapeko adingabeen %91 familia-harreran zeuden. Britainia Handian, aldiz, %75era iritsi dira”, azaldu du.
Eskubide Sozialetako arduradunak, halaber, Gobernuak helburu hori lortzeko egiten duen ahalegina nabarmendu du: “Hori lortzeko, programa honetarako aurrekontua hirukoiztu egin dugu. Baina, batez ere, harrerarekiko konpromisoa hartzen duten familiak eta pertsonak ez ezik, ingurune ‘abegitsuak’ eta laguntza-sare komunitarioak ere behar ditugu gehien”, amaitu du.
Nafarroa, Bihotz handia
Kanpainaren goiburua “Nafarroa, Bihotz Handia / Navarra, corazón grande” da, 65.000 euroko kostua du, eta, larunbat honetatik aurrera, telebistako iragarkien, aldizkari digitalen, sare sozialen, irratiko publizitate-iragarkien eta markesinak bezalako beste espazio batzuen bidez hedatuko da. Era berean, kanpainari buruzko atal espezifikoa prestatu da Nafarroako Gobernuaren web gunean.
Publizitate-ekintza, aurrean esan moduan, testuinguru zabalago batean kokatzen da, eta Europako funtsek finantzatzen dute familia-harrera bultzatzeko eta indartzeko. Horren barruan sartzen dira gurasoak gaitzeko ekintzak, laguntza psikoterapeutikoa, harrera-familientzako prestakuntza eta jatorria bilatzeko laguntza eta bitartekaritza.
Horrez gain, aipatu harreraren sentsibilizazio- eta sustapen-prozesu bat burutzea aurreikusten da, “harreraren sustatzailearen” irudiaren bitartez.
Era horretan, sentsibilizatzeko 12 talde osatu dira guztira toki-mailan, irudi horren gaineko prestakuntza eskaintzeko. Hain zuzen ere, herrietan eta auzoetan harrera espazio sozial ezberdinetan zabaltzen duten pertsonak dira; hala nola, Apymas, jai-batzordeak, auzo-elkarteak, adinekoen klubak, hiri-baratzeak, kultur eta gazte elkarteak eta auzo eta herrietako udal-zerbitzuak.
Horietako leku bakoitzean zaintzarako espazioak indartu nahi dira, sareak sortuaz eta hurbileneko komunitatea adingabeen babes eta ongizatean inplikatuaz, babesgabetasun-egoeren prebentzioari bereziki erreparatuta; hots, sare komunitario bat, harrera bultzatzeko ekintzak garatzen aritzeko eta etorkizunean ere horretan jarraitu ahal izateko.
Talde horiek Iruñean (Ermitagaña, Mendebaldea, Buztintxuri, San Jorge, Mendillorri, Txantrea) eta Iruñerrian (Atarrabia, Zizur Nagusia eta Antsoain) aurkitzen dira. Horiei Lizarra, Tafalla eta Tuterakoak gehitzen zaizkie. Halaber, Nafarroako iparraldean laguntza-taldeak epe laburrera sortzeko lanean ari dira.
Taldeak hedatzeko modua leku edo erakunde bakoitzaren errealitatera egokitzen da, eta helburua da harreran interesa duten pertsona eta familientzako topaketa irekiak egitea. Lehen topaketa bat azaroaren 24an egingo da, Nafarroako Liburutegi Nagusian (Mendebaldea).
Familia eta Adingabeen Zuzendariordetzatik (ANADP, Pertsonaren Autonomia eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren mendeko unitatea), Olga Chueca arduradunak kanpainak azpimarratu nahi dituen bi alderdi aipatu ditu: alde batetik, asteburuetan, arratsalde batzuetan edo oporretan kontaktu egonkor bat, harrera ez dena, izateko prest dauden pertsonak animatzea, neska edo mutilarentzat erreferentzia izatearren; eta, bestetik, 18 urte bete berri dituzten eta adin-nagusitasunarengatik harreraren egoitza-sistematik atera diren (ez, ordea, autonomia pertsonalaren babes- eta prestakuntza-sistematik) eta arlo guztietan orientazio-premiak dituzten pertsonei laguntzea.
Bizitzako 611 istorio
Babes-sistema publikoak guztira 611 adingabe edo gazte artatzen ditu: 395 mutil eta 216 neska. 611 istorio pertsonal horiek bizitzako ibilbide konplexuak dituzte. Gaur egun, 325 egoitzako harrera- edo babes-sisteman aurkitzen dira (247 mutil eta 78 neska). Horietatik 195 Nafarroako Gobernuaren tutoretzapean daude harrera-erregimenean, eta gainerakoak, adinez nagusiak, beste baliabide batzuetan: autonomia-pisuak, akonpainamendua ingurune irekian edo haurdun dauden gazteei arreta emateko programa.
Egoitza-harrerako 195 mutilei dagokienez, 4 eta 18 urte artekoak dira, nahiz eta %85 12 urtekoak edo hortik gorakoak izan eta %75 14 urtetik gorakoak. Beraz, oso beharrezkoa da haien ongizatea lortzeko pertsona edo familia-ingurune bat izatea, maitasuna eta laguntza ematearren.
Beste 286 haur, jada familia-harreran bizi diren neskatoak eta gazteak dira, larrialdi-egoeran (8 kasu), aldi baterako daudenak (38 neska-mutil) edo modu iraunkorrean (192 pertsona), eta horiei gehitzen zaizkie harrera-familiarekin bizitzen jarraitzen duten adinez nagusiko 48 pertsona. Familia-harreran, adin-tarteen banaketa handiagoa da: etxeetan hartutako neska-mutilen %34 11 eta 14 urte artekoak dira (89); %19 15-17 urte arteko gazteak (48); %17 (43 mutil eta neska); %14 (35 haur) 4-6 urte artekoak; eta 0-3 urte arteko 22 haur eta beste 48 adin nagusiko.
Bestalde, 40 haur eta gaztek jaso dute erreferentziazko pertsonaren edo familiaren programa. Gaur egun, 20 haur kontaktu egonkorraren egoeran daude eta beste 20 harrera-familiarekin modu egonkorrean bizitzera igaro dira jada.