2021ko azaroaren 3a

“Merkataria izan nahi duzu?”, hurbileko txikizkako merkataritzaren sektorea suspertzeko eta balioa handitzeko kanpaina

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak abian jarritako kanpaina gaur goizean aurkeztu dute Santo Domingoko Merkatuan
Irudi galeria

“Eraldatu, kudeatu, berritu, ekin, planifikatu, hazi, ikasi, sortu nahi duzu? Merkataria izan nahi duzu?” Gonbidapen zuzen horrekin, Nafarroako Gobernuak kanpaina  bat abiarazi du, bereziki gazteei zuzendua, hurbileko txikizkako merkataritzaren sektorea biziberritzeko eta merkatarien lanbideari balioa emateko. Mikel Irujo Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak aurkezpenean nabarmendu duenez, “Merkatarien lana balioetsi nahi dugu, horietan jarri fokua, maila ekonomikoan eta sozialean funtsezko jarduera batean enplegu-aukerak daudela motibatzeko eta transmititzeko”.

Kontseilariaren esanetan “hurbileko merkataritzak erronka itzelei aurre egin behar die, adibidez, belaunaldien errelebo eza, kontsumitzaileak beste eremu eta formatu batzuetara joatea, edota kontsumo ohituren aldaketak. Gainera, izurriak areagotu egin du erronka hauei teknologia berriekin erantzuteko premia, online merkataritzarekin egokitu behar izanik, eta tratu pertsonala, hurbiltasuna eta gertutasuna galdu gabe”.

Ildo honetatik, azpimarratu du hori lortzeko gakoetako bat omen dela belaunaldien errelebo ezaren arazoa konpontzea. “Hori da hain zuzen kanpaina honekin azpimarratu nahi izan duguna. Belaunaldi berriak, ikasleak eta pertsona ekintzaileak motibatu nahi ditugu, hurbileko eta txikizkako merkataritza negozioekin jarraitzeko”.

Horren harira, gogorarazi du Nafarroan negozioen errelebo poltsa bat existitzen dela, ekiteko asmotan dabiltzan pertsonak eta bere negozioa eskualdatzeko interesa duten pertsonak harremanetan jartzen dituena. “Frogatuta dago zazpi aldiz errazagoa dela indarrean dagoen negozio batetik ekitea, zerotik hasten den batetik baino”, azpimarratu du. Gaur egun negozioen Errelebo Poltsak 98 iragarki aktibo dauzka; horietatik gutxi gorabehera 35 merkataritza dira, Foru Komunitateko udalerri ezberdinetan zehar banatuta daudenak.

Ekitaldian parte hartu dute Maitena Ezkutari Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak eta Susana Frommknecht Santo Domingoko Merkatuko gerenteak; honek eskertu egin du aurkezpena egiteko lekuaren hautaketa “gure hiri-merkatuaren ikurra baita. Ezingo zenukete topatu gehiago inplikatutako profesionalak, herritarrekiko hurbilagoak, edota produktu hoberik, sasoiko produktuekin, Nafarroako produktuekin”.

Kanpaina zuzena

Maitena Ezkutarik azaldu duen bezala, kanpaina diseinatzeko, analisi fase bat garatu zen sektorearen sentipenak, kezkak eta pertzepzioak jasotzeko. Horretarako elkarrizketa pertsonalak egin ziren elkartetako ordezkariekin eta galdeketa irekiak Nafarroan lanbidea betetzen duten pertsonekin.

Azterketa honen eskutik jasotako pertzepzioen artean daude: gizarteak ez du aintzat hartzen merkatariaren jarduna, lan gogorra da, orientatu gabeko prestakuntza, ezjakintasuna, kudeatzeko zailtasuna, berritzeko beharra edo kontsumo joera berrien mehatxua tarteko, besteak beste.

Dena den, garatutako galdeketetan atzeman ziren alderdi positibo ugari ere, pertsona gehienek ziurtatu baitzuten euren lanbidearekin harro eta zoriontsu zeudela.

Hori dela eta, zuzendari nagusiak esan duen bezala, “erabaki genuen funtsezkoa zela fokua jartzea hemen: eurak dira merkatari bat izateak dakarren aukeraz konbentzitzeko ahalmena dutenak, jakitera emanez motibatzeko mezu positibo inspiratzaile bat”. Horrela, kanpainan bost izan dira euren esperientzia profesionala zuzenean kontatu dutenak.

Era berean, azpimarratu dute “gogoko dutela bere merkatari jarduera, lanbide bat baino gehiago pasio bat izateagatik”. Horietako batek esan du gehien atsegin duena dela jende ugari ezagutzeko aukera, “gure ingurunearekiko eta gure herriarekiko hurbiltasuna sortzen dugu”.

Halaber agerian jartzen dute “etengabeko ikaskuntza eta hazkunde bat dela, gainera nire ezagutza inplementatzea lortzen dut, merezi duen zerbaitetan indarrak jarriz”, edo “egunero antolatzen naiz, planifikazioa egiten dut, nire ideiak martxan jartzeko aukera izanik”.

Sorkuntza “Flat Comunicación” agentziaren obra izan da. Kanpainak 80.000 euroko kostu bat du eta eskura jarriko da ohiko hedabidetan, digitalak, sare sozialak eta markesinak, bihartik aurrera eta azaroan zehar.

Txikizkako merkataritza

Nafarroan txikizkako merkataritzako 6.000 enpresa inguru daude, hau da, Nafarroako enpresa guztien % 16. Sektoreak ia 22.500 pertsonako enplegu bolumen bat sortzen du, gehienbat emakumeez osatua, zein afiliazioaren % 65a izatera datorren. Zifrak izurriaren aurreko mailekiko pixka bat gorago ezartzen dira, izan ere, 2020ko martxoan afiliatutako pertsonak 21.434 izan ziren eta horrek nolabait sektorearen erreakzio eta berreskurapen ahalmena frogatzen du.

Sektoreko enpleguaren heren bat, batez beste, banakako enpresariei dagokie, eta gainerakoa besteren kontura enplegatutako pertsonalari.