Descárgate la app
Irujo kontseilariak enpresen eta kontsumitzaileen energiaren kostuak arintzeko neurriak aurkeztu ditu, 30 milioikoak
2021ko azaroaren 2a
Irujo kontseilariak enpresen eta kontsumitzaileen energiaren kostuak arintzeko neurriak aurkeztu ditu, 30 milioikoak
Mikel Irujo Ekonomi eta Enpresa Garapeneko kontseilariak gaur aurkeztu ditu enpresa eta kontsumitzaileen energiaren kostuak murrizteko neurriak, “guztira 30 milioi euro inguru, Nafarroako administrazio, enpresa eta herritarren eraldaketa energetikoa bultzatzeko”. Horien artean, 12 milioi euroko laguntza deialdi berria iragarri du autokontsumorako instalazioetarako.
Aipatu laguntzak enpresek, erakunde publikoek eta partikularrek eskatu ahal izango dituzte azaroaren 10etik aurrera, NAOn argitaratu ondoren. Ekimena Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan kokatzen da, eta Next Generation funtsekin finantzatuta dago. Beste jarduera batzuen artean, diru-laguntza eskuratu ahal izango da ekipamendu elektromekaniko eta hidraulikorako nahiz kontrol-ekipo eta ekipamendu osagarrietarako. Gainera, monitorizazio- eta kudeaketa-sistemak, proiektuen eta memoria teknikoen erredakzioa eta zuzendaritza fakultatiboa sartuko dira, besteak beste.
Irujo kontseilariak bere aurkezpenean nabarmendu du Nafarroako Gobernua neurri ugari burutzen ari dela trantsizio energetiko baterako bidean aurrera egiteko, “aldaketa bat beharrezkoa baita, egungo energia-sistema, %80 iturri fosiletan oinarritua (petrolioa, gasa eta ikatza), zikina, eraginik gabea eta garestia da-eta. Batetik, zikina da planeta kutsatzen dugulako egun larrialdi klimatikoan egon arte. Ez da eraginkorra kanpokoen erabateko mendekotasuna sortzen digulako. Eta garestia da Nafarroan gure BPGdaren %9 erregai fosilak eskuratzeko erabiltzen dugulako”.
Horrez gain, kontseilariak adierazi du Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentua “aspaldidanik ari dela ildo ezberdinak jorratzen; hala nola, toki-erakundeentzako, eteentzako edo nekazaritza eta abeltzaintzako ustiapenentzako laguntzak energia-eraginkortasuna sustatzearren”. Horiei gehitu zaie orain deialdi hau, eta “horren helburua da energiaren kontsumoa arrazionalizatzea, autohornidura bultzatzea eta energia biltegiratzea bultzatzen duten ekintzak sustatzea”, adierazi du.
Laguntzak 477/2021 Errege Dekretuaren barruan biltzen dira; horren bitartez, autonomia-erkidegoei eta Ceuta eta Melilla hiriei zuzenean laguntzak ematea onartzen da, energia berriztagarriko iturrien bidez, autokontsumoarekin eta biltegiratzearekin loturiko hainbat pizgarri-programa gauzatzeko nahiz bizitegi-sektorean sistema termiko berriztagarriak ezartzeko, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren (PNIEC) esparruan. Laguntzak Next Generation funtsekin finantzatuko dira.
Nafarroan, 12 milioi eurora bitarteko inbertsioa egitea aurreikusten da, eta horietatik herena, lau milioi, egoitza-instalazioetarako eta administrazio publikorako izango dira. Helburua da 13.8 MW-ko potentzia jartzea autokontsumorako instalazioen eta instalazio termikoen artean, eta biltegiratzeari dagokionean, guztira 5.8 MWh potentzia ezartzea.
Laguntzak emateko sistema
Laguntzak sei pizgarri-programatan banatzen dira, eta autokontsumorako diru-laguntzak estaliko dituzte zerbitzuen sektorean, ekonomiako beste ekoizpen-sektore batzuetan eta bizitegi-sektorean, administrazio publikoetan eta hirugarren sektorean. Gainerako programak zerbitzuen bizitegi sektorean eta bizitegi-sektorean lehendik dauden autokontsumorako instalazioetan biltegiratzeko izango dira. Azken programa bizitegi-sektorean energia berriztagarri termikoen instalazioak egiteko izango da.
Zerbitzuen sektorean autokontsumorako instalazioetarako eta beste ekoizpen-sektore batzuetarako laguntzen kasuan, %15 (1 eta 5 MW arteko proiektuentzat) eta %50 (20 kW-tik beherako potentziako instalazio eolikoetarako) artekoak izango dira. Prezio unitarioa 460 €/kW-tik (1 eta 5 MW-ko proiektu fotovoltaikoetarako) 4.723 €/kW-ra (instalazio eolikoen kasuan) bitartekoak izango da.
Bestalde, zerbitzuen sektorean biltegiratzeko instalazioei eta beste ekoizpen-sektore batzuei zuzendutako laguntzetan, gutxienekoa %45ekoa izango da; handiena, berriz, %65ekoa. Diru-laguntza horiek eskatzeko prezio unitario handiena 200 eta 700 €/kWh artekoa izango da. Gainera, amiantozko estalkiak kentzea sustatzen da, prezio unitarioaren gaineko diferentzialarekin. Biltegiratzeko instalazioetarako, ehunekoak gutxieneko %45etik gehieneko %65era bitartekoak dira.
Bizitegien autokontsumoko instalazioetarako eta administrazio publikoetarako eta hirugarren sektorerako laguntzei dagokienez, instalazio propioetarako eta autokontsumo kolektiborako laguntzak eskainiko dira, eta 300 €/kWp-koak izango dira 1 eta 5 MWp arteko instalazioetarako eta 3.350 €/kWp-era bitartekoak 20 kW-tik beherako potentziako instalazio eolikoen kasuan, bizitegi-sektoreko autokontsumo kolektiboetan. Administrazio publiko eta hirugarren sektorerako, hurrenez hurren, 500 eta 4.550 €/kWp artekoak izango dira. Bi kasuetan, amiantodun estalkiak kentzea edo FV proiektuetarako markesinak instalatzea ere sustatuko da.
Gainera, bizitegiko biltegiratze-instalazioetara eta administrazio publiko eta hirugarren sektoreari zuzendutako laguntzak emango dira, norberaren instalazioetarako nahiz autokontsumo kolektiborako. 5 MWh-tik gorako biltegiratzeko 140 €/kWh-tik hasi eta 490 €/kWh-ra bitartekoak izango dira 490 €/kWh-tik beherako biltegiratzeko.
Azkenik, energia berriztagarrien instalazio termikoetarako laguntzak emango dira bizitegi-sektorean. Teknologiaren arabera, 3.000 eurotik hasi (klimatizaziorako eta ACS-rako airea-ura instalazio aerotermikoetarako) eta 9.000 eurora bitartekoak (instalazio geotermiko edo hidrotermikoetarako etxebizitza bakoitzeko) izango dira. Jabetza publikoko etxebizitza eta hirugarren sektorerako laguntzak 3.900 eta 9.550 euro bitartekoak izango dira.
Moves III Planaren lehen esleipena
Aurkezpenean, halaber, Mugikortasun Eraginkor eta Iraunkorrerako Pizgarrien Programako (Moves III) lehen laguntza eman dutela iragarri dute. Horren helburua da mugikortasun adimentsu eta iraunkorrerako trantsizioa egitea. MOVES III Planeko laguntzak emateko lehen ebazpenaren zenbatekoa guztira 2.047.533,17 eurokoa da, eta 730.180 euro emango ditu birkargatzeko puntuak instalatzeko laguntzetarako eta 1.317.353,17 euro ibilgailu elektriko eta hibrido entxufagarriak erosteko.