2021ko urriaren 26a

Ollo kontseilariak bi Nafarroaren arteko harreman instituzionala eta herritarra finkatzeak duen garrantzia nabarmendu du

Bi Nafarroaren Mintegia Irisarrin egin da aurten, eta bertan parte hartu du kontseilariak
Louis Gentien, Terres de Navarre Elkarteko lehendakaria; Ana Ollo, 
Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria; Jean Pierre Mirande, Pirinio 
Atlantikoetako departamentu-kontseilaria eta Sergio Perez, Kanpo Ekintzako 
zuzendari nagusiarekin batera, lehen planoan.
Louis Gentien, Terres de Navarre Elkarteko lehendakaria; Ana Ollo, Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria; Jean Pierre Mirande, Pirinio Atlantikoetako departamentu-kontseilaria eta Sergio Perez, Kanpo Ekintzako zuzendari nagusiarekin batera, lehen planoan.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Herritarren Harremanetarako kontseilaria den Ana Ollo bi Nafarroaren XVI. Mintegian izan da, Frantziako Irisarri herrian, eta “Nafarroako Erresuma Zaharra osatu zuten bi komunitateak batzen dituzten lotura historikoak eta kulturalak” nabarmendu ditu. Topaketa 2005az geroztik egiten da, txandaka Pirinioen alde batean eta bestean, eta helburua bi lurraldeen arteko loturak aprobetxatzea da.

Nafarroako Gobernuak sustatuta, Nafarroa Behereko udalerri nagusiekin eta Nafarroako Lurren Elkartea bezalako kultur erakundeekin batera, urtero egiten den topaketari esker, Ultraportuen merindade historikoaren eta Nafarroa kontinentala deiturikoaren arteko harremanak estutzen dira. Txandaka, mugaren alde bakoitzean edizioa egiten da, bi lurraldeetako erakundeen eta instituzioen artean ezagutzak, esperientziak eta proiektuak partekatzearren. Aurreko edizioa Azkoienen egin zen 2019an, iazkoa bertan behera geratu baitzen pandemia medio.

Ana Ollo, Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria, Sergio Perez Kanpo Ekintzako zuzendari nagusiarekin batera, ekitaldian izan da Nafarroako Gobernuaren ordezkari gisa. Nafarroa Beheretik, berriz, Jean Pierre Mirande, Pirinio Atlantikoetako departamentu-kontseilaria, eta Louis Gentien, Terres de Navarre Elkarteko lehendakaria, izan dira, beste agintari batzuen artean.

Ana Ollok bere hitzaldian nabarmendu du “esperientzia berriekin aberasteko gogoa dutela bi aldeek, eta topaketa aukera ona dela elkarrekiko ezagutza handitzeko eta ekimen berriak abian jartzeko”. “Zailtasun handiak izan arren –jarraitu du kontseilariak-, bi Nafarroak elkarrekiko estimu eta errespetuzko harremana izan dute; hori dela-eta, erakundeok ekimen berriak abian jarri behar ditugu, gure harreman instituzionala, soziala eta herritarra indartzeko”.

Horrez gain, hizkuntza komuna izatearen garrantzia azpimarratu du kontseilariak: “euskararekiko sentitzen dugun estimuak batzen gaitu, elkarbizitzarako hizkuntza, mugaren bi aldeetako nafarrok partekatzen dugun altxorra. Topagune partekatua, hizkuntza hau, Nafarroako ondare hau, eta zergatik ez, europarra ere, babesteko beharrarena”. “Garai nahasi hauetan, hizkuntza hau eztabaida alderdikoi eta interesatu batean murgilduta aurkitzen da, eta liskarrerako erabiltzen dute batzuek. Beraz, argi eta ozen aldarrikatu behar dugu duen balio kalkulaezina, eta babesteko eta bultzatzeko dagoen beharra”, amaitu du.

Oraingoan, bi Nafarroaren arteko mintegia Irisarri herrian egin da, Akitania Berria Eskualdeko Pirinio Atlantikoetako departamentuan, Ospitalearen lokaletan; hau da, “Ondarearen Hezkuntzaren Departamentu Zentroa”, Jerusalemgo San Juan Ordenako Ospitale Zaldunek sortutako komandantzia zaharra, Maltako Ordena bezala ezaguna, egun ondarearen hezkuntza-zentro bilakatua.

Jardunaldian zehar, hitzaldiak eman dituzte Nafarroa Behereko zein Foru Komunitateko ordezkariek: “Berroberria Alkerdi sistema, Historiaurreko ondarearen kudeaketaren adibide bat Nafarroan”, Jesus Garcia Gazolaz eta Jesus Sesma arkeologoen eskutik; “Indusketak XVII. mendeko artzain baten bordaren inguruan”, Eric Duprée Morettik (arkeologoa) eskainia; eta “Isturitzeko kobetako indusketa arkeologikoak”, Christian Normanden (arkeologoa) eskutik, besteak beste.