Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak euskara sustatzeko Hiruko Ituna berritu dute
2021ko urriaren 22a
Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak euskara sustatzeko Hiruko Ituna berritu dute
Nafarroako Foru Komunitateko Herritarrekiko Harremanetako Kontseilari Ana Ollok, Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu eta Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Bingen Zupiriak, eta Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakari Antton Curutcharryk hiru erakundeen arteko 2021-2025 urteetarako lankidetza protokoloa berritu dute euskararen sustapenean elkarlanean jarraitzeko.
2017ko uztailaren 3an, Iruñean sinatu zuten hiru erakundeek lehenengo Lankidetza Hitzarmena eta balorazio positiboa eginda eta alde guztiek elkarlanean jarraitzeko erakutsi duten interesa kontutan hartuta berriro sinatzea adostu dute.
Gaur berretsitako hitzarmena elkarlanetik eta hiru erakundeek elkarri dioten errespetutik eta lurralde errealitate politiko eta soziolinguistikotik egin dela adierazi dute aldeek, beti ere, legeek lurralde bakoitzari ematen dizkioten eskumenen esparruan.
Baionan burututako prentsaurrekoan hiru erakundeek, esperientziak eta jardunbide egokiak partekatuz, euskararen inguruan duten konpromisoa azpimarratu du Ana Ollo Konseilariak, bai hezkuntzan, helduen euskalduntzean, erabileran, ikerketan edo hizkuntzan bertan. Honen harira Ana Ollok adierazi duenez, arlo honetan “azpimarratzekoa da Euskararen Adierazle Sistema (EAS). EAS datu-multzo bat da, era eguneratuan eta diakronikoan euskarak gizarte-eremu guztietan duen egoeraren berri ematen duena, euskararen lurralde osoan. Adierazle sistema hau ezinbesteko tresna da hizkuntza politika publikoa egoki kudeatzeko, eta era berean, informazio-iturri interesgarria da herritarrentzat, eta bereziki sektore espezializatuentzat (ikertzaileentzat edo euskara teknikarientzat)”.
Hitzarmenak euskararen sustapenean lankidetza bultzatzeko helburua du eta besteak beste, hezkuntza, helduen euskalduntzea, euskararen erabilera, ikerketak edo eta euskarari buruzko gogoeta zehazten ditu.
Helburuak
Euskarazko irakaskuntza garatzeko lankidetzaren alde egin beharra ikusten dute hitzarmenaren hiru sinatzaileek eta horretarako ikasleen mugikortasuna eta goi mailako ikasketak beste lurralde baten egin nahi dituzten ikasleentzat unibertsitateko edo eskoletako sarbide aukerak eta moduak aztertuko dira.
Gainera helduen euskalduntzearen arloan egiten diren politiketan lankidetza ere bultzatzen dute eta elkarlanean arituko dira euskararen gaitasun-maila ebaluatzeko eta egiaztatzeko probak eta sistemak diseinatzerakoan.
Aisialdian, kirolean, ingurune digitalean, arlo sozioekonomikoan eta euskarazko hedabideetan euskararen erabilpena sustatu beharra eta horretarako bideak ere zehazten ditu Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak gaur sinatu duten hitzarmenak. Horretarako eremu horietan dauden euskarazko baliabideak eta esperientziak aztertu eta partekatuko dira.
Gaur Baionan berretsitako hitzarmenak euskarari buruzko gogoetan, sustapenean eta prestakuntzan ere indarrak batuta aritzeko nahia biltzen du. Horretarako hiru aldeek elkarrekin zein bakoitzak bere aldetik eratzen dituzten programa eta foroetan parte hartu ahal izango dute.
Ikerketa soziolinguistikoaren arloan berriz, datuen bilketa elkarlanean egitea zehazten du hitzarmenak beti ere euskararen eremu osorako bateragarriak eta aldi berean lurralde bakoitzeko hizkuntza politikak egituratzeko baliagarriak izateko. Informazio guzti hori elkarri trukatzea ere adostu dute.
Gainera hiru aldeak lankidetzan arituko dira, aukeren arabera, euskararen sustapena helburutzat duten proiektuak europear finantzaketetan aurkezten jarraitzeko.
Jarraipena
2025era bitartean egongo da indarrean gaur sinatutako Hiruko Ituna eta Nafarroako Gobernuko Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordetza eta Euskararen Erakunde Publikoa izango dira bere kudeaketaz arduratuko direnak. Horretarako hiru aldeek adostutako Batzorde Misto bat eratuko dute; batzordea gutxienez urtean behin bilduko da hitzarmenaren jarraipena egiteko.