2021ko urriaren 22a

Hezur-muinaren ematea sustatzen duen “Un match x una vida” kanpainarekin bat egin du Osasun Departamentuak

Kanpainak oihartzuna izango du Club Atlético Osasuna eta Granada Club de Fútbol taldeen arteko partidan, gaur gauean, Sadarre

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak, Nafarroako Transplanteen Koordinazioaren eta Nafarroako Odol eta Ehun Bankuaren bidez, bat egin du “Match x una vida” kanpainarekin, 18 eta 40 urte bitarteko gazteen artean hezur-muina ematea sustatzeko. Helburua da Hezur-muinaren Emaileen Espainiako Erregistroan (REDMO) 2022an gutxienez 500.000 hezur-muin emaile inskribatzea. Helburu hori Hezur-muinaren Plan Nazionalean (PNMO) dago jasota.

Helburu hori aintzat hartuta, hezur-muina emateko kanpaina presente izango da gaur Club Atlético Osasunak eta Granada Club de Futbol taldeak jokatuko duten Ligako partidan, Iruñeko Sadar futbol-zelaian, banner dinamikoen eta estadioko pantailaren bitartez. Era berean, sustapen-bideo bat jarriko da atsedenaldian zehar.

‘Un match x una vida’ kanpaina Hezur Muinaren Plan Nazionalean (PNMO) kokatzen da, eta Transplanteen Erakunde Nazionalaren (TEN), autonomia-erkidegoen eta Josep Carreras Fundazioaren arteko ekimen bateratua da leuzemiaren aurka.  

Emaile gisa nola erregistratu

Hezur-muinaren emaile gisa erregistratu nahi duten 40 urtetik beherako herritarrek Nafarroako Odol eta Ehun Bankuaren (NOEB) edozein instalaziotan egin ahal izango dute. Jada odol-emailea bada, odol osoa edo aferesia emateko ekintza berean egin daiteke.

Emaile egin nahi duten pertsonek jarraian adierazitako telefonora deitu edo posta elektronikora idatzi besterik ez dute hitzordua eskatzeko; era horretan, hobeto artatzeaz gain, atzerapenak saihestuko dira. Hitzordura joaten direnean, berriro informazioa emango zaie zalantzak argitzen amaitzeko, baimen informatua lekukoekin sinatzeko eta odol-analitika bat egiteko; horrela, REDMOn sartuko dira. Analitika egiteko ez da beharrezkoa baraurik egotea.

Iruñean:

Telefonoa: 848 422 500

Posta elektronikoa: bssecrepamplona@navarra.es

Ordutegia: 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik ostegunera, eta 08:00etatik 14:30era ostiraletan.

Helbidea: Nafarroako Odol eta Ehun Bankua. Nafarroako Ospitale Guneko barrutia (Irunlarrea kalea, 3. Iruña).

Tuteran:

Telefonoa: 848 421 991

Ordutegia: 08:15etik 13:45era, astelehenetik ostiralera, eta 17:00etatik 20:00etara, asteartetan eta ostegunetan.

Helbidea: Eza kalea, 22

Iruñetik edo Tuteratik kanpo bizi direnak ere informazioa eskuratu eta hezur-muinaren emaile gisa erregistra daitezke Odol Bankuaren Unitate Mugikorrean. Unitate Mugikorraren odol-ateratze egutegia kontsultatzeko, sartu ADONAren web gunean.

Hezur-muinaren emaile berrien %70 emakumeak dira

PNMOren orientazio berriak hobekuntza kualitatiboa gehitu die helburu kuantitatiboei; hain zuzen ere, gizonezko emaileak sartu nahi dira, REDMOn izena emandako pertsonen generoa orekatzearren. Halaber, erregistroa gaztetu eta tipajeen kalitatea hobetu nahi da, REDMOren eraginkortasuna areagotzeko eta autosufizientzia hobetzeko.

REDMOren datuei erreparatuta, beharrezkoa da gizonak erregistroan sartzea; izan ere, 2018an, emaileen %63 emakumeak ziren eta %37 gizonak. Feminizazio hori, gainera, mantendu egin da aurten REDMOra sartu berri direnetan, 10 emaile berritik 7 emakumeak baitira oraindik ere.

Dena den, gizonezko bat emaile eraginkor izateko aukerak emakumeenak baino hiru aldiz handiagoak dira, taldeek gehien eskatzen baitituzte, transplanteen ondoren emaitza hobeak lortzen dituztelako. Adinari dagokionean, emaile guztien %52 40 urtetik beherakoak ziren, REDMOren 2018ko Memorian jasotzen denaren arabera. Gaingikoki, emaileak ez du izan behar gaixotasun kardiako, hepatiko, autoinmune, infekzio-kutsakor edo neoplasikoen aurrekari pertsonalik. Behin izena emanda, REDMOren datu-basean egongo dira 60 urtera bitarte. Espainian hezur-muina ematea borondatezkoa eta altruista da. Nazioarteko elkartasun-printzipioak eraentzen du. Hezur-muinaren emaile gisa inskribatutako edonor prest dago muina emateko munduan zehar behar duen edozein pertsonari.

Neurri horien bitartez, PNMOk %40 gehitu nahi du donazioen eraginkortasuna, 2022an erregistratutako 10.000 emaileko 7 emaile eraginkor lortu arte (iaz, 10.000 emaileko 5 izan ziren). 2012. urtearen amaieran, PNMOren lehen fasea abian jarritakoan, Estatuan 3,85 emaile eraginkor zenbatu ziren erregistratutako 10.000 emaileko; beraz, gure herrialdean etengabe hobetzen joan gara arlo horretan.

PNMO Planerako lehentasunezkoa da, baita ere, autosufizientzia hobetzea; alegia, Espainiako erregistroan emaile bat aurkitzeko gaitasuna izatea herrialde honetan bizi den paziente batentzat. Ildo horretan, helburua da Espainiako hezur-muinaren transplanteen %35 REDMOn izena emandako emaileekin egitea lortzea 2022an. Aurtengo urteari erreparatuta, autosufizientzia %25ekoa da. 2012. urtean, ia %4ra iritsi zen. Autosufizientzia handiagoa den heinean, bateragarria den emaile bat bilatzeko denbora murrizten da.

Aukeratutako leloa, ‘Un match x una vida’, bikotea bilatzeko aplikazioen erabilerari eta egokia aurkitzeko zailtasunei buruzko analogia batetik abiatzen da. Osasun Departamentuak gogorarazi du familiakoa ez den muin-emaile bateragarri bat mundu osoan aurkitzeko probabilitatea 4.000tik 1ekoa dela. Emailerik onena familiako bat bada ere, aukera hori kasuen %25-30era soilik iristen da; beraz, paziente gehienek ahaide ez den emaile bat aurkitu behar dute, donazio-erregistroak erabilita.