Descárgate la app
Osasun Departamentuak 32,7 milioi inbertituko ditu Nafarroako Unibertsitate Ospitalea deituko den NOGaren berrikuntza teknologikoan eta azpiegituretan
2021ko urriaren 8a
Osasun Departamentuak 32,7 milioi inbertituko ditu Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa deituko den NOGaren berrikuntza teknologikoan eta azpiegituretan
Osasun Departamentuak, datozen bi urteetan, 32,7 milioiko inbertsioa egingo du orain arte Nafarroako Ospitale Gunea izan den teknologia eta azpiegiturak berritzeko. Aurrerantzean, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa (NOU) izango da, eta 2018tik zuen legezko baldintza bat agerian utziko du bere izenean.
Zentroaren irakaskuntza- eta ikerketa-dimentsioak ekarri du izendapen berria, eta hori indarren den hitzarmena eguneratzeko NUPekin egiten ari den lanean ere ikus daiteke; hitzarmena laster berrituko da.
Inbertsioak Europar Batasunaren REACT (FEDER) programatik (9,5 milioi) eta Osasun Ministerioaren INVEAT programatik (berreraikuntza- eta erresilientzia-mekanismoa) (14,8 milioi) datoz. Horiei Osasun Departamentuak bere emariak gehituko dizkie (8,4 milioi), espazio espezifikoak instalatzeko nahiz egokitzeko edota erreminta horiek osatzeko, gaitasun operatiboak eta zerbitzuak handitze aldera. Osasun publikoaren aldeko apustu estrategikoak bi osagai ditu: teknologia “berritzea” baina “berrikuntza” ere bai, Nafarroako osasunaren sistema publikoan orain arte ez zeuden puntako ekipamenduak eskuratuko baitira.
Teknologia: PET-TC, nabigatzaile kirurgikoak, Erradioterapia azeleragailuak
NUOn teknologian egingo diren inbertsioen artean, PEC-TC bat erosiko da; hau da, medikuntza nuklearreko aparatua, osasunaren sistema publikoan orain arte ez zegoena; beraz, teknika hori zentroan bertan landu ahal izango da. Medikuntza Nuklearraren Zerbitzuan egungo gammakamerak ere berrituko dira (bi eramangarri eta finko bat).
Horrez gain, bi nabigatzaile kirurgiko jarriko dira, bat Virgen del Camino Ospitale zaharrean eta bestea lehengo Ubarmin Klinikan. Biek zehaztasun handiagoko kirurgia egiteko aukera ematen dute, eta interes berezia dute bizkarrezurreko ebakuntzetarako. Ondorioz, nabigatzaile horiek batik bat Neurokirurgiako eta Traumatologiako zerbitzuek erabiliko lituzkete, baina horietan aurpegi-masailetako eta ORL teknikak ere egingo lirateke.
Halaber, Onkologia Erradioterapikoko zerbitzuan dauden lau azelaragailutatik hiru azken teknologiako aparatuekin ordezkatzea aurreikusten da. Hobekuntzak ekarriko lituzkete erradiokirurgian, erradioterapia selektiboagoa ahalbidetuz, inguruko ehun osasuntsuan irradiazio txikiagoa eginaz, eta, horrela, gaixoari beharrezkoa ez den kaltea egitea saihestuz.
Gainera, Kardiologiako Kirurgia Handi Anbulatoriorako espazio berri bat egitea aurreikusten da Larrialdi Orokorretako eraikinean eta eremu horretara eramatea Elektrofisiologiako jarduera osoa (ablazioak eta taupada-markagailuak, batez ere), Hemodinamikako areto berri bat jartzeaz gain (teknika inbaditzaileen bidezko ebakuntzak bihotzaren egituran; hala nola, balbula edo arterietan) eta beste espazio bat D pabiloian dagoen aretoa etorkizunean horra eramateko, era horretako jarduera osoa espazio bakar batean biltzearren.
Era berean, Virgen del Camino Ospitale zaharreko endoskopien aretoko ekipamendua berrituko da. Tomografia Konputarizatuko (TC edo eskanerra) hiru ekipamendu ere erosiko dira eta erresonantzia magnetiko berri bat; horrela, kalitate hobekoak izango dira egiten diren probak, eta azkarrago ere egingo dira. Beraz, batetik, zehaztasun diagnostiko handiagoa lortuko da eta, bestetik, prozedura-kopurua gehituko da.
Halaber, angiografoan (odol-hodiak teknika erradiologikoen bidez bistaratzeko eta operatzeko gailua) Neuroerradiologiak eta Erradiologia Interbentzionistak egun partekatzen duten jarduera bananduko da, era horretako aparatu berri bat erosiko baita lehen diziplinarako, eta lehendik dagoen angiografoa bigarrenerako erabiliko da.
Horrez gain, kirurgia robotikorako gailu kirurgiko bat erosteko aukera ikusten da; horri esker, segurtasun handiagoa, zehaztasun handiagoa eta ebakuntzetan odol gutxiago izatea lortuko da.
Azpiegitura: LUNA, Ubarmineko estalkia eta eraikin orokorra
Berrikuntza ez teknologikoari dagokion zatian, zentroko hainbat eraikin eta espazio berritzea aurreikusten da. Zehazki, Nafarroako Laborategi Bateratua (LUNA); Virgen del Camino Ospitale zaharreko eraikinak, Orokorra nahiz Ama-Haurrena, azken horretan ZIU Pediatriko berria sartuta; Psikiatria eraikina; eta Farmaziako biltegia. Gainera, Ubarmin Klinikaren estalkia aldatuko da, eta, horri esker, eraikinaren energia-eraginkortasuna hobetuko da.
Bestalde, inbertsioa egingo da, baita ere, Tuterako Sofia Erregina Ospitalean eta Lizarrako Garcia Orcoyen Ospitalean, bietarako TC aparatu bana (eskanerra) eskuratzea aurreikusten baita, bakoitza 750.000 euro ingurukoa.
Osasun Departamentuak eta Foru Gobernuak lanean jarraitzen dute beste partida batzuk finkatzeko, osasun-arloko ekipamendu teknologiko berriak eskuratzeko kanpoko funtsak maximizatzearren.
Nafarroako Unibertsitate Ospitalea
NOGen lege-baldintza unibertsitate-ospitale bezala, Nafarroako Gobernuko Unibertsitate eta Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiak ekainaren 12an eman zuen 386/2018 ebazpenaren bitartez.
Ebazpen horrek egiaztatzen du NOGek oinarrizko bi araudi-baldintza betetzen dituela unibertsitate-ospitale izateko: hitzarmen edo kontzertuaren bidez unibertsitate-zentro bati lotuta egotea eta zentro horrek ospitale osoari erreferentzia egitea edo bertako zerbitzu eta/edo laguntza-unitate gehienak hartzea.
Nafarroako Ospitale Guneak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) eta Nafarroako Unibertsitatearen (UN) Osasun Zientzietako titulazioen graduatu aurreko eta gradu-ondoko unibertsitate-irakaskuntzan parte hartzen du. Horiei lotuta dago Osasun Departamentuaren eta aipatu unibertsitateen artean egindako hitzarmenen bitartez.
Hitzarmenak unibertsitateekin
NUPekiko lankidetza 2016an sinaturiko hitzarmenaren bidez arautzen da; egun luzatuta dago, eta berritzea eguneratze-fasean aurkitzen da oraintxe bertan, eta zentroarekin batera aurkeztuko da. Hitzarmen orijinalean sartzen dira honako titulazio hauek: Osasun Zientziak, Gizarte Langintza, Hezkuntza, Soziologia, Ingeniaritza Biomedikoa, Diagnostiko eta Tratamendu Medikoaren teknologiak eta antzeko diziplinak.
NUrekin indarrean dagoen hitzarmena 1959an egin zen, eta Nafarroako osasun-sistema publikoaren egitura asistentziala arautzen du, osasun-zientzietako eta antzeko diziplinetako ikasketen irakaskuntza eta ikerketarako. Ikasketa horiek honako Fakultate hauetan ematen dira: Medikuntza, Zientziak, Erizaintza, Farmazia eta Hezkuntza eta Psikologia.
Irakaskuntza- eta ikerketa-jarduera
Nafarroako Unibertsitate Ospitalea osasun-prestakuntza espezializaturako Osasun Ministerioak egiaztatutako zentroa da, 37 espezialitateetan espezialistak prestatzeko. Prestakuntza-urte desberdinetan dauden 304 egoiliar hartzen ditu guztira, R1etik R5era bitarte, osasun-adar ezberdinetan banatuta prestakuntza espezializatuarekin: Medikuntza, Erizaintza, Farmazia, Biologia eta Erradiofisika. Zehazki, 261 MIR, 19 EIR, 16 FIR, 5 BIR eta 3 RIR daude. Horrez gain, beste zentro eta eremu batzuetako egoiliarrak daude, prestakuntza-programaren barruan zentroan txandakatzeak dituztenak; esate baterako, Lehen Arretako egoiliarrak.
Gradu-aurreko prestakuntzari dagokionez, 2021-2022 ikasturte honetarako 707 ikasle aurreikusten dira NUOn: 410 Erizaintzan, 241 Medikuntzan, sei Farmazian, 25 Bioingeniaritzan, 24 Fisioterapian eta bat Logopedian. Oro har, 1.139 txandakatze edo praktika-aldi izango dira. Gainera, ikasturte honetan, zentroan prestakuntza egingo dute gradu-ondoko 36 ikaslek.
Ikerketa-jarduerari dagokionean, Nafarroako Osasun Zerbitzuaren-Osasunbidearen memorian, 2020an, zentroko profesionalek 160 ikerketa-proiektutan parte hartu zutela jasotzen da. Tartean, Navarrabiomeden datuen arabera, ikertzaile nagusi bezala agertzen dira 48 proiektutan, 37 finantzatu lehiakor (zazpi nazioartekoak, hamabi nazionalak eta 18 eskualdekoak) eta 11 ez lehiakor.
Era berean, profesionalek 392 argitalpen egin zituzten, herena baino gehiago JCR-ren lehen kuartileko ikerketa-aldizkarietan (argitalpen baten garrantzia eta inpaktua baloratzeko erabiltzen den indizea). %6,5 indize horretako lehen hiruren artean kokatutako aldizkarietan argitaratu ziren.
Iaz, 58 doktore-tesi zeuden garapen-fasean. Halaber, 624 txosten eta komunikazio aurkeztu ziren, eta 16 sari jaso ziren. Era berean, zerbitzuek eta zentroak antolatutako 227 prestakuntza-jarduera egin ziren.
Nafarroako Ospitale Guneak izen hori jaso zuen apirilaren 12ko 19/2010 Foru Dekretuaren bidez; bertan biltzen ziren hiru ospitale-zentrotako (Nafarroako Ospitalea, Virgen del Camino Ospitalea eta Ubarmin Klinika) eta osasun-arreta espezializatuko lau zentrotako (Vianako Printzea, San Martin Doktorea, Oliveto Kondea eta Tafallako Anbulatorioa) giza baliabideak eta materialak.
Zentroa plan bat egiten ari da seinaleak izendapen berrira egokitzeko; hau da, trafiko-seinaleak ospitalerako ibilgailu-sarbideetan, oinezkoen sarreren eta ibilbideen adierazpenak, mugikortasun murriztuko pertsonentzako ibilbide irisgarriak eta eraikinen identifikazioa, solairu bakoitzean dauden zerbitzuen izen eta guzti. Papergintza eta dokumentazioari dagokienez, lehendik dagoena erabiltzen jarraitzea aurreikusten da, harik eta pixkanaka-pixkanaka ordezkatu arte.