2021ko urriaren 1a

Nafarroako ikastetxeetan sortzen diren hondakin guztien %60 plastikozko ontziak dira.

Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Hondakinen Partzuergoak 10.000 ikasle baino gehiagori eta, berrikuntza gisa, helduei eskaintzen dieten hezkuntza-programaren aurkezpena egin dute Leitzako ikastetxean
Leitzako Erleta ikastetxeko ikasleek Nafarroako Hondakinen Partzuergoaren 
hezkuntza programaren aurkezpenean parte hartu dute.
Leitzako Erleta ikastetxeko ikasleek Nafarroako Hondakinen Partzuergoaren hezkuntza programaren aurkezpenean parte hartu dute.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako ikastetxeetan sortzen den hondakin guztiaren% 60 plastikozko ontziei dagokie. Belaunaldi berrien artean birziklapena eta ingurumen-praktika onak sustatzeko, Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Hondakinen Partzuergoa osatzen duten 15 mankomunitateek, hezkuntza-programa berria aurkeztu dute. Aurten, 10.000 ikasle baino gehiagori zuzenduta dago, eta, berrikuntza gisa, helduei zabalduko zaie.

Toki Administrazio eta Despopulazioko zuzendari nagusia den Jesus Mª Rodriguezek hezkuntza-programaren irekiera instituzionalean parte hartu du, Leitzako Erleta ikastetxe publikoan. Bertan izan dira, baita ere, Leitzako alkatea, Mikel Zabaleta; Nafarroako Hondakinen Partzuergoko kudeatzailea, Fernando Mendoza; eta Mendialdeako Mankomunitateko lehendakaria, Unai Miranda. Horiez gain, Aresoko Nazabal ikastetxeko eta Leitzako Amazabal institutuko ikasleek hartu dute parte jardunaldian.

Erleta ikastetxeko ikasleek hondakinak kudeatzeko ikastetxea jorratzen ari den proiektuaren berri eman dute, hondakinen ekoizpena gutxitze aldera ikasle guztien eta hezkuntza-komunitate osoaren inplikazioarekin.

Era berean, astebete batean hamaiketakoekin sortzen diren hondakinak bereizi dituzte. Ontziak eta bestelako elementuak gehiegi ez erabiltzeko, ogitarteko eramangarriak banatu dituzte; hau da, BokatOnas bezala ezagutzen direnak, eta ur-botila berrerabilgarriak ere bai, ontzi plastikoekiko mendekotasuna murriztearren. Berrerabiltzeko baliabide horiek banatzen dira ikastetxeak nahiz familiek erabiltzeko konpromisoarekin.

Jardunaldia amaitzeko, uraren dastatze itsu bat egin dute, eta, horrela, inguruko 4 iturburutako ura eta botilaratutako bi marka ezberdinetako ura alderatu dituzte; azkenik, herri-kirol jolas bat ere egin dute hondakinekin.

Ikasleei eta helduei zuzendutako programa

2021-2022 ikasturtean, hezkuntza-programa berriak 500 hezkuntza-tailer eskainiko dizkie Partzuergoa osatzen duten mankomunitate bakoitzeko ekintza-zonetan kokatutako 175 ikastetxe baino gehiagori. Edukien artean, honako hauek jorratuko dira: hondakinen sorrera prebenitzea, birziklapena, ekonomia zirkularra, berrerabilpena, materia organikoaren konpostajea eta kontsumo arduratsua.

Jarduerak Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat dira, eta, aurten, DBHko bigarren ziklora ere zabalduko dira. Tailerrak gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez eskainiko dira erabat doan. Berrikuntza gisa, programa helduengana ere eramango da, ingurumen-arloan sentsibilizatzeko funtsezkoak diren sektoreen bitartez; hots, familia eta udal-esparrua. Tailerrak eta informazio-hitzaldiak eskainiko zaizkie eteei, toki-elkarteei edo adinekoen egoitzei, beste batzuen artean, klima-aldaketaren, ekonomia zirkularraren eta abarren inguruan.

Eskaintza osatzeko, jardueren tailer birtual bat egingo da 6 eta 14 urte arteko ikasleentzat eta haien familientzat, gaztelaniaz, euskaraz nahiz ingelesez. Jolasak, azalpen-bideoak, informazio-artikuluak edo eskulanen fitxak erabiliko dira hondakinen kudeaketarekin eta ingurumenaren babesarekin zerikusia duten edukiak lantzeko.

Tailerrak eta jarduerak egin nahi dituzten ikastetxeek eta elkarteek beren eskaerak Hirusta bidez izapidetu ditzakete; hau da, hezkuntza-programa antolatzeko eta kudeatzeko sozietate esleipenduna.

Hondakinen Partzuergoa Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesioaren Departamentuaren bidez, eta, guztira, 15 mankomunitatek osatzen dute: Araxes Garaia, Baztango Udala, Bidausi, Bortziriak, Eska Salazar, Irati, Malerreka, Mairaga, Mendialdea, Jurramendi, Zangoza, Sakana, Goi Erribera, Erribera eta Izarbeibar.