2021ko irailaren 28a

Euskarabideak Euskararen bigarren Plan Estrategikoaren zirriborroa aurkeztu die Nafarroako Gobernuko departamentuei

Euskarabidearen Gobernu Kontseiluak Departamentuetako Planen egoera eman du ezagutzera 

Nafarroako Gobernuko departamentuek Euskararen bigarren Plan Estrategikoaren proiektua ezagutu dute gaur goizean Euskarabidearen Gobernu Kontseiluak eginiko bileran; bertan buru izan dira, Ana Ollo, Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria eta Mikel Arregi Euskarabideko zuzendaria. 

Proposamenaren abiapuntua Lehen Planaren eredu estrategikoa da, eta honako ardatz hauetan egituratuta dago: euskararen erabilera soziala; hiztun berriak; herritarrei euskarazko arreta emateko zerbitzu publikoak hobetzea, haien hizkuntza-eskubideak bermatuz; euskara sustatzeko gizarte-adostasuna indartzea; eta esparru sozioekonomikoan euskararen erabilera garatzea.

Berariazko helburuak 42 dira, eta guztira 201 proiektutan zehazten dira. Segimendua egiteko 30 adierazle identifikatu dira. Administrazio Publikoek hizkuntzak erabili eta garatzeko, beharrezkoa da departamentuen arteko lankidetza. Hori dela eta, haiek informazioa eman ondoren, ekarpenak egiteko epea irekitzen da garatzen dituzten eskumenekin zerikusia duten Planeko alderdietan.

Hizkuntza-planak

Bileran, halaber, Euskarabideako Gobernu Kontseiluari jakinarazi zaio, Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren 6. artikuluan ezarritako Departamentuetako Hizkuntza Planak onartu ondoren, ezarritako helburuak betetzeko urratsak ematen ari direla.

Helburu hauek ditu: departamentu bakoitzeko herritarren arretarako lehentasunezko unitateetan euskara-eskakizuna duten lanpostuen beharrak aztertzea, eta aholku-zerrenda bat egitea lehen erantzuna euskaraz edo telefonoz emateko.

Inprimakien eta web orrien azterketa ere egiten ari dira, herritarrei informazio idatzi elebiduna, digitala nahiz paperean, eskaintzeko eta euskarazko edukiak gehitzeko. Azkenik, egoitzetako errotulazioari buruzko azterlan bat ere egin da, ele bietan seinaleak osatzeko.