2021ko irailaren 23a

Nafarroa izango da ALERT mugaz gaindiko proiektuaren azken erronkaren eszenatokia eta larrialdiko simulakro bat hartuko du

Proiektu horren esparruan, zaintza-kamerak jarri dira Donejakue Bideko gune sentikorretan, erromesen bilaketa errazteko, galduz gero
Barneko zuzendari nagusia, Amparo López, proiektuaren mugaz gaindiko 
bazkideen ordezkariekin batera.
camera_alt Barneko zuzendari nagusia, Amparo López, proiektuaren mugaz gaindiko bazkideen ordezkariekin batera.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

ALERT larrialdiak kudeatzeko mugaz gaindiko proiektuak hura osatzen duten larrialdietako taldeen koordinazioaren lagin bat egingo du, simulakro batekin. Foru Erkidegoa izango da ordezkaritza horren agertokia, eta proiektuaren lau urteetan lortu duten koordinazioa eta trebetasuna erakustea du helburu, eragiketa aginte-postu beretik eginez.

Zehazki, Foru Gobernuak, Barne Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, simulakroan parte hartuko du, eta, era horretan, larrialdietako talde ezberdinak inplikatuko dituzten maniobrak burutuko ditu: Erreskate Teknikoko Taldea (ETT), Uretako Erreskate Taldea (UET) eta baso-lanetako, etxebizitzetako, trafiko-istripuetako edo merkantzia arriskutsuen iheseko suhiltzaileak.

Eszenaratzea urrian egingo dute, eta proiektuaren garapenean zehar hartu dituzten trebetasunak erakutsiko dituzte. Proiektuaren helburua da lurraldeko aktoreek aurre hartzeko eta erantzuna emateko duten gaitasuna hobetu nahi izatea edota larrialdietako deiak jasotzeko plataformak eta eskualde ezberdinetan esku hartzeko teknikak harmonizatzea.

Aste honetan, Zuzendaritza Batzordeak eta Batzorde Teknikoak bilerak egin dituzte, hurrenez hurren, eta proiektua sortu zenetik partekaturiko jarduerak eta ahaleginak errepasatu dituzte, lan hori islatuko den jarduera edo simulakroa zehaztearekin batera. Bilerak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jauregian egin dituzte, eta Nafarroako Gobernuko Barneko zuzendari nagusia den Amparo Lopezek parte hartu du.

Nafarroak bere gain hartutako ekintzak: basoetako suteak eta puntu sentikorrak

ALERT garatzerakoan, talde bakoitzak eskumen ezberdinak izan ditu. Nafarroak, esate baterako, mugaz gaindiko leku sentikorrak eta baso-suteak izateko arriskuak detektatzeko lana bere gain hartu du. Azken horiei dagokienez, basoko suteak itzaltzeko lanetan su teknikoa erabiltzeko jarraibideak deskribatzen dituzten dokumentuak egin dira.

Ingurune sentikorrei dagokienean, ‘Etare fitxak’ deiturikoak gauzatu dira; hau da, bertan, lekuak identifikatzen dira, dituzten arriskuekin batera, eta, ondoren, puntu horietarako larrialdi-plana egiten da. Adibidez, muga inguruan, Ibardin, Larun eta Dantxarinea bezalako salmenta-lekuak aipatzen dira, menditik gertu egoteagatik duten arriskugarritasunarengatik.

Zaintza-kamerak galdutako erromesak arakatzeko

Gainera, segurtasun-kamerak jarri dira Donejakue Bideko zenbait puntu konprometitutan; esate baterako, Izandorreko aterpetxean. Ingurunea leku gatazkatsua da desorientatzeko arriskuak medio, eta, beraz, bi zaintza-kamera jarri dira aterpetxean herritarren segurtasuna bermatzeko helburuarekin.

Gailuek irudiak erregistratzen dituzte mugimendua detektatzen dutenean; beraz, oso baliagarriak izan daitezke desagertutako pertsonak bilatzeko, miaketa-eremua bereizi eta mugatzeko.

Era berean, erromesek irudi horiek ikus ditzakete San Juan de Pied de Porteko Turismoaren web gunean, bertako baldintza meteorologikoak eta bidearen baldintzak ezagutzeko.

Eskualdeen arteko lankidetza FEDER funtsekin

Pirinioez gaindiko lurraldeak arrisku zehatz batzuk ditu ezaugarri orografikoak nahiz koiunturalak medio, erromesentzako pasabide komuna baita. ALERTen siglak, gaztelaniaz, Aurre hartu eta elkarrekin Borrokatu, Mugaz gaindiko Arriskuen kontra Espazio Komun batean esan nahi dute, eta proiektua behar horri erantzuna emateko asmoarekin sortu da.

Nafarroako Gobernuak, Pirinio Atlantikoetako Frantses Departamentuko suhiltzaileekin, Aragoiko Gobernuarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera, mugaz haraindiko ekimen horretan parte hartzen du, eta helburua da Pirinio osoan praktikak trukatzea sustatzea, arrisku naturalak eta giza jarduerarekin loturikoak dituen lurraldea izateagatik.

Europako eskualdeen arteko POCTEFA programa komunitarioaren barruan sartzen da; programa horren helburua da mugaz gaindiko lankidetza-sarea sortzea eta antolatzea, arriskuak eta elkarri laguntzeko misioak elkarren artean kudeatzeko larrialdi, erreskate eta hondamendi egoeretan. 3,399 milioi euroko aurrekontua du, eta horren %65, hots, 2,209 milioi euro, Europar Batasunaren FEDER Funtsen bidez finantzatzen da.