2021ko irailaren 6a

Nafarroako ikastetxe guztiek eskolaz kanpoko jarduerak eskainiko dituzte urriaren 4tik aurrera, goizeko lanaldi jarraituaren ondoren

Hezkuntza Departamentuak 2020-2021 ikasturterako ezarritako ratio berak eta COVID-19aren aurkako prebentzio-errefortzu guztiak mantenduko ditu 2021-22 ikasturterako
videocam Todos los centros educativos ofertarán a partir del 4 de octubre actividades extraescolares collections Irudi galeria

Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak gaur iragarri duenez, Foru Komunitateko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztiek  eskolaz kanpoko jarduerak eskainiko dituzte  urriaren 4tik aurrera, astean lau egunetan, eta 2021-2022 ikasturterako aurrez aurreko hezkuntza-jarduera garatzeko protokoloan jasotako prebentzio-neurri guztiak mantenduko dituzte.

Modu horretan, hezkuntza-sare publikoak eta itunduak lanaldi jarraituarekin hasiko dira irailean, eta ordutegia horrela antolatuta, eszenatoki malguagoa izango dute aurrean, adingabeen garapen emozionala hobetuaz, jarduera horiek beren borondatez aprobetxatu nahi dituzten familien kontziliazioa erraztuaz eta Foru Komunitatearen suspertze ekonomikoa lagunduaz.

Hezkuntza-kontseilariak adierazi du eskolaz kanpoko jardueren eskaintza egiteko erabakia “zuhurtziaz” hartutako neurria dela, eta egungo egoera epidemiologikoaren balorazioari erantzuten diola. Izan ere, kutsatzeko joera gero eta txikiagoa da, eta 12 eta 19 urte arteko ikasleen txertaketa-maila bizia da (egun, adin horretako ikasleen %41ak txertaketa osoa du, eta %74ak gutxienez dosi bat jaso du). Neurria osasun-agintarien bermearekin hartu dute, Foru Komunitateko osasun- eta gizarte-arloko testuinguruaren bilakaera aztertu ondoren.

Oro har, eskolaz kanpoko jarduerak astean lau arratsaldetan egingo dira, irakasleen eskutik, eta laurogeita hamar minutukoak izango dira, 45 minutuko bi alditan banatuta. Gehienez, 17:00etan amaituko dira.

Gimeno kontseilariak gogorarazi du ikasturtea goizez lanaldi jarraituarekin hasteko erabakia Hezkuntza Departamentuak hartu zuela, eta ikastetxe guztiei jakinarazi ziela pasa den maiatzean. Erabakia erantzukizun eta zuhurtziaren irizpidearen arabera hartu zuten, pandemiaren bilakaera zalantzagarria ikusita. COVID-19aren “bosgarren olatua” izan dugu uda honetan, eta horren eraginak erakutsi du Departamentuak asmatu egin duela egindako aurreikuspenean, Gimenok gehitutakoaren arabera. Pandemiaren ondorio aldakorrek, hala ere, hainbat egoera aurreikustera behartzen zuten, eta horrela jaso zen Protokoloan; ondorioz, hezkuntza-antolamendua bi une zehatzetan egokitzeko aukera jaso zen, hots, urrian eta urtarrilean.

Pandemiari eutsi egin zaio txertaketa-erritmo bizia eta prebentzioaren eta higienearen arloan osasun-neurriak mantentzearen ondorioz. Horrela, Nafarroako Gobernuak erabaki du normaltasun berritik hurbilago dagoen hezkuntza-antolaketa batera igarotzea pixkanaka-pixkanaka eta eskolaz kanpoko jardueren eskaintza egitea Nafarroako sare publiko eta itunduetako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztietan.

Jangela-zerbitzua

Gimeno kontseilariak adierazi du eskolako jangela-zerbitzuak gero eta ikasle gehiagok erabiltzea aurreikusten dela. Modu horretan, gogorarazi du “bere horretan mantenduko direla iazko ikasturtean eskolako jangela-jarduerarako ezarritako prebentzio- eta higiene-neurri guztiak; hots, higiene pertsonala, segurtasun-distantziak, harremanak mugatzea, garbitasuna edo aireztapena”.

Egon daitekeen jangela-eskaria artatu ahal izateko, jangelako espazioez gain, horretarako prestatutako beste espazio batzuk ere erabili ahal izango dituzte ikastetxeek, baita ikasgelak ere, hezkuntza-jarduera presentziala antolatzeko protokoloan jasotako prebentzio- eta segurtasun-neurriak bermatuta. Modu horretan, iazko antolaketako alderdi guztiak bere horretan mantenduko dira, bizikidetzako talde egonkorrak mantentzea, sektore blokeagarrien sistema edo ikastetxe bakoitzeko sarrera-irteera mailakatuak barne.

Hezkuntza-kontseilariarekin batera izan da Hezkuntzako zuzendari nagusi Gil Sevillano ikasturtearen hasierako neurrien aurkezpenean. Horrela, baita ere azpimarratu du lanaldi jarraituaren modalitateak, eskolaz kanpoko jarduera eta guzti, erantzun azkarra emateko aukera eskaintzen duela ikasturtearen hasierako datuek kutsatze-maila handia erakusten badute. Osasun eta Hezkuntzako departamentuek zorrotz ikuskatuko dute ikasturtearen hasiera, hezkuntza-sistemako jantokiko eta eskolaz kanpoko jarduerak behar bezala garatzen ari direla egiaztatzeko.

Ikasturtea zifratan

Hezkuntza Departamentuak COVID-19aren aurrean 2020-2021 ikasturterako ezarritako ratio berak eta prebentzio-indar guztiak mantenduko ditu 2021-2022 ikasturterako; horrela, egungo aurreikuspenen arabera, 248 irakasle baliokide beharko dira: Haur eta Lehen Hezkuntzako 213 irakasle eta Bigarren Hezkuntzako 35 irakasle.

2021-2022 ikasturtea guztira 107.924 ikaslek hasiko dute, eta horietatik %65,1 sare publikoko ikastetxeetakoak izango dira. 70.226 ikasle ikastetxe publikoetan matrikulatu dira eta 37.698 ikasle itundutako ikastetxe pribatuetan.

Hiru urteko 5.425 ikasle berriren artean, 3.388 sare publikoan hasiko dira eta 2.037 itunduan. 3.809 A eta G hizkuntza-ereduetan eta 1.616 bi sareetako B eta D ereduetan.

Hezkuntza-etapei dagokienez, Haur Hezkuntzan 17.676 ikasle egongo dira (11.239 ikastetxe publikoetan eta 6.437 itundutako ikastetxeetan); Lehen Hezkuntzan 42.093 ikasle matrikulatu dira, 27.764 ikastetxe publikoetan eta 14.329 itunduetan; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) 28.661 ikasle daude (17.670 ikastetxe publikoetan eta 10.991 itundutako ikastetxeetan); Batxilergoan, berriz, 8.933 ikasle matrikulatu dira (5.359 ikastetxe publikoetan eta 3.574 itunduetan).

Hizkuntza-ereduen arabera, A eta G ereduetan guztira 82.152 matrikula egin dira; B eta D ereduetan, aldiz, 26.635. Gainera, Nafarroako hezkuntza-sistemako 35.874 ikaslek ingelesa ikasteko programan (IIP) ikasketak egingo dituzte; horietatik 33.629 A eta G ereduetan matrikulatuta daude eta 2.245 B eta D ereduetan.

Lanbide Heziketari dagokionez, 13.800 ikasle baino gehiagok hasiko dute ikasturtea formatu ezberdinetan: presentziala (11.982), erdi-presentziala (218) eta on line (1.650); okupazio-maila %100 ingurukoa izango da. Mailen arabera, Oinarrizko LHk %10 osatzen du gutxi gorabehera, Erdi Mailako Graduko zikloek %40 eta Goi Mailako Gradukoek %50. Plazen %23 Iruñetik eta Iruñerritik kanpo daude, biztanleriari dagokiona baino ehuneko handiagoa, eta horrek lurralde-kohesioa indartzen du. LHn, Nafarroan 24 ikasketa-talde gehiago eskainiko dira datorren ikasturtean. Gainera, 139 titulazio ezberdin izango ditu.

Nabarmendu behar da Nafarroan Lanbide Heziketaren eskaintza akademikoa zabala eta anitza dela, orekatua lurraldearen aldetik, zikloen eraldaketa digitalari zuzenduta, eta Graduondoko prestakuntzak sartu direla espezializazio-ikastaroekin eta eskaintza elebidunekin (Foru Komunitateak bat egin du LHko irakaskuntzetan ingelesa sartzeko ahaleginarekin, EBko herrialdeen ereduari jarraiki, eta frantsesa ere sartu da Frantziarekin muga egiten duen ikastetxe batean emandako zikloren batean). Halaber, eskaintza areagotu da Erdi Mailako Graduko zikloetan, eta ez da ahaztu behar helduei begira on line egiten den eskaintza, eta, berrikuntza gisa, eskaintza modularra ere. Nafarroan lanbide-heziketa egingo duten ikasle guztiek formatu Dualean egin dezakete.

Lanbide-heziketako ikasketa guztiek dituzten pizgarriak jasotzerakoan, Hezkuntza Departamentuak LHko ikasketak eta unibertsitate-ikasketak lotzen dituzten ibilbide berrien diseinu berria ere gogorarazi du; hau da, 2+3 deitzen dena (LHko 2 maila eta Unibertsitate Graduko 3 maila), Finantzen Administrazioko Goi Mailako Graduko ziklorako eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Unibertsitate Gradurako. Espezializazio-ikastaroei dagokienez, LHko “masterrak” deitzen direnak ere eskaintzen dira Nafarroan, eta LHko titulatuentzat dira.

Nabarmentzekoa da Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen sarean “ATECA” izeneko ikasgelak sartu direla; hau da, teknologia digital aurreratuarekin ekipatuak, eta, baita ere, “ekintzailetzarako” ikasgelak ezarri direla, ekintzailetzako gaitasunak garatzeko metodologia aktiboekin lan eginez.

Azpiegitura berriak

Departamentuaren Hezkuntza Azpiegituren Zerbitzuak hainbat berrikuntza ditu ikasturtea hasteko; esate baterako, Sarriguren BHI handitzea, abenduan Agoitzeko institutu berria entregatzea, Iturrama BHI handitzea eta Castejongo Maiatzak 2 ikastetxe publikoa handitzea, irailean Murchanteko Mardones eta Magaña ikastetxe publikoa handitzeko lanak entregatzea eta Barañaingo Alaitz BHIren handitzea abian jartzea.

Horrez gain, jada hasi dira Zudaireko Ameskoak ikastetxe publikoa birgaitzeko lanak (2021eko abuztuan hasi ziren, eta 12 hilabeteko epea dute gauzatzeko); Lezkairuko IP berria eraikitzen ari dira (2021eko ekainean hasi ziren, eta 18 hilabeteko epea dute gauzatzeko); Tafallako Marques de la Real Defensa IP handitzeko lanak 2021eko irailean hastea aurreikusten da, aurtengo abenduan amaitzeko); eta Andres Muñoz Garde HBIP handitzeko eta birmoldatzeko lanak 2021. urtea amaitu aurretik hastea aurreikusten da.

Gainera, hiru ikastetxetako estaliak egiteko obrak burutzen ari dira Leitzako Amazabal BHIn, Berako Toki Ona BHIn eta Agoitzeko DBHIn. Guztiak urtea amaitu aurretik egingo dira.

Azkenik, arkitekturako proiektuak idazten ari dira Sesmako Virgen de Nievas IP berrirako, Fiteroko Juan de Palafox IP handitzeko eta Sarrigurengo Institutuko 2. Faserako. Era berean, obra txiki ugari gauzatzen ari dira; hala nola, LHko ATECA ikasgelak egokitzeko lanak edo zenbait estalki berritzeko lanak. Abian diren azpiegitura-lan guztien aurrekontu orokorra 18 milioi eurotik gorakoa da.

Gogoratu behar da Nafarroako hezkuntza-sare publikoko Lehen Hezkuntzako 4. mailatik Batxilergoko 2. mailara bitarteko ikasle guztiek badutela dagoeneko gailu informatiko bat (chromebook, tabletak edo ordenagailu eramangarriak), eta 31.000 baino gehiago Hezkuntza Departamentuak erosi dituela. Horiei konektibitatea duten beste 3.150 ordenagailu gehitu behar zaizkie, eta 2021-2022 ikasturte honen hasieran banatuko dira, Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioak bultzaturiko Educa en Digital programaren baitan (Nafarroak bat egin zuen programarekin).