2021ko abuztuaren 31a

Baztango Mendiola auzoak N-121-A errepiderako sarbide berri bat izango du

Nafarroako Gobernuak eta Baztango Udalak hautatutako irtenbidearen xehetasunak jorratu dituzte, ikuspegi teknikotik, ingurumenekotik eta ekonomikotik onena delakoan
Ciriza kontseilaria, Pedro Lopez Herri-Lanen eta Azpiegituren  zuzendari 
nagusia, Joseba Otondo Baztango alkatea eta Florentino Goñi Herri Lanetako 
zinegotzia Mendiola auzora egin berri duten bisitan.
Ciriza kontseilaria, Pedro Lopez Herri-Lanen eta Azpiegituren  zuzendari nagusia, Joseba Otondo Baztango alkatea eta Florentino Goñi Herri Lanetako zinegotzia Mendiola auzora egin berri duten bisitan.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Baztango Mendiola auzoak N-121-A errepiderako zuzeneko sarbide berria izango du. Lotune berriak sarrera eta irteera izango ditu, eta Almandozeko tunelaren hegoaldeko ahoan kokatuko da.

Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren bitartez, eta Baztango Udalak bilera bat egin dute aukeratutako irtenbidearen inguruko xehetasunak aztertzeko. Hainbat aukera aztertu ondoren, talde teknikoek ondorioztatu dute Almandozeko hegoaldeko ahoko lotura aukerarik onena dela ikuspuntu teknikotik, ingurumenetik eta ekonomikotik. Baita bideko segurtasuna bermatzen duela ere.

Lurralde Kohesiorako Departamentuak aintzat hartu ditu Baztango Udalak eta Almandozeko herriak Belateko eta Almandozeko tunelak bikoizteko proiektuari egindako alegazioak.

Belateko eta Almandozeko tunelen bikoizketa

Gogoratu behar da 2019ko urrian Nafarroako Gobernuak tunel horiek bikoiztea erabaki zuela, bi arrazoirengatik: batetik, segurtasuna areagotzeko; bestetik, Europa Barneko Errepide Sareko tuneletarako gutxieneko segurtasun-baldintzei buruzko 2004/54/EE Zuzentaraua betetzeko. "Ahalik eta aukera teknikorik onena eta behin betiko irtenbidea" zela iritzi zioten.

Bikoizteko trazadura berriak 7,6 kilometroko luzera izango du, eta lehendik dagoenaren ondoan egongo da, ardatzen artean bananduta, 30 eta 100 metro arteko tunel-zatietan. Egungo bidearen ezkerraldean jarriko da. 27+040 kilometro-puntuan hasiko da eta 5 zati izango ditu: Belateko tunelaren aurreko aire zabaleko tartea; Belateko tunela; tunelen arteko aire zabaleko zatia; Almandozeko tunela; eta Almandozeko tunelaren osteko aire zabaleko zatia.

Aurreikusitako egutegiaren arabera, lanak 2022tik aurrera hasiko lirateke, eta kalkuluen arabera, 2024aren amaierarako edo 2025aren hasierarako, Europa Barneko Sareko 500 metrotik gorako tunel guztiak, Nafarroako Errepide Sarekoak, zuzentarauaren segurtasun-baldintzetara erabat egokituta egon litezke.