Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak eta Artzapezpikutzak hitzarmen berria zinpetu dute, Elizak bere jabetzako etxebizitzak lagatzeko alokairu publikoan erabiltzeko
2021ko abuztuaren 30a
Nafarroako Gobernuak eta Artzapezpikutzak hitzarmen berria zinpetu dute, Elizak bere jabetzako etxebizitzak lagatzeko alokairu publikoan erabiltzeko
José Mª Aierdi Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Etxebizitzako titularrak eta Francisco Pérez Iruñeko eta Tuterako artzapezpikuak hitzarmen berri bat sinatu dute gaur Nafarroako hiriburuko Gotzain Jauregian. Hitzarmen horren arabera, Eliza katolikoak egun erabiltzen ez diren etxebizitzak lagako ditu, Nasuvinsa sozietate publikoaren bidez alokatu ahal izateko.
Hala, alokairuko etxebizitzen parke publikoaren eskaintza handitu egin daiteke gaur egun hutsik dauden etxebizitzak aprobetxatuz, eta, bestalde, Iruñeko eta Tuterako artzapezpikutzak Foru Gobernuaren laguntza jaso du ondarea birgaitzeko –Nasuvinsak egingo ditu jarduera horiek, baina erakunde jabearen kontura izango dira, jasotzen dituen alokairu-errentetatik kenduz gero–, eta etxebizitza errentan hartzeko dagoen gizarte-eskariaren aurrean balioa emateko.
Horrela, Nasuvinsak bere etxebizitza-eskaintza indartuko du Alokairu Poltsaren programan, artxidiozesiak lagatako pisuak erabilita. Hasiera batean, 13 etxebizitza gaituko dira gutxienez zazpi urte eta erdiko lagapen-aldian errentamendu babesturako. Hala ere, Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko eta Tuterako Artxidiozesien arteko lankidetza-esparru horren ondorioz, parke hori handitu ahal izango da hurrengo lagapenetan.
Lagatako etxebizitzak Iruñean, Tuteran, Lizarran, Orkoienen, Ihaben, Arrizabalagan, Bargotan eta Undion daude, Aierdi lehendakariordeak eta Francisco Pérez apezpikuak gaur Gotzainen Jauregian sinatutako lankidetza-hitzarmenean zehaztutakoaren arabera. Zinadura ekitaldian izan dira Eneko Larrarte, Etxebizitzako zuzendari nagusia eta Carlos Esteban Ayerra, ekonomoa.
13 etxebizitzak Gobernuaren Alokairu Burtsak gaur egun partikularrenak diren 804 etxebizitzei gehituko zaizkie. Nasuvinsak etxebizitza babestuen eskatzaileen erroldaren bidez kudeatzen ditu, errentamendu-erregimeneko eta prezio eskuragarrietako gizarte-eskari gero eta handiagoari erantzuteko. Etxebizitza horiek alokatzeko lagatako etxebizitzen kopurua nabarmen hazi da, 2016. urtean onartutako pizgarri-neurrietatik aurrera, orduan programari atxikitako 475 etxebizitzetatik gaur egungo 804 etxebizitzetara igaro baita, eta bost urtean %70eko igoera izan du.
Jarraitu beharreko adibidea
Aierdi lehendkariordeak eskerrak eman dizkio Artxidiozesiari laguntzeagatik, eta eredutzat jo du erabilerarik gabe etxeak onura soziala sortzeko laga izana; horrez gain, alokairuaren bidez errentagarritasun ekonomikoa lortuz.
Aierdik azpimarratu duenez, “Alokairu Poltsaren programa garrantzitsua da, Foru Gobernuak hiri finkatuan etxebizitza hutsak mobilizatzeko eta etxebizitza duina eskuratzeko eskubidea gauzatzeko duen tresna gisa”.
“2015etik aurrera, hiru jarduera-ildotan jarri dugu arreta: alokairu-burtsan, erabiltzen ez den etxebizitza berreskuratzeko, birgaitze-politika bultzatzeko eta, Nasuvinsaren bidez, azken lau urteetan alokairu sozialerako babes ofizialeko 524 etxebizitza (BOE) eraikitzea sustatzeko; horiei beste hainbeste gehituko zaizkie etorkizunean, milioia gainditu arte”, esan du Aierdi lehendakariordeak.
114.000 euroko erreforma-lanak
Gaur sinatutako hitzarmenaren bidez, Iruñeko eta Tutera Artxidiozesiak espresuki baimena ematen dio Nasuvinsari lagatako etxebizitza guztietan beharrezko egokitze-lanak egiteko, indarrean dagoen araudiak eskatzen dituen gutxieneko bizigarritasun-baldintzak betetzen dituztela bermatzeko. Baldintza hori etxebizitza erabiliaren alokairu-poltsan sartu aurretik bete behar da.
Lankidetza hitzarmenaren eranskin gisa, Nasuvinsak etxebizitza bakoitzean egokitze lanak egiteko prestatutako aurrekontua erantsi da. Aurrekontua 114.200 eurokoa da guztira.
Hitzarmenean zehazten da Nasuvinsa jabearen kontura hasiko dela berritze horiek egiten, etxebizitzek Alokairu Poltsari atxikitzeko behar diren bizigarritasun baldintzak bete ditzaten. Ildo horretatik, beharrezkoa da Iruñeko eta Tuterako Artxidiozesiak Nasuvinsak egindako obren zenbatekoa likidatzea obra horiek amaitzen direnean, edo sozietate publikoak ordaindu beharreko hileko errentetatik deskontatuko zaiola.
Berrikuntzak bi fasetan eginen dira. Lehenengoan zortzi etxebizitza sartzen dira, guztira 41.800 euroko kostuarekin, eta horien aurrekontuak Artxidiozesiak onartu ditu. Hurrengo fasean, jabetzak oraindik baimendu gabe, gainerako 5 etxebizitzak egokituko dira, 72.400 euroko inbertsioarekin.
Errolda bakarraren bidezko esleipena
Alokairu Sozialeko Poltsako etxebizitzak Nasuvinsak kudeatzen duen Eskatzaileen Errolda Bakarraren bidez esleitzen dira. Bertan, Foru Komunitatean etxebizitza babestu bat eskuratu nahi duten pertsona guztiek izena eman behar dute.
Inskripzio bakarrarekin, eskatzaileak etxebizitza babestu guztiak eskuratu ahal izango ditu, bai erosteko bai alokatzeko. Izen-ematea telematikoki egin daiteke, www.viviendada.navarra.es edo www.nasuvinsa.es webguneen bidez, edo aurrez aurre, Nasuvinsaren bulegoetan.