2021ko abuztuaren 17a

Jendaurrean da jada Jurramendiko Paisaia Bereziaren Multzoko Plana

Toki entitate eta eragileek eta, oro har, herritarrek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte urriaren 20ra arte
Montejurrako paisaia. Argazkia: Bakartxo Aniz Aldasoro.
Montejurrako paisaia. Argazkia: Bakartxo Aniz Aldasoro.   Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak gaur argitaratu du Nafarroako Aldizkari Ofizialean Jurramendiko Paisaia Bereziaren Multzoko Planaren hasierako onespena. Horrela, jendaurrean jarri da, eta entitateek, toki eragileek zein, oro har, herritarrek alegazioak aurkez ditzatekete. Horretarako epea urriaren 20an bukatuko da.

Jurramendiko Paisaia Bereziaren Multzoko Plana, paisaiari buruzko ikuspegi dinamikoa eta soziala ematen duen dokumentua da, eremu horretako jarduerak eta erabilerak hirigintzaren ikuspegitik arautzeko. Horren helburua da inguruaren kalitate eszenikoa babestea, eremu degradatuak lehengoratzea eta zona inguruko herrien arteko loturaren eskualdeko ikur gisa sustatzea.

Plana Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen Departamentuak eta Lizarraldeko 11 herrik Aberin, Arellano, Aiegi, Deikaztelu, Lizarra, Iguzkitza, Lukin, Morentin, Villamayor de Monjardin, Arroniz eta Barbarinek zinpetutako lankidetza-hitzarmen baten bidez garatu da, 2017an hasita.

Interesa duen pertsona orok parte hartu ahal izango du planaren garapenean, iradokizunak, ekarpenak, aldaketa proposamenak eta abar aurkeztuz. Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez. Laguntza behar izanez gero, aipatu herrietako Udalera edo Erregistro Arloko Laguntza Bulegoetara ere jo daiteke.

Multzoko Plana udal hirigintza planeamenduko tresna bat da, paisaia berezia mugatzen duena, hirigintzako erregulazio bereizia duten eremuak identifikatzen dituena, eta jarduerak eta erabilerak ezartzeko baldintzak ezartzen dituena, bai eta proiektuak paisaian egoki txertatzeko baldintzak ere.

Dibulgazio-ekintzak

Jendaurreko aldian, zabalkunde ekintzak eginen dira Jurramendiko balioak ezagutzeko eta dokumentazioaren ezagutza eta alegazioak aurkezteko aukera errazteko. Horretarako, triptiko bat (esteka) egin da paperean eta euskarri digitalean, bideo bat argitaratu da (esteka) eta udal bakoitzean planaren sarbidea erraztuko da paperean.

Gainera, irailean bi jardunaldi/ibilaldi tekniko eta dibulgatzaile egitea aurreikusten da, betiere osasun pandemiaren ondoriozko egoera kontuan hartuta.

Informazio osoa Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiko Paisaiaren Ataritik deskarga daiteke.

Identitate-ikurra

Montejurra Estellerria osorako nortasun-ikurra da. Paisaia-mugarria da, eta inguruko bizilagunentzako nortasun-ikurra. Herrien eta Jurramendiaren arteko loturaren ondorioz, inguruko udalerriek Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen Departamentuaren eta toki-erakundeen arteko lankidetza proposatzeko ekimena hartu zuten, paisaia hori babestu, kudeatu eta antolatzeko elkarrekin aurrera egiteko.

Jendaurreko epea bukaturik, eta erakundeen erabakiak jaso ondoren, alegazioen berri emanen da eta behin betiko onespenaren tramitea eginen da.