2021ko abuztuaren 13a

Kulturak 27 toki entitateei laguntzak emango dizkie ondare dokumentala hobetzeko

60.000 euro bideratuko dira berezko artxibo sistema izateko, funtsak digitalizatzeko eta balio historikoa duten dokumentuak birgaitzeko

Kulturak 60.000 euro bideratuko ditu 2021ean, berezko artxiboa sortu edo finkatzeko diru-laguntza jasoko duten 27 tokiko entitateren artean. Guztiak, 15.000 biztanle baino gutxiagoko herriak dira. Hala ebatzi du Nafarroako Gobernuko Kulturako Zuzendaritza Nagusiak – Vianako Printzea Instituzioak.

2017an ezarritako diru-laguntza lerro honen bitartez herri eta tokiko agenteei babesa emateko apustua gauzatzen da. Hori bi arlotan zehaztu da: batetik, berezko artxibo sistema sortzeko aukera emanez, eta, bestetik, toki entitatearen artxibo sistemaren baitan zerbitzu hori izateko edo finkatzeko programak gauzatzea.

Ekimen honekin Nafarroako tokiko entitateei laguntza eknomikoa ematen zaie artxibo finkoak eta eraginkorrak izan ditzaten. Horrela, ziurtatzen da horietako bakoitzak ondare dokumentalaren gainean duen erantzukizuna behar bezala erabiliko dela, ekainaren 10eko 50/2016 Foru Aginduan jasotako jarraibideen arabera. Arau honek Nafarroako toki entitateen artxiboak antolatu eta kudeatzeko jarraibideak onesten ditu, 15.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrietan.

Diruz-lagunduko diren programen artean honakoak jasotzen dira: funts dokumentalen antolaketa eta berrantolaketa; artxibo-zerbitzu propioak edo mankomunatuak mantentzea eta erabiltzaileei arreta ematea; inbentario edo katalogo informatizatuak sortu, eguneratu edo hobetzea; dokumentuak deskribatzeko eta sailkatzeko tresnak egokitzea; dokumentuen ebaluaziorako azterlanak; dokumentuak zaharberritzea; kultura zabaltzeko jarduerak, eta artxibo-dokumentuak digitalizatzea, jatorrizkoak gordetzeko.

Onuradunak

Honakoak dira diru-laguntza jasoko dutenak: Etxauriko Udala, Ziritzako Udala, Leotzeko Udala, Legardako Udala, Villa de Muruzabaleko Udala, Ugarreko Kontzejua, Abartzuzako Udala, Lezaungo Udala, Lesakako Udala, Beraskoaineko Udala, Eneritzeko Udala, Arantzako Udala, Eloko Udala, Ibargoitiko Bailarako Udala, Metauteneko Udala, Liedenako Udala, Bigezabaleko Kontzejua, Garisoaineko Kontzejua, Iguzkitzako Udala, Lukineko Udala, Barbaringo Udala, Villamayor de Monjardingo Udala, Aberingo Udala eta Arellanoko Udala.

2021eko deialdia bosgarren deialdia da, dirulaguntzen programa hau berreskuratzen denetik hasita, Nafarroako toki entitateen dokumentu eta artxiboak kudeatzeko araudia finkatu ondoren. Aurten emandako 27 diru-laguntzekin, hasieratik 155 toki entitatek jaso dute laguntza programa hau.