2021ko abuztuaren 5a

34 herrik bat egin dute Lurralde Kohesioak eta mankomunitateek azoka txikietan hondakinak murrizteko sustatutako kanpainarekin

Ekimena Funesen aurkeztu da, poltsa berrerabilgarrien banaketarekin eta kontzientziatzeko beste ekintza batzuekin batera.
Udal azoketan hondakinak murrizteko kanpaina Funesen aurkeztu dute.
camera_alt Udal azoketan hondakinak murrizteko kanpaina Funesen aurkeztu dute.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Nafarroako 34 herrik kontzientziazio kanpaina batean parte hartuko dute, udal merkatu eta azokek sortzen duten hondakin kopurua murrizteko. Besteak beste, "Hondakinik onena sortzen ez dena" leloa duten 4.000 poltsa berrerabilgarri banatuko dituzte erosleen artean.

Ekimena Lurralde Kohesiorako Departamentuak eta Nafarroako 15 mankomunitatek sustatu dute Hondakinen Kontsortzioaren bitartez, eta hasiera ostegun honetan eman zaio Funesko udal azoka txikian; bertan, poltsak banatzeaz gain, arazo horren inguruan kontzientzia hartzeko antzerki-emanaldi bat egin dute. Lehen ekintzan, Nafarroako Hondakinen Kontsortzioko kudeatzaile Fernando Mendozak, Funesko Udaleko hainbat zinegotzik eta Goi Erriberako Mankomunitateko presidente Belen Cerdanek parte hartu dute.

Kanpainaren helburua bikoitza da: alde batetik, postu ezberdinetako saltzaileek hondakinak behar bezala bereiztea eta herriko edukiontzi ezberdinetan uztea lortzea. Horretarako, abuztuan zehar, 480 salmenta-puntu baino gehiago bisitatuko dira, eta azoka txiki bakoitzean, mankomunitate bakoitzeko bereizte-mota eta egiten diren bilketak zehaztuko dira.

Bestetik, erabiltzaileengana zuzentzea, haien kontsumo-ohituren barnean prebentzioaren kontzientzia bultzatzearren. Horretarako, hondakinak ez sortzearen aurreko tresnak eskainiko dira; hala nola, barazkientzako sare-poltsak erabiltzea, erosketa-orga erabiltzea, eguneroko hamaiketarako bokatoiak, tupperra edo ontziratu gabeko erosketa eta gertukoa egitea.

Hondakinak %12 gutxiago sortzea

Hondakinen prebentzioa lantzea da Nafarroako Hondakinen Planeko helburu nagusietako bat. Zehatzago, helburua izango da 2027rako hondakinak %12 gutxiago sortzea lortzea. Bestetik, ekonomia zirkularra bultzatzeari dagokionean, etxeko eta merkataritzako hondakinen %65 gaika biltzea nahi da 2027. urteari begira.

Kanpainak azoka txikietan eragina izatea nahi du, kontsumorako eta hondakinak sortzeko guneak izateagatik eta horietan ia kanpaina espezifikorik egin ez izanagatik. Gainera, nabarmen eragiten diete azokak egiten diren herriei, askotan gune horietan sortzen den hondakin-motarengatik (ontziak, ontzitxoak, materia organiko ugari edo kartoizko kaxa handiak, e.a.).

Zein herritan garatuko da kanpaina

Kanpaina abuztuan zehar egingo da ondorengo herrietan: Azagra, Martzilla, Azkoien, Faltzes, Cadreita, Funes, Milagro, San Adrian, Villafranca, Zirauki, Larraga, Berbintzana, Mendigorria, Miranda Arga, Artaxoa, Gares, Obanos, Erriberri, Tafalla, Zarrakaztelu, Caparroso, Sartaguda, Los Arcos, Lodosa, Arroitz, Viana, Andosilla, Sesma, Cárcar, Allo, Mendabia, Lerin, Doneztebe eta Leitza.